Politikari ezjakin, teknikari harroputz, enpresari aseezin eta diru-gose batzuek zaborrak «kudeatzeko» era eraginkorrena errauskailua dela erabaki dute. Munduko unibertsitate ugaritako ikerketek abisua emana dute: minbizien ugaltze ikaragarria, kutsadura izugarria, gure lurraldeko produktuak inork nahi ez izatea, bizitza kalitatearen eskastea… eta zaborraren arazoa konpondu gabe
Artikulu hau 2050. urtetik idazten dut, eta duela berrogei urteko gertakari bat azaldu nahi dizuet. Gipuzkoan jaio eta bertan bizi naiz. Laurogeitaka urte betetzera noa eta burua galdu aurretik ia lehengo mendeko muga hartan bizitakoa berritu nahi dut. Berritu nahi dut, XXI. mendearen erdi honetako gazteak eta etorriko direnak jakinaren gainean bizi daitezen, bere aurrekook, bere ama-aitek eta amona-aitonek garai hartan bizitakoa ezagutu eta jantzi daitezen. Bide batez, ez da garrantzitsuena, baina zer arraio, historiako apaletan tolestuta jaso dadin. Betiko jakingarri dadin…
Mende honen hasieran betiko egoera gatazkatsuan bizi zen gure herria. Orduan ere ez zen giro. Artean aberrien arteko borroka historikoa puri-purian, ordura arteko eredu ekonomikoa kili-kolo, besteen bizkar ederki bizi izan ginenoi mundu osoa kontu eske zetorkigun, feminizidio historikoa irauli ezinik, kontzientzia ekologikoa pizten… eta egoera hartan ez ikusiarena egin eta betiko errapeari tiraka are eta goragoko ur-bitsetan bizitzea nahi zuenik bazen. Gozo, bertan gozo, egoerari bizkarra eman eta ni ondo eta besteak «hor konpon marianton» bizi nahi zuen askok. Gero bai, «behartsua lagundu», «hurkoa maitatu», «gaixoa zaindu» eta antzeko sermoiekin zurituko zituzten beren ekintza guztiak. Barkamena eskatze hutsarekin bekatu guztiak, baita gordinenak ere konpontzeko aukera ematen zieten erlijiotakoak ziren gehienak, gaur, zorionez, gure artetik ia desagertuta dauden fedeak.
Jendea jabetua zen egoera hark munduaren erabateko txikizioa zekarrela. Gaur bezala, orduan ere jendea ez zen tentela. Ingurumena zeharo erretzen, kontinente osoak goseak jaten, gure gizarte harroputzak beharrezko eta ez hain beharrezko zituen gaiak itsaso eta lur guztietan lapurtzeko ejertzito eta armadak bidali behar… bagenekien baina zertan ari ginen. Ederki asko jakin ere…
Egoera hau, ordea, ezinezkoa litzateke agintarien ametorik gabe. Politika, politikoak, lehenaz gain bere diru-txartel distiratsuek behar zituzten kontu korronteak gizentzera jarrita zeuden. Ustelkeria erabat hedatua zen eta politika eta dirua saltsa guztietan zerbitzatzen zen. Ustezko Justizia eta Polizia justu batzuen zaintzapean ginen, baina uste hau ere uste… Ustelkeriaren kiratsa zen nonahi.
Nonahi, kale bazter guztietan ere kiratsa nagusi. Edozein tokitan zaborra uzten zen. Horretarako apropos jarritako «edukiontziak» deitzen genituen ontzi handi batzuetan sartu eta gure zaborraz ahazten ginen. Kale kantoi guztietan topatuko genuen, usaina antzemango genuen, baina geurea zela ahaztua genuen, gure gizarte ustel haren usaina besterik ez zela ez genekien. Bagenekien baina jakin nahi ez.
Eta garai hartan gertatzen zen eran, ez jakite hori baten baino gehiagoren aberaste bidea zen. Gizarte ezjakina diru iturri zuten enpresek majo igurzten zituzten eskuak.
Bitartean, politikoek nahikoa lan bazuten «jasangarritasuna», «iraunkortasuna», «demokrazia parte-hartzailea», «berrikuntza», «elkartasuna» eta antzeko hitzak moko fin asko kudeatzen. Orduan ere ahoa neurri.
Egoera negargarri haren ondorio latzenetako bat Donostiako parte izateko zori ezin txarragoa zuen Zubietan eraiki zen errauskailu erraldoi madarikatua izan zen. XXI. mendearen erdi honetarako dagoenerako errauskailua itxi eta erabat deuseztatzea erabakia dugu gipuzkoarrok, baina itxiera honetara arteko bidea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan.
Mende honen hasiera hartan politikari ezjakin, teknikari harroputz, enpresari aseezin eta diru gose batzuek gure zaborrak «kudeatzeko» era eraginkorrena errauskailu santu hori egitea zela erabaki zuten. Ordurako, dagoeneko, mundu guztiko unibertsitate ugaritako ikerketek abisua emana zutena, gipuzkoarrok geure haragitan gordin asko ezagutu dugun ondorioa: minbizien ugaltze ikaragarria, kutsadura izugarria, gure lurraldeko produktuak inork nahi ez izatea, bizitza kalitatearen eskastea… eta sortzen dugun zaborraren arazoa konpondu gabe. Berrogei urte gehiago behar izan dira arazoa konpontzeko bidean jartzeko. Duela berrogei urtez geroztik, bere egoskorrean Usurbilen hasi eta Hernani, Oiartzun eta beste herri batzuek antolatu zuten atez ateko bilketa eredugarria probintzia osora zabaltzeko.
Orduan zen, ordea eredugarria, gaur egun ia mundu osoan zabaldua da. Orduan aurreratuenek, ausartenek eman zuten urrats hura, Katalunian, Italian, Ingalaterran, Danimarkan, Alemanian… Garai hartan Gipuzkoak bere historiako aukera onenetako bat alferrik galdu zuen. «Gipuzkoa aurrera», «Gipuzkoa Parte Hartzen», eta antzeko leloak maisiatzen bai baina munduaren aurrean benetan eredugarria izan eta gizarte aurreratu eta auzolanerako prest zegoena antolatzeko aukera erre zen.
Baina gaur historia egin behar dugu, gertakari haren historia. Eta historia izenak jarriz egiten da. Bakoitzari berea. Ni gipuzkoarra nintzen eta ezagutu nituen. Garai hartan teknologia txikitzaile hura proposatu eta sustatu zuten teknikariak (arkitekto, ingeniari, zabor-kudeatzaile…), baimenak eman eta errauskailua martxan jartzea erabaki zuten politikariak (diputatuak, alkateak, zuzendariak…), eraikuntzarekin eta ondorengo kudeaketarekin aberastutako enpresetako akzionistak honoko hauek izan ziren: …
* Jakoba Errekondo Usurbilgo Atez Ate Dudipe bilguneko kidea