Goi erdi aroa: Erromaren gainbeheratik Iruñeko erresumaren sorrerara. Mende ilunak argitzen.

Erromaren krisialdi eta hondamendiaren ondorioz anabasa eta bortxa giroa nagusitu ziren mendebaldeko inperioaren lurraldeetan. Hainbat herrik, gehienak jatorri germaniarrekoak, nahi izan zuten hark utzi zuen botere hutsunea bete. Euskal Herria ez zen salbuespen izan. Garaiko euskal lurraldeetako biztanleek kaos eta bortizkeria egoera pairatu zuten, eta haiei aurre egiteko antolatzeari ekin zioten. Ordutik dator euskaldun oldarkor beregain zalearen mitoa, kanpotik datozkion inposaketa “zibilizatzaile” guztien aurka borrokatzeko beti prest. Dokumentazioa urri eta elezaharra franko duen garai hau izango dugu aztergai aurtengo historia zikloan.

Apirilak 19, asteazkena:
“Baskonia erromatar aldiaren azkenetan eta ondoko mendeetan”.

Jokin Lanz Betelu – Antzinateko Historian doktorea (2017, UPV-EHU) eta Historia eta Ondarea Graduko irakaslea (UPNA).

K.o. IV. mendean, hamarkadetako isiltasun baten ondoren, iturri idatzietan baskoien inguruko aipamenak berragertzen dira, beren eskualdea izendatzeko lehen aldiz «Baskonia» dermioa aipatzen delarik. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren ondar urteetan, ipar ekialdetik etorritako herri barbaroen migrazioen eta erromatar inperioaren gainbeheraren lekuko izanen dira Baskoniako biztanleak, aipaturiko migrazioek eta administrazio inperialaren kolapsoak ekarritako ezegonkortasuna eta segurtasun eza pairatuz. Ordea, VI. mendeak aurrera eginda Pirinioen bi aldeetara franko eta bisigodoen erresumak finkatzen direnean, baskoi berantiar hauen dinamismo politiko eta militar handia agerian geldituko da, hauek errealitate berrira egokituko bait dira mendebaldean punta puntakoak diren arma eta ezagutza diplomatikoen bitartez.

Apirilak 27, osteguna:
“ Akitania-Baskonia eta franko karolingioen erresuma aurrez aurre”.

Iñaki López de Luzuriaga – Historia gaietako ikertzailea eta dibulgatzailea, wikilaria. Euskal
filologian tituluduna eta humanitate digitaletako graduondoduna. Nabarralde eta UEUko kide.

Hitzaldi honetan, erreparatuko zaie Baskoniako Dukerriaren sorrerari, franko merovingio eta karolingioen eraginari, eta Akitania-Baskoniako Dukerri burujabe bikoitzaren goraldi eta gainbeherari, eta aztertuko da nola gerra higatzailearen logikak Garona ibaiaren atarira ekarri zituen indar franko karolingioak, Eliza lagun harturik. Akitaniako Gerrak (760-768) ateak zabaldu zituen Baskonian sartzeko eta, suntsipenaren gainean, ordena inperial latino karolingioaren haziak ereiteko.

Maiatzak 3, asteazkena:
“Orreagako bataila (778)”.

Xabier Irujo – Historialaria. Nevadako (EE.BB) Unibertsitateko Renoko Euskal Ikerguneko
zuzendaria. Genozidio ikerketetan katedraduna.

Errozabalgo gudua gertaera historikoa da, oso ikertua izan arren, zientifikoki aztertu izan ez dena. XIII. mendetik aurrera eratu zen narrazio historikoa. Gurutzaden Europaren
testuinguruan, xede politikoz tindaturiko literaturak, gertakari historikoa eraldatu zuen,
gertakariari erantzuten ez dion elezaharra sortuz. Hitzaldi honetan gertakari historikoa eta
elezahar ederra aztertuko ditugu, baina bi munduak, errealitatearena eta fikzioarena, eta bi
errealitateak, literarioa eta historikoa, bereiziz. Errozabalgo gudua enperadore baten handinahiaren ondorioz sortu zen hondamendia da. Tazitoren hitzetan, kolore guztietako enperadoreek “usurpazioari, hilketari eta desjabetzeari inperio deitzen diote, eta ondoriozko suntsipenari, bakea”.

Aita Agirre kulturguneko areto nagusian
Arratsaldeko 19:00etan

Antolatzaileak: Ilunberri Achademia eta Elgoibarko Izarra
Laguntzailea: Elgoibarko Udala