Uruguaiko presidente ohi Pepe Mujicak heriotza zigorraren kontra zegoela esan zuen elkarrizketa batean, kargua utzi ondoren. Hala ere, salbuespenak ikusten zituela azaldu zuen, kontraesana izan arren. Kasu bakan batzuk ziren, oso gutxi. Bere ustez hiltzea merezi zezakeen pertsona bat aipatu zuen: Augusto Pinochet, Txileko diktadorea izandakoa.
Diktadura bati armen bidez aurre egitea zilegi dute munduko hainbat lekutan, baina bekatua da Hego Euskal Herrian. Jasan eta jasan, baina inoiz ez eman. Errebisionismo historikoa hedatzea leporatu dio Joxe Iriarte Bikila-k EAJri, Argia-n eginiko elkarrizketa batean. «Une honetan EAJ honako lelo errebisionista hau zabaltzen ari da: ETAren sorrera zorigaitza izan zen, ez zen sortu behar. Beraz, ez da zilegi diktadura baten aurka armekin altxatzea? Niretzat guztiz zilegi da». Eta gero: «Ez dut damurik garai hartan nire ibilbide politikoa ETAn hasi izanarekin».
Dena da ETA leloa asmatu zuten Madrilen. Injustua izan zen leloa bultzatzen ari dira Sabin Etxetik. Espainiak koska bat gehiago ezarri du bide horretan. Gasteizen ireki duten Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroan izan da Felipe VI.a. Francok inposatutako erregearen semeak jakinarazi duenez, «zuzenbide estatuaren eta askatasunen defentsaren sinboloa» dira biktima guztiak, Carrero Blanco eta Meliton Manzanas barne. «Sistema demokratikoaren zutabe etikoak». Carrero demokraziaren ikurra dugu. Meliton Manzanasek, Gestapoaren kolaboratzailea izan zenak, liberté, egalité et fraternité oihukatzen zuen atxilotuei barrabiletatik tiraka ibiltzen zenean, eskuak odoletan.
Vicent Partal kazetariak honela azaldu du Madrilek Gasteizi sartu dion gola: «Itun antiterrorista sortu eta hogei urte geroago hiru solairuko museo bat endosatzen dizute, eta zu isil zaitez!». Isildu, bai, Iñigo Urkullu ahoa itxita egon baita. Lehendakariari ez diote hitz egiteko aukerarik eman. Zerbait badu, txioka dezala. Argi geratu da hemen nagusia nor den: erregimen frankista-borboitarraren goreneko burua. Txikitan diktadorearen eskuetatik goxokiak jasotzen zituen gizona. Hark bai hitz egin! Egun, espainiarren erregeak agintzen du euskal lurrean.
Gasteizko memorialak bi huts nabarmen ditu. Batetik, zilegitasuna kendu nahi dio diktaduraren aurkako borrokari. Beste leku batzuetan armak eskuan demokraziaren alde jardun zutenak besoak zabalik hartzen dituzte gure politikariek —Pepe Mujica kasu—. Aldiz, hemen bide hori hartu zutenak larrutu egiten dituzte. Bestetik, diskriminatzailea da. Ez ditu biktima batzuk kontuan hartzen: Gasteizen martxoaren 3an hildako bost langileak. Edo Almerian Guardia Zibilak torturatu, tiroz hil eta erretako hiru gazte espainiarrak, etakideak zirelakoan. Biktima horiek ez dira aipatu ere egiten. Espainiako segurtasun indarrek ez dute inoiz izua hedatu, ez dute inor hil, ez dute inor torturatu. Horrexegatik ez dugu ikusiko Gasteizko zentroan Intxaurrondoko gela baten simulazioa, nola torturatzen den azaltzeko: elektrodoak non ipintzen dituzten, aluan edo ipurdian zelako makilak sartzen dituzten, oin-zolak nola erre… Horregatik, biktima horiek ez dira aipatu ere egiten. In desmemoriam.
Kubako taínoen tribuaren buruzagi Hatuey 1512an erre zuten, bizirik, konkistatzaileek. Hatueyk borrokan jardun zuen inbaditzaileen aurka. Amerindiarrei urre guztia ibaira botatzeko eskatu zien, metal preziatu hori «zurien jainkoa» zelako. Erretzeko sua piztekotan zeudela, apaiza hurbildu zitzaion Hatueyri, ea kristau bihurtu nahi zuen esanez, horrela zerura joango zen eta. Hatueyk galdera egin zion: «Espainiarrak zerura joaten dira?». Baiezko erantzuna jaso eta ez zuen zalantzarik egin: «Ez dut hara joan nahi, infernura baizik, espainiarrak dauden lekuan ez egoteko, hain pertsona krudelak ez ikusteko». Baracoan, Kubako ekialdean, Hatueyren aldeko monumentua dago. Ameriketako lehen errebeldea irakur daiteke bertan, espainiarrek hil zuten gudaria gogoan. In memoriam.
Berria