Heriotzaren lorratzean

Inguruko norbait hiltzean, beti ez bada ere, heriotzari buruzko irakurraldiren bat egiteko ohitura bitxia daukat. Oraingoan Joxan Lizarribar joan zaigu. Eta haren heriotzarekin gu ere zertxobait hil egin gara. Partekatzen genuen mundua umezurtz geratu da. Izandakoaren ondorio besterik ez garenez, hemendik aurrerako bizialdian haren eza gure eza bihurtzen zaigu. Izan zelako gara, izan zelako partekatu genuen gure mundualdia, eta gure ondoren izango direnak ez lirateke diren bezalakoak Joxan Lizarribar izan ez balitz.

Ondo gauza jakina denez, gure kulturaren arabera heriotzak leku isil-gordea du egungo gizartearen ohituretan. Telebistako heriotzak ez dira gureak, besteenak eta urrunekoak baizik, eta ikuskizun lizun bihurtu zaizkigu. Enpatiaren mekanismoek huts egiten digute. Bestalde, beldurra ematen digu heriotzari buruz jarduteak. Are gehiago, gustu txarrekoa izan liteke hainbatentzat gaia hizpide hartu nahi izatea. Hala ere, heriotzarekin ditugun harremanetan, eta, adin batetik aurrera harreman horiek eguneroko zantzu bihur daitezkeenez, hobe dugu heriotzaren kontua bizilagun bihurtzea etsaitzat hartzea baino. Bizitza eramangarriagoa, atseginagoa, goxoagoa izan liteke harekin harreman orekatuan egonda. Etsai gogorregia da heriotza, areriotzat hartu nahi izateko. Gogorregia, ezkutatu eta isildu nahi izateko. Onean egonda, hobeto sentituko gara txarrean hartuta baino.

Heriotzaren gaia ezin omen dugu barrutik pentsatu. Freuden hitzok lekuko: «ezinezkoa da gure heriotza imajinatzea, eta, horretan ahaleginduko bagina ere, berehala ohartuko ginateke ikusle gisa baizik ezin dugula irudikatu». Alabaina, horrek ez du esan nahi kanpotik pentsatu ezin dugunik, beste gai asko bezala. Heriotzaren kontzeptua eraiki daitekeen zerbait da. Heriotzaren auzia arrazoiren batengatik edo bestearengatik bere gogoetagai izan duen jendeak ez du izaten zalantzarik: hala, batzuen ustez, eskolatik bertatik hasi beharko litzateke giza bizitzaren mundualdiaren bukaeraz hausnarrean. Heriotza eskola-umeen sozializazioan txertatzen. Baina ez dirudi arrakasta handirik duenik, oraingoz ,ekimen horrek gure kultura-ereduan.

Nola planteatu heriotzaren kezka eta beldurra bizitzaren barruan? Dakigunez, giza heriotzak badu halako misterio kutsu bat, nahiz eta gauzarik naturalena izan. Alde batetik, gizakiok geure baitan daramagun patua da, jaiotza orok berez dakarrena, baina beste aldetik delako misterio kutsu horrekiko begirunez jokatzea lagungarri omen. Bizitzari eman nahi diogun zentzua emateko, hobe heriotzaren gaia ez hutsaltzea, ez baita nolanahiko gertakaria, nahiz eta zentzu onaren araberako naturaltasunez jokatzen ahalegindu behar omen genukeen. Saminaren latzak ez gaitzala heriotzaren mirabe bilakatu.

Heriotzaren misterioak ez gintuzke, ondo bidean, mamuen munduan sarrarazi behar oraintsu arteko erlijio-kulturak eta ohiturak sartu gaituzten bezala. Edgar Morinek adierazia duenez, heriotzari diogun beldur-izuak mitorik arkaikoenak pitz ditzake gizakiongan: «Heriotzarekiko giza jarrerak aldi berean kontzientzia arrazionala, kontzientzia horri darion traumatismo mentala, eta traumatismo hori baretze aldera heriotzaz haratagoko bizitzaren mitoak sorrarazten ditu». Heriotzaz dugun kontzientziak sortzen bide dizkigu mitoak. Heriotzarekin dena bukatu dela onartu nahi ez izateak.

Ez da ez nolanahikoa heriotzak sortzen digun guztizko amildegia. Erabateko etendura eragiten du bizidunen eta hildakoaren artean. Eguneroko bizitza goitik behera iraultzen du bizikide izan dituenentzat. Bizi garen bitartean gauza gehientsuenek ez dute erabateko zentzurik bereganatzen, erlatibiza ditzakegu neurri batean. Heriotzak ordea ez du halako aukerarik ematen, behin betiko ezaugarriak ditu. Betiko doa mundutik doana. Betiko eta betikotasuna, ezinegona eta hotzikara sortzen duten hitzak. Eta hala eta guztiz ere, heriotzak badu eguneroko bizimoduarekin lotura hertsi bat: jaiotza bezain naturala baita hil beharra, hura bezain gertakari ohikoa. Amaiera guztien amaiera, eta, hala ere, eguneroko bizitzari ezin diogu bizkar eman. Bizitzak zentzua behar du, zentzua zor diogu, zentzua zor digu, eta, aldez edo moldez, heriotzaren gertakaria integratu behar izaten dugu zentzu horren barruan. Azkenean, nahita edo nahi gabe integratu behar dugunez, hobe nahita egitea.

Zoritxarrez, hilko ez bagina bezala bizi gara gaurko kultura-ereduan, bizitza bere aldetik balebil bezala, bizi-zentzuen eraikuntzan heriotzak zeresanik ez balu bezala. Gauza bat da, noski, heriotzarekiko ikara patologia-iturri bihurtzea, eta beste bat, heriotzari ihes egiteagatik bizitzaren identitate-iturri bat desegitea edo antzutzea. Hiltzen erakutsiko ligukeen bizitzaren kultura falta zaigu, inondik ere. Heriotzaren pedagogia. Edota, Patxi Izagirreren hitzetan esanda, «heriotzari zentzua emango dion kultura-ondarea garatu edo berreskuratu beharra daukagu».

 

 

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-05-08/004/001/heriotzaren_lorratzean.htm