Irulegiko Eskua, 2.000 urte baino antzinakotasun handiagoarekin, aurrekaririk gabeko pizgarria gertatzen ari da Euskal Herriaren kontzientzia nazionalean. Haren inpaktuak, euskal herritarrak hain indartsu eta emotiboki interpelatuak sentitzeko, aurkikuntza horren atzean benetan zer dagoen pentsatzera gonbidatzen gaitu.
Ez da albiste huts bat, jazoera bat, epe laburrean iragankorra; baizik gertakizun bat, gure identitatearen mamitzean oinarrizkoa.
Gertakizuna irismen unibertsaleko (nazioarteko hedapena duten aldizkari zientifikoek aipatu egiten dute) sorkuntza singular oro da (bakana), beti toki zehatz batean sortzen dena (gure kasuan Nafarroan).
Identitate oro imajinario batek (irudi baloratuak) eta sinboliko batek (zeinu-kontzeptu artikulatu eta partekatuak) osatzen dute. Kasu honetan, eskua xafla moduan eta bertan irarritako zeinuak.
Zer harreman dago identitatearen eta gertakizunaren artean? Identitate oro errealak, gertakizunak (berriaren sortzaile dena) osatzen du. Zein eremutan agertzen dira gertakizunak? Zientzian, artean, politikan eta maitasunean. Irulegi deituriko gertakizuna eremu sinboliko-artistikoan kokatzen dugu.
Identitate oro dinamikoa ala estatikoa da. Identitate estatikoak lehenaldiko gertakarietan du oinarria. Gertakizun berrien sorkuntzarekin bihurtzen da identitatea dinamiko, biziberrituz.
Gertakizunak gure imajinario eta sinboliko zaharrak hausten dituenez, hasieran, halako arbuio bat eragiten du gugan; baina, aldi berean, gure subjektibitateak argitzen ditu. Horregatik kokatzen du pertsona bakoitza Euskal Herriaren errealitate soziopolitikoan: identitate euskaldunean ala espainiarrean.
Aurkikuntza publiko egin zenez geroztik, balizko baskismoaren azpian ezkutaturik zeuden identitate espainiarrak azaleratu ditu Irulegik. Pirinioen alde bietan kobazuloetan bizi ziren euskaldunek gurearen antzeko sinboliko bat (prozesu kreatibo-artistiko guztietan erabiltzen den hizkuntza eta idazkuntza) eta imajinario bat (margoketa gaitasun artistikoa bezala arte errupestrean), euskararen jatorriaren oinarria, edukitzeko gaitasuna ukatzen dutenak, iberismoz blai, aipatzen ari gara. Oteizak bere terminologiarekin zioen ezen gure arbasoak margotzeko gai baziren, euskaraz mintzo zirelako zela. Eta hitz egiten bazuten, idatzi ere egiten zuten.
Ezin dugu ahaztu gure identitate- eta pertenentzia-sentimenduak nolabait ukituta geratu zirela Iruña-Veleiaren balizko iruzurrarekin. Irulegiren agertzeak bere indar osoz berreguneratu eta identitate espainiarraren aldeko maniobra difamatorio oro deuseztatzen ditu.
Izan ere, gertakizun orok denbora zatitu eta aurreko bat eta ondorengo bat markatzen ditu gertatzen diren eremu bakoitzean. Horregatik esan dezakegu Euskal Herrian Irulegi aurreko bat eta ondorengo bat dagoela, eta egongo dela.
Berria