Gutaz eta Euskal Herriko historia eta nortasuna: errelatoaren jabeak

Datozen asteotarako hitzaldi sorta, erakusketa eta ikastaroak antolatu dituzte Oñatin eta Bergaran udalek eta Nabarraldek, Olaso Dorrea fundazioaren laguntzarekin. Geuk gutaz jakitea dute helburu.

Errelatoa, kontakizuna, berba nonahi agertzen zaigu gaur egun. Errelatoa historiarekin lotuta doa. Historia ez da , izanagatik ere, antzinako gertaeren zerrendatze huts hotza. Historia errelato baten orrialdeak dira. Aurrekoak hurrengoa baldintzatzen du eta hark datozenak, eta geu hor nonbaiten gaude. Normalean ez da izaten errelato bat eta bakarra, geu ere ez garelako bat eta bakarra. Hala ere, errelato bat eta bakarra ofizial bihurtzeko joera izan ohi da beti. Ofiziala eta bakarra hezkuntzan, politikan, komunikabideetan. Azken buruan, gizartea moldatzeko abiapuntu eta jomuga izango den errelatoa.

Giza talde batek ez badu bere errelatoen kontrola, beste norbaitek bere interesetarako harrapatuko dio kontrol hori. Berdin dio euskal-nafarrok izan, Ameriketako nazio indigenak zein Afrikakoena edo Ekialde Hurbilekoena izan. Kontrolatzaileak erabakiko du herri eta herritar horiei dagozkien eskubideak eta debekuak. Horregatik komunikabide, tertuliakide eta gizarte agente ezberdinen ahotan beti egotea errelatoa.

Oro har, euskal-nafarrok ez gara gure errelatoaren jabe. Garaitu, konkistatu eta asimilatu gaituztenen errelatoa inposatu eta onartu ere onartu dugu maiz baino maizago. Horrek auto-ukazio eta autoestimua eskasera eraman gaitu. Ezgauza garela sinestarazi arte. Euskal Herriko komunikabideetan “a nivel nacional” sarri entzuten denean, ez dira Bilbo, Baiona edo Iruñeko ezertaz ari, Espainiaz baizik. Gure paradigma, errelatoa, gaztelarra da. Gaztelar diot, bai; nazionalismo espainiarra, azken finean, supremazismo gaztelarra delako.

Orain dela urte gutxi San Telmo museoan, ospe handiz, “Los Galos/Galiarrak” erakusketa egin zen hartan Akitania osoa galiarra (zelta) zen. Euskaldunak ez ginen inondik inora agertzen ez mapetan ezta azalpenetan ere. Erakusketa hartara frantsesek eraman zuten errelatoa, baina zabaldu gu geu ari ginen zabaltzen.

Podcast eta youtubeko historia, hizkuntzalaritza eta halako gaien saio gehienen arabera Asturias, Leon, Gaztela eta Aragoi artean ez zegoen ezer. Dibulgatzaile gaztelarren errelatoan zeltiberoak eta godoak besterik ez zen han, geroago frankoak aukeran. Euskal-nafarrok derrepentean agertu omen gara lur hauetan. Euri osteko perretxikoen modura. Perretxiko txarrak gainera, pozoia barreiatzeko hazitakoak omen.

“Mesedez, errelatoa ez ukitu, ordea”. Besteak beste, akademiko espainiar ofizialen errelatoan “vasconicación tardía” delakoaren teoria nekez uztar daitekeelako Iruña-Veleian aitzin-euskaraz egitearekin. Ondorioz, froga arkeometriko independenteak eta indusketa kontrolatuak baztertu beharko dira zenbait aurreiritzi eta teoria ez asaldatzearren. Zientziak epaitu beharko lukeena, epaile batek epaituko du otsailean. Politikan sarriegi bezala, oraingoan ere epaileek idatziko dute errelatoa.

Akordatzen naiz behin gaztelar batek oinarririk gabeko nazionalismo anakronikoa leporatzen zidan solasaldi batean, euskaldunon estatua Nafarroa izan zela esan niola nik. Hori eskolan sekula ere ez ziotela irakatsi erantzun zidan. Gaztelarrean errelatoa bakarra da; berau, baina, geure artean ere erabiltzen dugun bakarra izan ohi dena. Gainera Nafarroako errege dinastia batzuk frantsesak izanik, bada, legitimitaterik ez zutela-edo aditzera eman zidan. Haren errelatoan koroa espainiarraren Austriarrak eta Borboiarrak gaztelar peto petoak omen ziren; Cuencakoak edo ote? … eta zorioneko gu Espainiako etxe handian onartu gaituelako, guk astakirten ezjakinok horrela nahiko ez bagenu ere.

Errelatoa “normalago” egite aldera oraingo Iruñeko “udal normalago” honetan, Enrique Mayak alkateak Iruñeko historia dibulgatzeko argitalpenetan “baskoien aipamena” murrizteari ekin dio. Navarra+an Ciudanosek duen ordezkariak ekarpen “normalagoa” egite aldera, euskara Iruñean mintzatu denik ere zalantzan jarri du. Berdin die inguruko toponimiak dioena edota artxiboko eskutitzak, ezkontza testigantzak, hainbat kargutarako hizkuntza eskakizunak, interprete eta itzultzaile premiak eta antzeko dokumentazioa azaleratuz, Jimeno Juriok, Peio Monteanok, Patxi Salaberriak… eta beste aditu askok Iruñea eta bere ingurua 20.mendera arte euskalduna izan dela frogatzeak. Euskara arrotza da hauen errelatoan. Euskara mintzatu den tokian, inoiz mintzatu bada, gauzen orden “normalagatik” berez lasai-lasai isiltzen joan da gure aurrerabidearen mesedean. Supremazista gaztelarren errelatoan ez da sekula jazarpen, inposaketa edo debekurik izan. Izan ere, ez da inoiz gatazkarik gertatu eta, ondorioz, “normaltasuna” haiek ezarritakoa izanik, kontra egiten ausartu dena gaizto intolerante fanatikoa deklaratu dute. Iruñeko udal argitalpen horretan, ostera, Loiolako San Inazio militarra Iruñeko konkistan laguntzea nabarmenago goraipatzea egokiago jo dute. Hori ez omen da vascongadoen mutur sartzea. Errelatoari ondo baldin badatorkio, ez dago “injerencia vasca” arrotzik nonbait.

Xamartek bere Etxera Bidean liburuan Aezkoako jendeak jasandako auto-ukazioa eta autoestimu falta adierazteko, bere amonarekin 1980ko solasaldi labur hau kontatu du:

-Amatxi, herrian erraten dadate zuk badakizula arront ongi uskaras elekatzen…

-¡… Qué no, qué no sé…! ¿Pero qué dices, mi chico? Eztakit! Atzendu zaida!!- atsekabeturik oihukatu zidan, urduri, lotsaturik (beldurturik), soldaduen kuartela izan zen Txirrineko bordari so eginez.

Aezkoan bezala, Euskal Herri osoan errelatoa inposatu nahi izan eta izango digute, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Fake news, intoxikazioa, soldatapeko komunikabide eta tertulianoak, akademiko ofizialak eta etxekalteak beti izan dira eta izango dira. Arazoa euren errelatoa ofizial bihurtzetik eta gure onartzetik eratortzen da. Errelatoaren bertsioak ezagutzean datza gakoa. Eta horretarako erakusketa, hitzaldi eta ikastaroak: geuk gutaz jakiteko.