Aurten Nafarroako kudeaketa kulturalean izan den eskandalurik handienak ez du prentsan inolako oihartzunik izan eta, antza denez, gai honen inguruan oposizioko alderdiak ilargian daude. Agian datak zerikusi handia izan du ekainaren 20a, baina kontua da inoiz Nafarroako Gobernuak kulturan egin duen ekintza gaitzesgarri bat hain oharkabekoa izan dela. Iratxeko monasterioa, Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnografikoaren egoitza, Paradore Nazional bihurtuko da.
Erdi Aroan monasterioaren ondareak loraldiak eta garai ilunak izan zituen, eta Nafarroako garrantzitsuena izatera ailegatu zen, Leire eta Orreagakoaren ondoren. Aro Modernoan berpizkunde berezia izan zuen, Iratxe Valladolideko San Benitoren kongregaziora atxiki baitzen (1522). Garai berrian klaustro plateresko ederra eraiki zen, eta 1544an eskola bat eraiki ere, geroxeago Unibertsitate bihurtuko zena. XVIII. mendea arte Iratxek pribilegio aunitz izan zituen, baina beneditarren monasterio guztiak bezala, 1809, 1820 eta 1836. urteetan lagunartea desegin zenean, desagertu zen. Eraikina, karlistaldietan, ospitalea izan zen, eta elizaren ondare liturgikoa hainbat parrokiatatik sakabanatu zen, Iratxeko Ama Birjina eta San Beremundoren erlikien kutxa barne. Ondoren eskolapioek bere gain hartu zuten monasterioa, eta eraikinaren hondamena gelditzea lortu zuten.
1985ean azken kongregazio honek monasterioa utzi zuenean, monumentu zoragarri hau Nafarroako Gobernuaren ondarera pasa zen. Hamarkada bat igaro zen berarekin zer egin ez zekitelarik. Zorionez, eta oso irizpide on bati jarraituz, 1994ko azaroaren 2an Nafarroako Gobernuak Nafarroako Museo Etnografikoaren egoitza bertan paratzea hitzartu zuen. Proiektua XX. mendeko antropologo garrantzitsuenek amestu zuten, besteak beste, Julio Caro Barojak berak, eta bere ohoretan Museoaren izena jarri zuten. Museoaren bulegoak eta aretoak eraikin barrokoan jarri ziren eta, ordutik, milaka piezekin bete ziren, egungo 12.000tara ailegatu arte. Giza eta baliabide ekonomiko urriekin, Museoaren taldeak lan mardula egin zuen piezak lortzen, kontestualizatzen eta ordenatzen, honek guztiak behar bezalako inbentario, katalogazio eta dokumentazio lanarekin. Lortutako pieza aunitz tamaina handikoak dira, eta egon badira batzuk eihera bat adibidez, eraikinaren dimentsioak aurreikusiz erosi zirela.
Ez dirudi Nafarroako Gobernuak Museoaren proiektuan inoiz sinistu duenik. 1994tik gelditu zuen, bestelako ekintzetan dirutza izugarria sartzen zuten bitartean (Jorge Oteiza museoa, Baluartea…). Baliabide urri horiekin Museoko arduradunek lan izugarria egin izan dute piezak erosteko eta hainbat proiektu interesgarri aurrera ateratzeko. Ekainaren 18an Museoak Berako bildumak Museo Etnologikoan erakusketa ireki zuen. Ekitaldia Kultur Kontseilaria Juan Ramon Corpas Mauleonen eta Kulturako Zuzendari Nagusi Camino Paredesen presentzia izan behar zuen, biak, gainera, Lizarrakoak. Batak, zein besteak, gauza hobeagoak omen zituzten egiteko, eta bertaratutakoei muzin egin zieten. Hiru egun barru arrazoia jakin genuen: Iratxeko monasterioa Paradore Nazional bihurtuko zuten. Berria Foru Administrazioaren «garaipen» bat izango balitz bezala prentsan azaldu zen. Paradoreak Lizarraldeko zonalde horrek behar zuen kalitatezko turismoaren bultzada emango dio. Paradorearen inguruko eztabaida ibilbide luzekoa zen. Leku ezberdinak bilatu ziren, batik bat Lizarran, eta Kultur Kontseilariaren apustu guztiak zapuztu ziren, batez ere, politikoek argazkian ateratzeko epeak kontuan hartzen zirelako. Helburua Egako hiria bultzatzea bazen, Paradorea han bertan kokatu behar zen; eraikinak egon badaude, eta, edozein kasutan, berri bat ere eraiki ahal zen. Baina Nafarroan hain arrunta den bezala, «pilotakadaren» kulturak Iratxerantz begiratu zuen. Gure agintariek, Museoaren etorkizunean pentsatu gabe, Paradorea hortxe kokatzea erabaki zuten. Monasterioa Estatuaren enpresa elitista bati «oparitzen» diote, eta, are larriagoa dena, seguruenik etorkizunean pribatizaturik izango den enpresa bati. Hala balitz, Nafarroak duen monumentu publiko garrantzitsuenetariko bat hotel pribatua izango da. Gainera, Museoarekin zer gertatuko den ez dakigu, nora eramango duten, zenbat kostatuko den… Gure agintariek Paradorearen proiektua bultzatu dute Museoaren etorkizunean pentsatu gabe. Proiektu horretan sinistu eta donazio ezberdinak egin ditugunok engainauak sentitzen gara.