Ohiz kanpoko ekaitzak gero eta ohikoagoak direnean gogoratzen gara klima larrialdiaz. Itsasoaren indarrak gure itsas bazterra bortizki jotzen duenean kezkatzen gara, ohartzen garenean dikeek ere ez gaituztela babesten olatuen oldarralditik. Itsasoak itsas bazterra bezala, errepresio bidegabeak inarrosten gaituenean, milaka eta milaka joaten gara karrikara, gure haserrea erakustera gure herria zangopean nahi duten estatu menderatzaileei. Dikeak, manifestazioak… Eta urak bere onera itzultzen direnean, itsasoa bare eta herritarrak lasaiago.
Isil-isilik, klima aldatzen ari da, ordea. Mundua berotzen ari da, gure eguneroko errutinan kateaturik gauden bitartean. Eta errepresio itsuak itsutzen gaituen aldietan, Frantziako edo Espainiako artista edota politikari ezkertiar aurrerakoi batzuek independentismoa kritikatzen dute, aldarrikatuz berek ez dutela banderarik nahi eta ez daukatela banderarik. Erraza da hori erratea, hizkuntza hegemonikoan kantatzen dutenean, hizkuntza eta kultura hegemoniko horren sostengu osoa daukatenean beren buruen eta lanaren ezagutarazteko, eta ez direnean ohartzen hizkuntza gutxitu batean kantatuko balute oztopo ugariri egin beharko lioketela aurre, babes gutxiago izango luketela, eta Euskal Herriko egunkari probintzial hegemoniko espainol eta espainolista bateko kritikariek aspergarritzat eta ezdeustzat joko lituzketela. Erraza da goraipatzea ez dutela banderarik, bandera zapaltzailearen babesean ari direnean.
Bandera horiek sekula baino baliabide gehiago dute menpean daukaten herriaren kultura eta hizkuntza baztertzeko, eta berena jartzeko denen nagusi. Euskarazko komunikabideak badauzkagu, eta ez gutxi. Erdarazko hedabideak, ordea, lehen baino anitzez gehiago ditugu: lurreko telebista digitala eta Internet bidez heltzen diren kate guztiak, Youtube kanalak, Netflix, HBO eta abar… Eraiki genituen gure dikeak euskara babesteko eta garatzeko, baina itsas maila uste baino lasterrago goraka ari den bezala ari da erdaren eragina oraindik gehiago gaina hartzen.
Ikasturte hasiera guztietan txalotzen da Euskal Herri kontinentaleko ikastoletan eta eskola publiko zein pribatuetako gela elebidunetan gero eta ikasle gehiago dagoela. Euskal Herri osoan gero eta euskaldun gehiago dagoelako ere pozik agertu behar genuke. Baina, euskaldun kopuru erlatiboak indargabetzen ditu datu absolutuek sor ditzaketen itxaropenak. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, euskara ez da ofiziala, eta ofizialtasunaren zantzurik ez dago etorkizunean. Euskal Elkargoak eta udalek ez dute ez eskumenik, ez indarrik, ez botererik euskararen alde neurri zorrotzak hartzeko.
Klima larrialdiak neurri gogorrak, berehalakoak eta erradikalak eskatzen ditu. Auto elektrikoak aterabide ekologiko gisa aurkeztea iruzur egitea da, garraioak eragiten duen kutsadura ez baita soilik autoaren ihes-hoditik ateratzen den hori. Ekitaldi politiko batean zuhaitz bat landatzeak ez ditu estaltzen alderdi horren gobernuaren eguneroko ekintza politiko kutsakorrak. Hizkuntza politikarekin berdintsu gertatzen da: proposatzen diren neurriek ez diete erantzuten euskararen premiei.
Klima larrialdiaz bezala mintza gintezke hizkuntza larrialdiaz. Globalizazioak eta diruaren eta negozioaren munduak kalte ekologiko handia egiten dute baita hizkuntza gutxituen artean ere. Beste balio batzuk dira nagusi, eta badirudi euskarak ez daukala lekurik eremu lehiakor eta gupidagabe horretan. Eta Frantziak eta Espainiak jasanarazten dien zapalkuntza kultural, linguistiko, administratibo eta, funtsean, politiko horren ondorioz are ahulezia gehiagorekin egin behar dio aurre olde uniformizatzaile horri.
Bai, hizkuntza larrialdi egoeran dago euskara: ez dauka legezko babesik Euskal Herriaren zati handi batean, Euskal Herri kontinentalean neurri herabeekin konformatzera ohitu gara, Nafarroa Garaian euskararen eta euskaldunen kontrako eraso legalak indarrean daude eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen ofizialtasunak eta irakaskuntzak ez dute balio izan euskararen erabilera normalizatzeko; ez dute balio izan kontrapisua egiteko espainolezkoak diren lan munduari, aisialdiari, erreferentzia kulturalei eta baita zerbitzu publikoen zati handi bati ere.
Baina klima aldaketaren eszeptikoak badauden bezala, badaude euskararen egoeraren irakurketa baikorra zabaltzen dutenak, eta ez dira entzun nahi mezu ezkorragoak. Mezu baikorrekin euskaldunak gehiago motibatuko direlakoan eta ezkorrek etsipena eragiten dutelakoan? Edo, alderantziz, ez ote dugu jendea gehiegi lasaitzen, eta aurkariak uzten euskararen ustezko inposaketaren mamua astintzera?
Indar harremanak ez daude euskararen alde, eta erresistentziaren indarrak ere higa daitezke hurrengo belaunaldietan, botere politikorik ezean. Alferrik ariko gara seduzitzeaz eta abar, seduzitzeko eta derrigortzeko baliabide anitzez handiagoak dauzkatenean menderatzaileek, beren botereaz gain. Belaunaldi gutxi aski dira hizkuntza bat abandonatzeko. Zenbat belaunaldi gelditzen zaizkio euskarari? Zenbat urte lehorteak gaina hartzeko?
Berria