Euskaraz bizitzea ezinbesteko baldintza da noski bizitzaren munduak euskal erreferentzia izaera edukiko badu. Espainola izatea ezin dugu ulertu espainieraz bizi gabe. Hizkuntzak gaurko munduan -estatuka eta nazioka eratutako mundua- nazio-erreferentzien esparru jakin batzuen barrutian txertatzen eta errotzen gaitu. Irunen jaio bazara eta espainieraz bizi, badakizu zure bizitzaren erreferentzia-esparru nazionalak -bizitza ekonomikoa, soziala, kulturala, informatikoa, familiarra, lagunartekoa…- espainolak izango dituzula. Hendaian beste horrenbeste, baina frantsesez.
Nolanahi ere, euskaraz bizitzea ez da aski euskal nazioaren erreferentzia-esparruen barrutian bizitzeko. Arestian aipatu dugun erreferentzia-dinamika hizkuntza hegemonikoen kasuetan bakarrik betetzen da, ez hizkuntza minorizatuetan. Izan ere, hizkuntza minorizatuak ez dauka nazio minorizatu bat besterik bere azpian erreferentzia-barruti moduan. Aldiz, hizkuntza hegemonikoak nazio hegemonikoaren barrutietara garamatza gure eguneroko bizimodua egiteko jardueran eta zentzuan. Euskarak, zoritxarrez, ez dauka erreferentzia-kemenik euskal nazioaren arabera gure nortasuna eraikitzeko eta egituratzeko.
Nazioaren erreferentzia-mugak ez ditu nazio politikoak bakarrik -estatuak- ezartzen. Komeni da hori zehaztea. Irunen jaio eta nazio-erreferentzia espainoletan bizi dena ez da bakarrik espainoltasun politikoan eta juridikoan bizi, ez da herritar espainola soil-soilik, nazio espainol linguistikoan eta kulturalean ere bizi da: alegia, nazionalismo kultural espainolaren barrutian ainguraturik bizi da halakoa. Beste horrenbeste egiten du hendaiarrak frantsesez. Irungo espainolaren eta Hendaiako frantsesaren artean dagoen identitate-diferentzia bikoitza da beraz: juridiko-politikoa, batetik, eta etnolinguistikoa eta kulturala, bestetik.
Diferentzia horrek sortzen du, hain zuzen, bien artean dagoen lubaki ikaragarria. Hendaiarrarentzat oso-oso urruti dago Irun, beste erreferentzia-barruti bat da, beste nazio baten erreferentzia-munduan bizi delako irundarra. Eta erreferentzia-distantzia alimaleko hori bera sentitzen du irundarrak alderantziz. Bi nazio hegemoniko horien artean dagoen identitate-distantzia sinestezina da. Partekatzen dutena axaleko kontua da. Identitatearen sakoneko egituretan ez dute funtsezko deus partekatzen bigarren mailako balio orokor batzuk izan ezik.
Hegoaldeko euskaldunak zergatik sentitzen dira Espainia eta espainiar herritarrengandik hurbilago Iparraldeko euskaldunengandik baino? Alderantziz formulatuta ere, antzera litzateke: Iparraldeko euskaldunek Frantziarekin eta frantsesekin bizitza-erreferentzia gehiago partekatzen dituzte Hegoaldeko euskaldunekin baino. Euskaldunen arteko muga ez da jadanik «ibai koxkor bat», itsaso bihurtu da, Otañoren bertso sonatua gogora ekarrita.
Euskara partekatzeak ez gaitu beraz «oial» bereko haurride egiten Zizurkileko bertsolariak uste zuen moduan. Zergatik ote? Erantzunak arestian esandakora garamatza: Irungo herritarraren hizkuntza hegemoniko nazionalak Espainiaren barruti material eta sinbolikoan sozializatzen eta eraikitzen du irundarraren nortasuna, eta Hendaiakoari gauza bera gertatzen zaio frantsesez. Alabaina, euskarak ez ditu, esan bezala, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunak nazio-erreferentzia bereko oihalean josten. Euskara ez da nazio-hizkuntza hegemonikoa, eta ez dauka eragin-indarrik euskaldunengan nortasun-eragin hori gorpuzteko. Euskaldunak gutxienez bi baldintza bete beharko lituzke horretarako: euskaltzale bezain abertzale izatea, eta alderantziz. Espezie bakana euskal baratzean.
Hendaiako euskaltzale batekin hitz egin nuen lehengo batean gai horiei buruz. Otañoren bertso ezaguna hizpide hartuta (Zazpi aizparen gai dan oiala), zera galdetzen genion geure buruari: ea Otañoren garaian ez ote ziren elkarren haurrideago sentitzen Bidasoaz bi aldeetako euskaldunak. Orduko euskaldunak oraingoak baino askoz euskaldunagoak ziren inondik ere nortasun-erreferentzia etnolinguistikoari eta kulturalari dagokionez. Hala ere, orduan ez zegoen euskal abertzalerik gaur dagoen neurrian eta zentzuan. Ez zegoen nazio-kontzientziarik gaurko graduan. Baina orduko Euskal Herri etniko hura gaurko Euskal herri nazional hau baino askoz ere errotuagoa zegoen euskaldunen erreferentzia-munduan. Besterik badirudi ere, orduko euskaldun aurre-nazionalista gaurko euskal nazionalista baino euskal erreferentzia sendoagoetan ainguratuta bizi zen.
Orduko asimilazio-maila nazio politikoari bakarrik zegokion: Iparraldeko euskaldunak frantsesa zela esango zuen gehienbat, eta Hegoaldekoak espainola, baina hori ez da datu erabakigarria herri-identitatearen auzian. Datu erabakigarria beste hau dela uste dut: aurreratu bezala, asimilazioaren alienazio politikoa axaleko kontua da erreferentzia etnolinguistikoak bizi-bizirik daudenean. Nazio etnolinguistikoa eta kulturala bizirik baldin badaude, bada itxaropenik. Finlandia lekuko. Gainerakoan, ia ezinezkoa da egoerari buelta ematea.
Esan bezala, nazionalitateari dagokionez, frantsesak eta espainolak sentituko ziren hurrenez hurren euskaldun haiek, baina sentipen horrek ez zeukan zerikusirik eguneroko bizimodu errealaren erreferentzia eta bizipenekin. Ez zen funtsezko auzia. Funtsezko auzia herri-bizitzaren erreferentzia-barruti erreala da. Zerk egiten gaitu garena, besteak beste, nazio-identitatearen alor honetan? Bizimoduak. Bizierak. Bizi gaituen nazio-barruti errealak. Zorioneko identitatea gure sozializazio material eta sinbolikoari darion izaera-kontu bat besterik ez da. Identitatea hori besterik ez da, baina hori guztia da.
Hona, bada, paradoxa: euskara etnikoa euskara abertzalea baino eraginkorrago ageri zaigu euskaldunen herri-erreferentziak partekatzeko zereginean. Hala ere, abertzaletasunak, hitzak hitz, egitez, muzin egiten dio euskarazko nazio kulturala lehenesteari nazio politikoarekiko harremanetan. Bien bitartean, euskal estatua gora eta euskal estatua behera gabiltza. Gurea ez ote da patetiko samarra?