Herri Existentzia Amaiurren: “garaia da egoera hau iraultzeko”

1512-1522 artean Nafarroan gertaturikoa gogoratu zuten “aberri aske” bat helburutzat hartuta

Amaiurko monolitoan egin zuten eguerdian ekitaldia. Fernando Anbustegi

“Garrantzitsua da nondik gatozen ezagutzea, non gauden, eta batez ere nora joan nahi dugun”. Asisko Urmeneta marrazkilariak larunbat honetan Amaiurren errandako esaldiak ederki laburbiltzen du larunbat honetan Baztango herri horretan ospatutako Amaiur.Erresistentzia ikur ospakizunaren funtsa.

Herri Existentzia elkarteak antolaturiko egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izan zuten larunbat honetan Amaiurrera hurbildutakoek.

Hamarnaka lagun goizean elkartu ziren eliza ondoko gurutzean, prestaturiko ibilaldi gidatu berezi batean parte hartzeko, izan ere, gazteluan bukatuko zen ikuskizuna prest zuten, azalpenak, antzerkia, kantua, dantza eta bertsoek osaturiko ikuskizun historikoa. Urmeneta berak ekin zion lanari, eta bere azalpen eta marrazkiekin 1512ra egin zuen gibelera, garai hartan Nafarroako egoera zein zen aipatuz.

Amaiurko aterpean Bertsozale Elkarteak antolaturiko udalekuetan parte hartzen ari diren hamarnaka gaztek ere parte hartu zuten ikuskizunean, herrian zehar egindako geldialdietan hainbat bertso-sorta musikatu eta dantzatu eskainiz. Gainera, hiru antzezlek Urmenetak geldialdiz geldialdi egindako marrazki eta azalpenekin uztartu zituzten beren eszenak.

Ibilbide gidatu historiko artistikoaren bidez bertaratutakoek 1512 eta 1522 urte bitartean Nafarroan izandako okupazio eta askapen borroken berri izan zuten, kalejira umoretsu eta ederrean.

Amaiurko eskola bazterrean ere geldialdi bat egin zuten. Herri existentziak eskolaren alde bateko paretan horma irudi ikusgarri bat margotu du, marrazki ederrez eta “jaiki-jaiki” kantuaren kopla bertsionatu baten hitzekin. Kopla ere kantatu zuten bertan. Eta Amaiurko herriak agertutako prestutasuna eskertzeko, Ixabel Aleman alkateari Amaiur.Libera State, aurten argitaratutako liburuaren ale berezi bat oparitu zioten. 

Gazteluan akitu zuten goizeko jarduna, monolitoan egindako lore eskaintzarekin eta familia argazkiarekin. Bertan, Herri Existentzia elkarteak aitzinera begirada egin zuen, gibelera begiratuz. Azken mendeetan jasandako zapalkuntza gogoan, askatzeko garaia ailegatu dela nabarmenduz, “izan gaitezen jende librea aberri aske batean”.

Gero bazkaria egin zuten eta Aho zakil konekxion eta Lur Barnea taldeen kontzertuarekin borobildu zuten egitaraua. Lur Barneak, Amaiurko defentsa kantu trilogia aurkezteko baliatu zuen eguna.

Noticias de Navarra