Ihesaldia

SEGOVIAKOAZ ari naiz, noski, egunotan 40 urte betetzen direlako egin zenetik. Handik bost urtera, iheslarietako batek film hunkigarri bezain adierazgarrian hedatu zuen mundu guztiko zine pantailetara. Ez da harritzekoa Frantziako Le Monde egunkariak Le grand évasion hitz larriaz portadara atera zuelako egun berean eta zineman ez ezik Europa eta munduko hedabideek -paperezko egunkariak, batik bat, garai hartan- luze eta zabal mintzatu zirelako, hurrengo egunetan, Segoviako kartzelan zeunden 53 preso politikoetatik 29k ihes egin zutelako. Haietatik 24 euskaldunak, ETAkideak hain zuzen. Aspaldiko kontua izan arren, oso gogoan dut inolako zerikusirik izan genezakeen denok adi eta zurt egon ginela egun eta ordu oro Pirinio aldetik zetozen berrien zain. Berri ofizialak, zurrumurruak, azpi albisteak, París Irratikoak eta abar. Denak ala denak albiste beltzak. Bata bestearen atzetik Guardia Zibilaren eskuetan nola erortzen ziren aipatzen zituenak. Egun gutxitara, bat tiroka hil zutenena eta lau iheslari Iparraldean zeundela izan ziren kontrapuntua markatu zuten bi albisteak. Hori eta baso sakon eta ilunean galduta bota zituzten ordu luzeak, zoritxarreko mugalari baten gaizki ulertutako zitaren erruz. Izan dira beste ihesaldi saio batzuk, 1970.ean Basaurin egin zuten butroia, Zamorakoan apaizek 1973.ean egin zuten -alferrikako- tunel luzea edota Sarrionaindia eta Pikabeak Imanol kantariaren bafleetan egin zutena, besteak beste. Ba-tzuk besteek baino ondorio hobeekin, noski.

Euskal gizateria osatzen dugun erdia baino gehiago, garai haietan, jaio-tzeke zeundelako otu zait zehaztasun horiek azaleraztea. Hortik aurrera, nahi dutenek sakonago jo ahal dute, gune hartan bizi genuen garai politikoaz edo gizarteaz. Ez dutena sekula santan lortuko, Franco hil ondorengo urte haietan Euskal Herriak bizi izan zuen tentsioa da, Espainiako Gobernua eta ETAren arteko azpi gerra zikinenaren garaian. Mila duda eta zalantza izango ditu bakoitzak, baina nik neurea ozen aldarrikatu nahi dut: Nork desagertu zuen Pertur?

DEIA