Herria al da Itziar? Kronika historikoek Erdi Arotik aipatzen dute Itziar izeneko herria. Iruñako Apezpiku-tzako dokumentuek hamargarren mendearen hasieran kokatzen dute jada Itziar. Santxo IV.ak, Gaztelako erregeak, 1294ko ekainaren 24an eman zizkion Itziarri villa edo hiriburu izateko eskubide eta pribilegioak. Zutik daukagun Itziarko eliza hamaseigarren mendekoa da; erromanikoa da bere eraikuntzan. Esnaolak dioenez, oraingoaren aurrez beste bi eliza izan ziren Itziarren: bat hamalaugarren mendearen hasieran eraikia; eta honen aurretik beste eliza aurre-erromanikoa ere ba omen zegoen. Santiagoko bidean egoteak eman zion protagonismo berezia Itziarko elizari. Humbold-tek idatzi zuenez, «Itziar» izenak «itsas-zear» esan nahi zuen. Elizako abestietan «Itziar» eta «izar» lotu izan dira beti.
Zazpi mendeetan zehar Itziar izena bertako Ama Birjinaren santutegiari lotua izan da. Ama Birjinaren irudia hamairugarren mende aurrekotzat jotzen da; Lizarralde frantziskotarrak euskal birjina guztiak aztertu ondoren Itziarkoa dela ederrena dio. Mende hauetan zehar irudi honek etengabe bildu ditu Itziarra bisitari eta erromesak. Kantak dioen bezala: «zugana dijoaz itsuak, heriak, atsekabedunak, min duten guztiak». Kantauri itsasoaren begibistan izanik lekua, itsasgizonek, Pio Barojaren nobeletan agertzen den bezala, Itziarko elizaren parean pasatzean Salbea kanta ohi zioten Amabirjinari. «Itsasoko izarra» bezala izan da abestua irudi hau mendeetan zehar. Elkano bezalako itsagizonek Itziarko Amabirjinari utzi zizkioten ondareak beren testamentuetan. Orio bezalako arraun taldeak Itziarko Amabirjinari eskaini izan dizkio irabazitako banderak.
Igande ugarietan inguruetako herrietatik oraindik ere erromesaldia egiten zaio Itziarko Amabirjinari. Hauetatik ezagunena Donostiatik egiten den gau-martxa da. Zer dela eta joaten dira urtero milaka gipuzkoar oinez gau osoa igaro ondoren Itziarko gaina igotzera Amabirjinari Agur Jesusen Ama zortziko bizian kantatzera? Barne erori-errezak altxa egin nahi dutelako nola edo hala.
Herria al da Itziar? Arrazoi historiko, geografiko, eta sinbolikoak kontuan hartuta, Gipuzkoaren baitan leku seinalatua da Itziar. Bertara joaten dira bikote ugari ezkontzera; bertara joaten dira bidaiariak eguna pasatzera; Itziar talaia da eta atseden tokia askorentzat; konbersio eta graziaren bila dabilen erromesarentzat babesleku isil paregabea da. Horregatik leku berezia da Itziar euskal geografian; errepideek, komunidabideek, teknologia berriek leku guztien berezitasunak borratzera bultzatzen gaituen garai hauetan, zenbait lekuren identitatea aberastasuna da eta bertakoek gorde egin behar dute leku horren tradizioa ondorengoentzat. Itziar da memoria handiko leku horietako bat, bertako herritarrek zaintzea merezi duena. Hainbeste emakumek beren izena «Itziar» dute. Izen hori imajina konkretu bati eta herri ezagun bati lotua dago. Kantak dioen bezala: «Zeru ertz batetik ta besteraino ez da izar ederragorik zu baino. Zeruetatik etorri zinan Itziarra. Hor zaude geroztik zu itsasoko izarra». Itziarko historia, izena, sinbolismoari eusteko, une honetan herritartasun hori baieztea komeni da.