Iñaki Lopez de Luzuriaga historialariaren ‘Nafarroako Erresumaren inbasioa (1199-1200)’ lana argitaratu berri du Nabarraldek, Historia Laburra bildumaren baitan
Iñaki Lopez de Luzuriaga, Donostian.
Lopez de Luzuriagak Nafarroako une historiko lazgarrienetako bati heltzen dio bere azken lanean, hain zuzen Nafarroak itsasorako aterabide zuen lurraldea Gaztelarren esku galdu zuenekoa. Lana gaur aurkeztuko da, Donostiako Okendo aretoan, arratsaldeko 19.00etan.
Gure herriaren historian 1200eko urtea azpimarratu beharreko urtea izan beharko litzateke? Zergatik?
Thank you for watching
–1200 urte hori mugarri garrantzi-tsua izan zen Euskal Herriarentzat, Alfontso VIII-a erregearen agindupean gaztelarrek Nafarroako Erresuma inbaditu zutelako, eta Nafarroak bere lurraldeen heren bat eta itsasaldea galdu zituelako, estrategikoa zen. Pentsatu behar da XII. mendean nafar itsasontziak zebiltzala Alexandrian, Mediterraneo ekialdean. Batez ere zapuzturik geratu zen euskaldunek berek gidatuko zuten erresumaren egitasmo politikoa.
1199-1200eko okupazio militarra higadura historiko luze baten azken ondorioa izan zela diozu liburuan. Zein zen testuinguru historiko hori?
–Antso III.a Nagusia Gartzeitzen erregealditik, nafar errege-erreginek nazioarteko errekonozimendua eta irabazpide ekonomiko handiagoa bilatu zituzten. Elizak eta hari loturiko ordena erlijioso-militarrak nafar ondareaz jabetzen joan ziren erregeen utzikeriaz, nafarrak (euskaldunak) eta haien kultura baztertuz. Erregeek Erromaren onarpena bilatzen zuten beren politiketan, nazioarteko zilegitasuna izateko. Historikoki euskaldunak hainbat aldiz izan ziren gaitzetsiak edo eskumikatuak, hala nola 1059ko Erromako Kontzilioan eta 1179ko Laterango Kontzilioan. Frankoen (batez ere okzitaniarren) kolonizazio bat hasi zen errepide bazterretatik, hiribilduak sortu ziren, eta kultura arrotz, dogmatiko eta baztertzaile bat sartu zen, latinitatean oinarritua. Ikuspegi horren arabera, funtsezkoak ziren diziplina uniformizatzailea eta gurutzada.
Nola eman zen konkista hori? Zeintzuk dira une historiko hori ulertzeko beharrezkoak diren gako nagusiak?
– Gaztelako koroak aspalditik aldezten zuen Nafarroak ez zuela erresuma izateko zilegitasunik eta, aldiz, gaztelarrak zirela agintari erromatarren Hispaniaren gainean, erreferentzia geografiko-historiko ospe-tsu bat zena. Indar oreka bilatzeko, Nafarroarentzat garrantzitsua zen andalustarrekin harreman onak izatea, baina aita santuak haiek gaitzesten zituen; 1197an, Elizak Antso Azkarra eskumikatu zuen. Nafarroa ia aliaturik gabe geratu zen, ito beharrean, eta parez pare ireki ziren Nafarroa inbaditzeko ateak. Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Akitaniako ondorengotza nahi zuen eta, batez ere, Nafarroako kostaldeko portuak zein ontziolak eta Gasteiz lotune estrategikoa eskuratzea. Aliatutzat hartu zuen botere feudala bilatzen zuen mendebaldeko jaun nafar bat, Didako Lopitz harotar bizkaitarra. Espedizio inbaditzailea 1199ko maiatzaren 6an abiatu zen Pancorbotik, Trebiñuk eta Gasteizek luzaro eutsi zieten setioei; bitartean Ipuzkoa eta Donostia hartu zituzten mendean. Donostiaren defentsa Joan Bidaurrek eraman zuen, Urgulldik.
Zein izan zen okupazio edo konkista horren ondorioa?
– Lehendabizikoa izan zen Nafarroak puntu eta eskualde estrategikoak galdu zituela, batez ere itsasaldea, noiz eta ontzigintza, merkataritza eta arrantza goraldi bete-betean zeuden unean. 1256. urtetik aurrera, Gaizkileen muga artifiziala sortu zen, baita gizarte feudalerako oinarriak ere. Gainera, berretsi egin zen nazioarteko eszenaren erabateko polarizazioa, Rodrigo Ximenitz (edo Semenoitz) Arradakoa nafar jatorriko gaztelar diplomazialari eta elizgizonak aldezten zuen bezala: mairu edo kristau izatea beste aukerarik ez zegoen, fanatismo garaiak ziren. Gerra dinamika horren lider Gaztela izango zen aurrerantzean, eta bertako erregeek Hispania osoko inperio bat osatu nahi zuten andalustarrei gerra eginez, Erromako kristautasunaren bermatzaile izateko. Ximenitz Arradakoak espainiar destino batasun kristauaren zaindari bihurtu zuen Santiago Matamoros. Kronika eta administrazioko agirietan, gaztelania erabiltzen hasi ziren, latinaren ordez. Nafarroako Erresuma biziraupen kinkan geratu zuen.
Dudarik gabe, itsasorako aterabidea ere galdu zuen une hartan Nafarroako erresumak, galera latza izanen zen alde ekonomikotik hori, ezta?
–Bai, itsasorako zuzeneko irteerarik gabe eta Nafarroako isurialde atlantikoan sortzen ari ziren burdinola hidrauliko edo zeharrolarik gabe, portuko eta salgaien gaineko zergen bidez biltzen ziren diru sarreretan galera oso handia izan zen. Kalte hori konpentsatuz, Antso Azkarrak baionesekin eta akitaniar-ingelesekin hi-tzarmen batzuk josi zituen, elkarren defentsarako eta itsasoko merkatari-tza bermatzeko: hala Baiona nola Donibane Lohizune Nafarroako portu bihurtu ziren hurrengo mendeetan.
Konkista horren ondoren, Nafarroako erresumak lurralde horiek berreskuratzeko saiakerak egin zituen?
–Bai, auzi hori beti egon zen nafar errege-erreginen agenda diplomatikoan, ez bakarrik 1199-1200ean galdu zituzten lurraldeak, baita Errioxa ere. Nafar errege-erreginek berez nafar-tzat zituzten lurralde horiek. Ezin da ahaztu Nafarroako koroari indarra komunitatetik zetorkiola batez ere, Gaztelan ez bezala: Erromaren (Jainkoaren) bedeinkazio eta aginpidetik zetorkion agintzeko zilegitasuna. 1368an, Nafarroan Karlos II.a errege zela eta Gaztela gerra zibiletan murgildurik zebilela, Nafarroak sei urtez berreskuratu zituen 1200ean galdutako lurraldeak eta Errioxaren zati bat, baina Gaztelan Henrike Trastamarakoa sendotu zenean (Fernando Katolikoa edo Iruzurtia erregearen leinuko lehendabizikoa), aita santuaren 1373ko ediktu batek Gaztelari eman zizkion berriz ere eskualde horiek guztiak.
Zergatik erraten da «euskaldunen» eta «nafarren» arteko bereizketa une horretan eman zela? Zein izan zen konkista hark izan zuen eragina herriaren identitate kolektiboan?
–Ordu arte, Nafarroako bertako agirietan agertzen zenez, lingua navarrorum eta euskara gauza bera ziren. Bestela esateko, nafar komunitatea eta euskaltasuna baliokideak ziren, herri natural bat. Aldiz, zatiketa gertatu zenean, hautsi egin zen eskualde arteko isuria eta Nafarroaren inguruko herri identifikazioa. Trukean, gizarte interes kontrajarri eta partikularrak sendotu ziren, eta elkarren arteko gatazkak areagotu. Izendapenean, euskaraz ez dut uste alderik izan zenik: lehenago euskaldunak eta gero ere denak euskaldunak. Erroma-ntzean (gaztelaniaz batez ere), berriz, navarro eta vizcaino, edo navarro eta vasco(ngado) erabiltzen hasi ziren mugaren alde banatako herritarrei deitzeko, eta euskaldunei, oro har, vasco(ngado).
Noticias de Navarra
Iñaki Lopez de Luzuriaga: «Euskal Herriaren irudi zatikatua irakasten da»
Iñaki Lopez de Luzuriaga. Itzultzailea
Gaztelako koroak 1199. eta 1200. urteetan Nafarroari egindako inbasioa aztertu du Lopez de Luzuriagak azken liburuan. Euskal historiaren kontaketan hutsuneak daudela dio.
GORKA RUBIO
Aspaldikoa du historiarako grina Iñaki Lopez de Luzuriagak (Gasteiz, 1973). Ofizioz itzultzailea da, baina denbora librean historia ikertzen dihardu, eta uste du akademia ofizialean hutsunea dagoela. Nabarralderekin batera ondu du azken liburua: Nafarroako Erresumaren Inbasioa 1199-1200. Donostian aurkeztu zuen iragan astean.
Nafarroako Erresumaren Inbasioa 1199-1200 liburua idatzi duzu. Nolakoa izan zen inbasio hori?
Nazioartean une historiko eta oso garratz batean gertatu zen inbasioa. Momentu horretan, Gaztelako errege Alfontso VIII.ak erabaki zuen Nafarroako Erresumaren kontra jotzea erresumaren momentu ahul batean, eta begiak kostaldean jarriak zituen bereziki.
Zer garrantzi zuen kostaldeak?
Itsas merkataritza eta arrantza garatzen ari ziren, eta diru sarrerak oso handiak ziren. Nafarroako itsas merkatariak Alexandrian [Egipto] aipatzen ziren 50-100 urte lehenago. Arku atlantikoan salerosketaren trafikoa garatzen ari zen, eta horri begira zegoen Gaztelako erregea.
Garai hori ez da bereziki ezaguna. Zergatik uste duzu dela hori?
Historian, nolabait, lurralde horiek Gaztelako koroan sartu ahala, nortasun juridiko-politiko bat garatu zuten XV. eta, bereziki, XVI. mendeetan. Erakunde sortu berri horiek saiatu ziren justifikatzen zergatik egin zezaketen hitzarmen bat Gaztelako koroarekin.
Zergatik?
Jatorriz independenteak zirelako, eta haiek beren kabuz erabaki zutelako Gaztelara sartzea. Bestela, onartu behar zuten inbadituak izan zirela, eta hori ez zen oso abiapuntu ona beren posizioa babesteko.
Zer ondorio izan zituen inbasioak Nafarroaren historian?
Lurralde inbasioa izateaz gain, Nafarroako Erresuman haren lurraldearen herena edo galdu zuen. Kontzeptu aldaketa bat ere izan zen. Nafarroa bizirik irauteko kinka larrian geratu zen. Ordura arte Nafarroako Koroa euskaldunen koroa bat zen, nafarrena, bertakoa. Orduan aipatzen da lingua navarrorum. Hortik aurrera, nahitaezko bitasuna nagusitzen da: kristau, Gaztelaren eskutik, ala mairu. Luze gabe, gainera, Nafarroako Koroa eta erresuma argi eta garbi bereizi ziren. Ez zegoen identifikazio zuzenik koroaren eta erresumaren artean.
Duela ia 900 urteko historia kontatu duzu liburuan. Zaila izan da dokumentazioa aurkitzea?
Bigarren mailako iturriak erabili ditut. Duela hogei urtetik gaur egun arte, gaiak gero eta gaurkotasun handiagoa hartu du, eta zenbait autorek aztertu egin dute. Sakabanatuta dagoen informazioa hartu eta horri forma ematea izan da lana.
Aipatu duzu hainbat autorek landu dutela gaia azken urteetan. Interesa duela uste duzu?
Bai. Duela gutxi arte, esan izan da Gipuzkoa libreki batu zela Gaztelako koroara, eta hori ez da bakarrik Espainiatik aldeztu, baita bertako instituzioetatik ere. Nahiz eta azken hamarkadetan ikusten zen hori ez zela hain argi, eta ez zela oso defendagarria .Gainera, nafartasuna nabarmentzen du, euskal estatua Nafarroa izan zenaren ideia.
Gaur egun, jendeak ezagutzen al du Euskal Herriko historia?
Interes falta dago. Eskolako curriculumean Euskal Herriaren irudi erabat zatikatua ematen da, errealitate administratiboa bezala. Euskaraz gure historia oso gutxi landu eta zabaldu da. Dena erdaraz egiten da, nahiz eta Euskal Herriari buruzko historia izan. Hor gabezia handia zegoen, eta, alde horretatik, Wikipedian hutsune hori betetzen ari gara.
Hain zuzen, Euskal Wikilarien Elkarteko kide ere bazara. Zergatik da hain garrantzitsua Wikipedian euskaraz idaztea?
Bertako euskaldunek erreferentzia bat izateko euskaraz lehenaldiari buruz. Lehenaldia aztertzean, oinarri sendoak jartzen dira orainaldiari begira, baina bereziki geroaldiari begira. Askotan, bereziki gazteek ez dute erreferentzia nahikorik euskaraz.
Wikipediak ematen du horretarako aukera?
Lankidetzan egiten da, eta lizentzia askean. Edonork erabil, berrerabil eta zabal dezake, hor jartzen diren baldintzen arabera.
Berria