Historia gaur da

Euskal Herriak behiala bere estatu propioa eduki zuen, independentea, eta Nafarroako Erresuma deitzen zen. Gobernua zeukan, administrazio erakundeak, bere lurraldea zedarritzen zuten muga zehatzak, hauek defendatzeko gazteluak, zergak biltzen zituen, harreman diplomatikoak zeuzkan munduko beste erresuma askorekin, Vatikanoarekin ere bai. Euskaldun guztiak nafarrak ginen, eta nafarrak gara gaur egun ere, inoiz ez baitiogu gure borondatez uko egin gure nazionalitateari, eta Nafarroako Erresuma euskalduna zen, sortez, espirituz, bokazioz… eta hizkuntzaz.

Historiaren garai ezberdinetan militarki konkistatua izan zen biolentzia handiz: milaka biztanle erail zituzten, beste milakak deserrira ihes egin behar izan zuten, gazteluak suntsitu zituzten, gobernua ordezkatu zuten, konkistatzaileak lur eta ondasun askoren jabe egin ziren, eta hizkuntza propioa, euskara, baztertu zuten, euren hizkuntzak inposatuz, zati batean Gaztelako hizkuntza —gero, estatu modernoen sorrerarekin eta Espainiako lehen konstituzioak, Cadizekoak argi dioen bezala espainola bihurtuko zena—, eta frantsesa bestean.

Gaur egun Euskal Herria menderatuta dagoen nazio bat da, bi zatitan banatua, Espainian eta Frantzian, hiru erakunde politikoren bidez gobernatzen dutena, hirurak Espainiari edo Frantziari subordinatuak: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Elkargoa. Euskal Herria ez da aske nazio moduan funtzionatzeko eta komeni zaizkion erabakiak hartzeko; kanpoan hartzen dira erabakiok, Madrilen eta Parisen. Eta bertako azpi-erakundeek ebatzitako erabaki askori helegiteak jartzen dizkiete Espainiako eta Frantziako epaitegiek, eta gehienetan bertan behera uzten.

Honela has zitekeen balizko lehen klase bat institutuan, egoera bestelakoa balitz; baina historia hau ez bada errepikatzen liburuetan, literaturan, zineman, antzerkian edo prentsan, oso zaila izango da gero jendeak kontzientzia nazional bat edukitzea; eta oso erraza edozeri buruzko eztabaidetan euskal jendea nahastea. Gure begietatik kontatzen ez badugu egin diguten guztia, idilikoa izan gabe, asmatu dugunean bezala huts egin dugunean ere arreta jarriz, ez badugu indarra jartzen, beti eta etengabe esanez inoiz ez dugula inon erabaki Espainia eta Frantzia gure gainetik egotea, ez dagoela gure baietzaren dokumenturik, eta arazoak arazo haiengandik herri bereizia izaten jarraitzen dugula, oso zaila izango da artikulazio politiko onuragarririk antolatzea.

Gurekiko Espainiaren eta Frantziaren biolentziaz ari garenean ez da soilik errepresioan pentsatu behar, sakonagoa da: subjektu politiko gisan suntsitu eta desagerrarazi nahi gaituzte, herri izateari utzi eta haien mendeko probintzia izatera igaro eta derrigorrez horrekin soilik konforma gaitezen.

Estrategiaren lehen pausoa hori besterik ez baita: zer izan garen, nor garen eta nor izaten jarraitu nahi dugun definitzea, kontatzea, horretara bideratzeko eraikiko dugun arkitektura politiko guztia. Esatea, adibidez, konplexurik gabe, munduko edozein nazioren eskubide berbera daukagula estatu independente bat edukitzeko, bere gobernuarekin, bere mugekin, bere herritarren onurako izango diren erabaki guztiak hartzeko. Jakinda, hala ere, eskubideak ez direla merezimenduaren esparruko objektuak, indarraren ondorio baizik. Espainiaren eta Frantziaren biktima izan garelako edozein historiagile objektibo samar batentzat eskubideak merezi bagenitu ere, eskubide horiek lortzeko, gauzatzeko, forma instituzional eta legezkoa eman eta defendatzeko indarra daukagunean soilik izango direla gureak.

Horretarako, gure baitan ideia matxistak etengabe aurkitzen ditugun bezala, euskaldun bakoitzak dauzkan kolonizatuaren ideiak detektatu behar ditu bere baitan, eta desegin. Konplexuak igarri, eta suntsitu. Gutxiespen sentimenduak antzeman, eta popatik hartzera bidali. Zalantzak uxatu. Eta maiz giroak laguntzen ez duen arren, munduaren aurrean tinko agertu, eta esan: bai, euskalduna naiz, Espainiaren eta Frantziaren biktima historiko bat, mende askotan egin digute min eta kalte, baina euskalduna naiz oraindik, eta euskaldun izaten jarraitu nahi dut, ahal bada beste nazioek dauzkaten tresna politiko guztiak eskuan edukita: estatu bat, botere legegilea, politika ekonomiko propioa eta beste gauza guztiak.

Eta hau guztia lasai esan dezakegu, munduko biztanle guztiak baitira independentistak, denek nahi dute euren estatuak independente izaten jarrai dezan: hargatik Espainiak Napoleonen inbasioari gerra egin zion, Frantziak Hitlerren inbasioari gerra egin zion, Ukrainak Errusiarenari egin dion bezala, Europako estatu guztien laguntzarekin, armak eta dirutzak direla medio. Independentziaren aldeko gerra bat Europan gaur egun, guri atzeko atetik independentzia gaitzesten digutenean. Menderatutako nazioak dira soilik erreflexu natural hori galdu dutenak!

Gure ahulezia politikoa profitatuz beti esan zaigu orain ez dela unea: orain trantsizioa egokitzen da, orain ETA dago, orain Aznar dago, orain globalizazioa iritsi da, Baltikoko errepubliken askapenean ere ez zen gure garaia, orain lehena faxismoari ateak ixtea da. Orain ez, orain ezin da. Itxoin indarrak metatu arte. Herri batek itxoin dezake, bai, soilik estrategia bat baldin badauka. Gure suntsiketa identitarioan parte hartu gabe. Asimilazioan kolaboratu gabe. Horren atzean dagoen filosofia politikoaren sakontasuna eta eraginkortasuna oso boteretsua da.

Gezur politiko horien aurrean badira gaurko munduan aldaera konplexuak: indibidualismoaren nagusitasuna, dependentzia energetikoa, elikadurarena, klimaren bortxaketa, auzolan deitu genuen sentimendu kolektiboaren indar galtzea, biztanleok saretzeko moduen aldaketak… Eta Euskal Herriari bereziki dagozkionak: lurraldeen arteko distantzia, ezagutza falta, desoreka ekonomikoak, menpekotasun politikoari buruzko pedagogia gabezia, edota herri gisan ahalduntze prozesu baten ezak ekarri duen ahultze prozesu mingarria.

Politikoki menderaturik gaude, baina bi modu daude egoteko: mentalki emantzipaturik, edo menderaturik zaudela ahantzita. Hortxe dago jokoa, hortxe gakoa.

Berria