Euskal Herria bezalako herri batek nazio bezala funtzionatzeko eta bizi izateko, lehenik behar duena da herri kontzientziaren sentimendu handia eta bizia.
Gure herri hau eraikitzeko, nazio sentimendua areagotzea funtsezko zutabea dugu. Jakina da Euskal Herrian kanpotik etorritako jendea bizi dela eta beste pertsona batzuk iragaitzaz ibiliko direla. Horiengan aipatu dudan kontzientzia lortzea argi dago zailagoa dela. Baina beste pertsona asko bizi gara hemen, Euskal Herrian jaiotakoak, euskaldunak garenak eta euskal odola dugunak.
Hori guztia horrela izanda ere, ohartzen gara hemengo jende askok ez duela euskal herri sentimendu handirik, ezta euskal nazio kontzientzia nabarmenik ere. Dena dela, hori ez zaigu oso harrigarria gertatu behar, Euskal Herriko historia pixka bat ezagututa. Gogora dezagun, esaterako, Nafarroako erresumen garaitik hona Euskal Herriak zenbat konkista, birkonkista, kolonizazio, inposizio, debeku, galarazpen, zentsura, murrizpen, zatiketa eta abar eta abar pairatu dituen etengabe eta esparru guztietan. Hortaz, herri kontzientzia gabezia honetara iritsi izana ez da inola ere harrigarria. Baina beste ideia bat ere guztiz garbi daukat: herri batek nekez lortuko duela bere izate osoa, bere independentzia edo burujabetza, ez bada jendearengan esnatzen hasten herri kontzientzia bizi, fermu eta zabal bat.
Bukatzeko, esanen nuke Euskal Herriaren burujabetasuna amesten dugunok lan mardula dugula herritar askoren kontzientziak esnarazten eta berpizten.
Berria







