Historia komiki-istorio

‘Amaiur! Libera State!’ izeneko komikia argitaratu berri du Asisko Urmenetak. Amaiurko batailaren eta erresistentziaren istorioa biltzen ditu lanak, jazotakoak ezagutarazteko asmoz.

Argazkian, Urmeneta komikiaren ale bi esku artean. Jovani.

Amaiurko herrian, Nafarroa Garaian, bada gaztelu bat izan zena oroitzeko monolitoa. Euskal erreferente gisa bihurtu da azken urteotan, erresistentzia eta identitatearen ikur. Izan ere, nafarren herriaren azken erorketetako bat izan zen, eta hain justu aurten beteko dira 500 urte Gaztelako 7.000 gizonek osatzen zuten Europako armadarik modernoenak setiatu zutenetik. Komikia argitaratu berri du Erroa argitaletxeak, gertakizuna bosgarren mendeurrena betetzear dela.

«Ez nuen dudarik batere egin baietz errateko», mintzatu da Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965) komikigilea Amaiurko Gaztelua Elkartearen proposamenaz. Iruindarrak ‘Amaiur! Libera State!’ komikia ondu berri du eta eskertuta ageri da elkarteak beregan eta bere estiloarengan izan duen konfiantzagatik. Haren ustez beste edozein herri «arruntek» bere historia kanpoko interferentziarik gabe kontatzen dute. Kontrara, Euskal Herrian ezin izan da kontatu normaltasunez, eta adibidera jartzen du Amaiurren jazotakoak biltzen dituen monografikorik ez dela euskaraz. «Dirurik bagenu Netflixen bizpahiru telesail izango genituzke dagoeneko, hala izan ez denez komikia egin dugu». Hartara, «zoru epikora» jo duela azaldu du Urmenetak: «Epikaren bitartez, kontatu nahi izan diot jendeari nola Amaiurko herrian, jakinik laguntzarik ez zutela izango, iraun zutela eta erresistentzia egin zutela». Eta aitortu du, ‘Eraztunaren jauna’ bildumako filmetan elfoak eta orkoak argi dauden moduan, komikigileak ere, espainolen eta amaiurtarren arteko desberdintasunak agerikoak egin dituela.

Saiakera dokumentala

Komikia «hibrido» gisa identifikatu du Urmenetak, eta Aingeru Epaltzak behinola jarri zion saiakera egile grafikoko etiketa bere egiten du: «Beti interesatu izan zait kontsumitzaile zein marrazkilari gisa nahastea. Lan honetan erreportajetik eta dokumentaletik asko dago». Ildo berean gehitu du gaiari buruz argitaratutako bibliografia ia osoa irakurria duela, eta beraz, historia zalea den aldetik, izaera historiografikoa behar zuela ‘Amaiur! Libera Estate!’ lanak. Iruindarraren aburuz, ezin zitekeen soilik gazteluaren batailako pasartea kontatu, hori dela eta, kontatu ditu une horietara arteko inbasioa, okupazioa eta, azkenik, erresistentziaren istorioa bera, 1512. eta 1522. urteen artekoak, hain justu: «Amaiurrek gure memorian leku bat egin du, baina izan ziren beste gudaroste eta bataila batzuk ez ditugunak gogoan». Hala ere, komikiak baditu fikzioaren alderdiak, esate baterako, elkarrizketak, eszenifikazioa edota castingaren karakterizazioa.

Komikiari Urmenetak berak idatzitako gibelsolasa erantsi dio, haren hitzetan, «ikuspegi politiko batetik». Hari horri eutsita azaldu du kapituluetatik bereiz egin nahi izan duela, izan ere, Amaiurko gazteluaren erresistentziaren garrantzia aztertu nahi izan du gaurkotasunean. Horiek ez ezik, kapituluen hasieran zein bukaeran garaiko testuak gehitu ditu, bai eta amaiera aldera, idazle eta pentsalari garaikideenak ere. Testuok esanahi berezia dute egilearentzat, «historialari xumeek» zein bestelako pertsonaia batzuek emandako informazioa balioesten duelako: «Horiek egiten zaizkit une horietako gertakizunen kronikarik fidagarrienak». Aitzitik, gaur egungo idazleen aipuak egiteaz esan du, adibidez, Joseba Sarrionandiak, Eduardo Galeanok edo George Orwell-ek historiaren ikuspegi «potentea» dutela eta, beraz, interesgarria izan daitezkeela.

Ilun antzean

Zuri beltzeko komikia da Urmenetaren azkena. Ez da ezkutatu: ekonomia kontuak dira tarteko hein handi batean, baina eroso sentitzen da erregistro horretan halaber. Amaierako kapituluan, ordea, koloreak badu lekua. Hala mintzatu da komikigilea hori hala izateko arrazoiez: «Funtsezkoa den kapitulua da, batailarena berarena. Berezia da eta berezitasuna markatu nahi izan dut». Tinta gorri iluna jarrita, gerraren eta odolaren efektua sortu eta inpaktua eragin nahi izan ditu. Koloreez gain, papera ere bestelakoa da eta irudiek hartzen dute protagonismoa, hitzik ez baitago istorioaren akaberako orrietan. «Aipatu dudan seriea egunen batean eginez gero, gustatuko litzaidake atal horrek testurik ez izatea. Kanoikadak, oihuak eta besteak entzungo genituzke, musikaz lagundurik». Barrez dioen arren, ikus-entzunezkoa argi irudikatzen du bere baitan.

Historiaren pasarte hura tristeegia, iluna dela entzun izan du komikiaren egileak. Kontrara, hark dio ez duela beste historiarik nahi, orain hobeagorik: «Daukaguna daukagu. Hori bai, geroa bai nahi dudala hobea». Garaileen eta garaituen arteko errelatoa desberdina dela uste du, eta ukatu edo ezkutatu izan dela Euskal Herrian izandako sufrimendua. «Diagnosia gogorra, da baina lehen urratsa hori onartzea da, asmoa baldin bada hori guztia aldatzea».

Deia