Goldman Sachs finantza-erakundeak tresna finantzarioak sortu zituen zenbait europar gobernuren zorra ezkutatzeko, eta Grezia euroguneko lehen biktima izan da (http://neweconomicperspectives.blogspot.com/2010/02/memo-to-greece-make-war-not-love-with.html eta http://www.unibertsitatea.net/ blogak/heterodoxia/eurolandia-mon-amour). Baina zer egin dezake Grezia bezalako herrialde txiki batek Wall Street-eko finantza-erakundeen aurrean?
Randall Wray ekonomialariaren ustez (http://neweconomicperspectives.blogspot.com/2010/03/interview-with-randall-wray-about.html), estrategiarik hoberena euro-kideak diren guztien ikerketa koordinatua izango litzateke, finantza-erakundeek europar lurrean egindako finantza manipulazioak jakiteko. Goldmanek eta beste erakunde batzuek, baita europar banku zenbaitek ere, praktika horretan parte hartu dute. Kontua ez da Europar Batasuna kuestionatzea. Aipaturiko finantza erakundeak ahalegintzen ari dira Greziari erasotzen. Uzten bazaie hori gauzatzen, Portugal, Italia eta Estatu espainola izan daitezke hurrengoak. Zorrak ezkutatzetik at, beste zenbait ahaleginetan aritu dira: ordaintzen ez denaren gainean apustuak egiten, kreditua betetzen ez deneko prezioak altxarazten, kredituen jaitsierak induzituz eta, beraz, finantza kostuak altxarazten.
Wrayren arabera, euroguneko inongo herrialdek, ezta Alemaniak ere, ez dezake jasan horrelako erasorik. Hori dela-eta, Wrayk «gerla» hitza erabiltzen du dagoen gatazka izendatzeko. Inongo herrialde ez daiteke ezer egin gabe egon eta finantza erakundeek herrialdeari eraso diezaioten utzi. Greziak ez badu lortzen euroguneko beste herrialdeen babesa, aldebakarreko eran bere lurraldean aritzen diren erakunde finantzarioei gerla deklaratu behar die, bere ekonomia suntsitzen ahalegintzen diren erakundeei.
Arazoa da Wall Streeteko erakunde erraldoiak daudela lanean zorra ezkutatzen ahalegintzen eta jendea engainatzen, baita gainontzeko Eurolandian ere. Wrayk errepikatzen duenez, euroguneko inongo herrialderik ez dago salbu. Goldmanen ohiko praktika da beraren bezeroen aurka apustuak egitea. Ondorioz, Greziako Gobernuak austeritatea proposatzen du.
Baina austeritate-programak ez du ezer konponduko. Austeritateak hazkunderik eza esan nahi du, eta horrekin batera ondokoak: presio deflaziogilea, zerga-sarrerak murriztea eta aurrekontuaren defizita handitzea (Greziako gaur egungo BPGren %40 jadanik zergarik gabe dago eta aurrerantzean gehiagora joango da isilpean zergak alboratzearren).
Txina kenduta, mundu osoa dago atzeraldi handian, zeinak seguru asko zenbait urte iraungo duen. Hortaz, Greziak ez dauka inolako aukerarik esportatzeko. Gainera, alokairuak jaisten ari dira Eurolandia osoan. Beraz, austeritateak ez du funtzionatuko. Hondoranzko lasterketa da, eta inork ez du irabaziko horrelako lasterketa.
Greziaren benetako arazoa euroaren eratzetik dator. Euroaren sortzean dago kontua. Batzuek Grezia Eurolandiatik ateratzea proposatu dute. Baina irteera hori, ezer izatekotan, azken erabakia izango litzateke, eta oso garestia. Wrayk dioenez, Grezia Europar Batasunetik ateratzen bada, bere zorra lehenetsi behar du, bere moneta propiora itzuliz. Epe laburrean oso mingarria izango da, baina estrategia zuzena izango litzateke baldin eta ez balego inolako aukerarik Eurolandian antolaketa fiskalak aldatzeko. Eta hortxe dago koska.
Ekonomialari eta politikari batzuen ustez, euroguneko herrialdeek Grezia larrialditik atera behar dute, diru laguntza hornituz. Baina Grezia lehen biktima da. Eurolandiako herrialde sendoek Greziaren zorra beren gain har dezakete, baina gero Portugalen, geroago Italiaren eta beranduago Estatu espainolaren zorrak hartu beharko lituzkete beren gain. Hori ezinezkoa da, zeren hurrengo erasoa Alemaniaren eta Frantziaren kontrakoa izango bailitzateke.
Beraz, zer egin daiteke? Hona Wrayren proposamena: (i) Europako Banku Zentralak euroguneko herrialde guztien zorra erosi behar du, merkatuen zorrak likidatzeko, arriskuen hedatzeak alboratzeko, eta gobernuek ordaintzen dituzten interesak jaisteko. (ii) Emergentziazko pizgarri fiskala hornitu behar du -Wrayren ustez 1.012 euroko paketea- euroguneko herrialde guztien artean banatua, per capitako oinarrian. Gero gobernu bakoitzak erabakiko du nola gastatu euro horiek. (iii) Azkenik, eta guztiz garrantzitsua, Eurolandiaren konfigurazioak aldatu beharko du Europako Parlamentuaren autoritate fiskala handitzeko, fondoak hornitzeko (Eurolandiako BPGren %10/%15eraino iritsiz; gaur %1 baino gutxiagokoa da). Fondo horietako batzuk Bruselatik zuzendu behar dira, baina gehiena herrialde kideen artean banatu behar da.
Hori guztia lagungarria izango litzateke euroguneko herrialdeek jasaten duten arazorik handienari irtenbidea emateko, baita Greziako benetako krisiaren kausari ere.
Euroaren eratzea akatsez beterik egon da hasiera-hasieratik. Izan ere, euro-kideek botere fiskal subiranoari uko egin zioten euroarekin bat egin zutenean. Kontu nagusi bakarra Europako Banku Zentrala martxan jartzea zen, eta moneta politika erdigunean uztea. Hori politika neoliberala besterik ez da -alegia, botere ekonomikoa autoritate «independente» baten esku jartzea, zeinaren helburu bakarra inflazioari aurre egitea baita-. Ez da egon inoiz autoritate fiskal konpentsatzaile bat, enplegu osoa eta hazkunde ekonomiko sendoa defendatzeko erantzulea izan zitekeen autoritate fiskala.
Herrialde kideek, bere aldetik, ezin dute hasierako hutsune hori bete, zeren merkatuek defizitak zigortuko baitituzte, orain Grezian gertatzen den modura. Garaia da agenda neoliberala baztertzeko eta euroguneko herrialdeen batasuna birformulatzeko beste lerro batzuen bidez.