Independentziarantz (I)

Euskal Herri independenteak bere burua ongi finkatzeko, zein esparru monetario eta ekonomikotan dagoen jakin beharko du. Esparrua nahiko aldaturik dago; hortaz, ohiko eskematxoek ez dute ezertarako ere balio.

Hona hemen esparru horren zenbait ezugarri:

1) NDF: mundu mailan Nazioarteko Diru Funtsa da nagusia. NDFk mundua gobernatzen du. Nazioarteko sistema finantzarioaren estandar bikoitzak zutik jarraitzen du. Horrela, zordun herrialdeek NDFtik 109 dolar hartu behar dituzte mailegutan -2009ko apirileko berriak-, ez beren ekonomiak berpizteko, baizik NDFren diru laguntza mailegu toxikoak (hots, zabor maileguak) egin zituzten bankuei berei pasatzearren (ikus http://www.counterpunch.org/hudson04062009.html), herrialde horien langileriaren alokairuak jaisten dituzten bitartean. Horrela, zor krisiaren irtenbidea zor handiagoan sartzea bilakatuko da. Eta zor handiago hori zuritzeko, arlo publikoa pribatizatuko da, industria hein handi batean deuseztatuko da -langabezia hedatuz nonahi- eta autonomia politikoa eta are demokrazia bera murriztuko dira. Demokrazia, de facto, finantza-oligarkia bilakatu da.

2) Dolarra eta euroa: Europako Batasuneko banku zentralak, AEBetako dolar eta gobernu-tituluen edukitzailea den aldetik -AEBetako ordainketa-balantza defizita eta barneko defizitaren bermatzailea izanik-, alternatiba bat eraiki beharko luke ahalik eta lasterren. Edozein herrialdek -Europako Batasuna barne- lan egin behar du bere interes ekonomikoen alde. Dolarraren hegemonia luma-kolpe batez buka daiteke. Oso erraza da. Kontua nahi politikoari dagokio, ez soilik Europan, Txinan eta Hego Ameriketan ere bai noski. Hori egiteko, AEBen inguruan zentralizaturiko sistema finantzariotik isolatu behar da, alegia, inportazio errealen eta enpresa errealen jabegoaren truke paper dolarrak esportatzen dituen sistema finantzariotik.

3) Banku zentralak: gaur egunean banku zentralak bankari komertzialen, eta, hortaz, hartzekodunen interesak, errepresentatzen dituzte. -Kasu, nahiz eta AEBetan Federal Reserve delakoa gobernu-bankua izan, praktikan Wall Streeten kontrolpean dago. Beste aldetik, ikus http://www.counterpunch.org/hudson05142009.html, jakiteko zer-nolako politika suntsitzailea eman zen Errusian, hango banku zentralaren zeregina dela medio-.

4) Altxor publikoak: altxor publikoak, lehen batean, interes publikoa errepresentatzen du, edo irudikatu behar du. Hori dela eta, banku zentralak integratuta egon behar dira altxor publikoan.

5) Fiskalitatea: hona hemen zuhurtasun fiskal nazionalaren lehen araua: «Zorrak ordaintzeko, irabazi espero den errentaren diruan, eta soilik diru horretan, zor horiek hartzea onartzea». Banku zentralek arau horri eutsi behar diote. -Gaur egun, aldiz, banku zentralak nazioarteko bankuetarako abeta moduan aritzen dira-.

6) Kredituak beren jatorrizko zereginera itzuli behar dira: erabilgarritasun produktiboan -sektore publikoan zein pribatuan- erabiliak izatera.

Partida biko kontabilitatearen printzipio zentrala argi dago: aktiboak eta pasiboak kopuru berekoak dira. Bankuak mailegu bat luzatzen duen bakoitzean, bezero bati pasibo bat sortzen dio -bankuari zor ordaingarria, zeren, jakina datekeenez, bankuek zorrak saltzen baitituzte- eta horrekin batera doan aktiboa -banku gordailua, zeina dirua den-.

Kreditua erabiltzen den moduak determinatzen du ea zor hazkunde netoa egongo den ala ez. Mailegua erabil daiteke kapital finkoaren eraketan, zeinak produktu eta zerbitzuen eran balio erantsia sortzen baitu eta, ondorioz, zorra ordaintzea ahalbidetzen baitu. Aldiz, mailegua finantza-merkatuetan inbertitzen bada, horrek finantza-aktiboen prezioa areagotuko du, finantza-burbuilak puztuz.

Kredituaren bi erabilerak adierazten du, alde batetik, merkataritza-bankuen inbertsioa sektore errealean, eta, bestetik, merkataritza-bankuek eta balore salerosleek egindako finantza-inbertsioa.

Likidezia-hazkundearen ikuspuntutik, finantza-inbertsioa, berez, zero-batura jolasa da. Finantza-merkatuak modu sostengagarri batean soilik haz daitezke sektore errealean sortutako likidezia bereganatuz, sektore hori mailegu amortizagarrietan oinarritzen delarik. Alderantziz, modu ez-sostengagarri batean haz daitezke sektore errealetik likidezia desbideratuz eta zorra handituz. Azken modu hori ez-sostengagarria denez, punturen batean bukatuko da. Horixe izan da ikusi berri ditugun finantza-burbuilen leherketen muina.

Maila teorikoan, ohiko kontabilitate berdinketa makroekonomikoaren arabera («I = A», non inbertsioak I aurrezkiak A berdindu behar dituen), ezinezkoa da zor netoa azaltzea. Beti aurrezkiek berdinduko lukete inbertsioa.

Baina horrek esan nahi du inbertsioa kapital finkoaren eraketaren moduan interpretatzea. Izatez, gehiena finantza-merkatuko inbertsioa da. Hortaz, «I = A» berrinterpretatu beharra dago. Inbertsioa totala (I) sektore errealeko inbertsioa (IE) gehi finantza-inbertsioa (FI) da: «I = IE + FI = A». Gaur egun, FI askoz handiagoa da IE baino -AEBetan kreditu guztietatik %80 inguru-. Zorraren hazkundeak FI berdintzen du. Hortaz, edozein gizarte haz daiteke zorretan bere kreditu-fluxuak, eta, beraz, haren aurrezkiak, finantza-merkatuko inbertsioetara zuzenduz, eta ez kapital ukigarriaren eraketara.

Ondorioa bistakoa da: zorrak ez izateko, kredituak kapital ukigarriaren eraketara zuzendu behar dira. Sektore finantzarioak ekonomia errealaren menpe egon behar du, hazkunde industrialerako eta nekazal garapenerako, ez alderantziz. (Segituko du.)