Gilles Lipovetsky filosofoa Gasteizen. Orainaldiaren diktaduran

Denboraz mintzatu da Gilles Lipovetsky filosofoa Gasteizen; gizarte hipermodernoak oraina lehenetsi duen arren, etorkizunarekin edo iraganarekin dauden loturak ez direla desagertu uste du.

Iragana, etorkizuna, baina batez ere, orainaldia. Denboraren osagaiez eta gizarteak horiekin duen harremanaz mintzatu zen atzo Gilles Lipovetsky (Paris, 1944) soziologo eta filosofia irakaslea Gasteizko Artium zentro-museoaren auditorioan. Museoaren bilduma iraunkorreko azken erakustaldian -Denbora mendekatzailea izenekoa -ardatz nagusia horixe bera da, denbora.

Gaur egungo gizarte garatuen azterketa izan da, azken hiru hamarkadetan, pentsalariaren kezka nagusia. Modernitatea atzean utzi eta hipermodernitatera jauzi egin dela defendatu du. Aldaketa horren ezaugarri nagusiak indibidualismoaren indartzea eta egitura kolektiboen ahultzea izan dira, haren aburuz. 1983an bere pentsamenduaren oinarriak bildu zituen L’ere du vide (Hutsaren aroa) liburuan. Harrezkero ildo horretan sakondu du.

Orainaldiaren nagusitasuna azpimarratu zuen Lipovetskyk, aretoa betetzen zuen jendeari eskerrak eman eta Arabako hiriburura egiten zuen bigarren bisitaldia zela Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariari argi utzi eta gero. Joan den mendeko 70eko hamarkadatik aurrera postmodernitatearen kontzeptua ontzat jo zuela aitortu zuen, oker zegoela onartuta. «Ez zen modernitatea hil. Aldiz, bizkortu da».

Prozesu horri hipermodernitatea deitu dio. «Beti azkarrago, beti haratago, gauza guztiak muturreraino eramanez», laburbildu zuen. Orainaldiaren presentzia itogarria bihurtu da 80ko hamarkadaren ondotik, globalizazio neoliberalaren eta teknologia berrien eskutik. «Dena aldi berean gertatzen ari da, ez dakigu itxaroten».

Hipermodernitatearen beste ezaugarri bat, Lipovetskyren irudiko, gehiegikeria da. Egun bizi dugun krisi ekonomiko globala «grina asegaitz» horren erakusle dela uste du, esaterako.

Bestelako etorkizunik ez

Mugarik gabeko zabalpen horretan, modernitateak aurrez aurre zituen egitura guztiak gainditzea lortu du. «Elizak, tradizioak, alderdiak edo familiak modernitateari galga jartzen zioten», nabarmendu zuen hitzaldian. Gaur egun, aldiz, ez dagoela balio eredu alternatibo erradikalik ohartarazi zuen. «Egungoaren bestelako etorkizun baten ideia ez da inon ikusten».

68ko gertaeren ondoren sortu zen itxaropena zapuztu da honezkero. «Etsipenaren garaiak bizi ditugu», laburbildu zuen pentsalariak. Hala ere, orainaldiak iraganaren trabak eta etorkizunaren utopiak desagerrarazi dituela iruditu arren, irakurketa hori ezkorregia da, Lipovetskyren arabera.

Izan ere, orainaldiaren nagusitasun horretan kontraesanak ez dira falta, hala etorkizunari nola iraganari dagokionean. Gizarteak ez du unean uneko egoeraz gozatzen, esaterako. «Hedonismoa badago, baina baita antsietatea ere. Ez da momentuaz gozatzen etorkizunean pentsatu gabe».

Sarritan, etorkizunari buruzko gogoeta horretan beldurrak itxaropenari lekua kendu dio. Lana galtzeari beldurra diogu, baina ez hori bakarrik. «Hamasei urteko gazteak etorkizunarekin kezkatuta daude, ez dakite nolako tokia izango duten gizartean».

Orainaren eta etorkizunaren arteko tentsioa ez da beti txarrerako. Horren adibide ekologiaren aldeko pentsamoldearen zabalkundea dela ondorioztatu zuen filosofia irakasleak. «Oraina bizi eta hurrengo belaunaldiei arazoa pasatu beharrean, kezkatzen gara ingurumenarekin».

Iraganarekin, berriz, era guztietako lokarriak aditzera eman zituen. Ironia puntu batez, gogora ekarri zuen memoriaren kontzeptua. «Iragan kolektiboaren ideia indartu da. Ondarearen eldarnio batean bizi gara, ia edozer ospatu edo oroitzen dugu». Hitzaldia non zen jakinda, argudioa indartu zuen. «Egunero museo bat irekitzen da nonbait, edozein aitzakiarekin».

Noski, kezkatzeko arrazoiak ez dira falta. Ideal handiak desagertzeko zorian daude, merkatua eta dirua garaile atera dira, eta estatuak atzera egiten du. Baina ez dago dena galduta. «Hipermodernitatea hasi besterik ez da egin, ez dago erabat definituta. Denbora ireki bat da». Eta entzuleei, azken gomendio bat egin zien Lipovetskyk: «Ez izan ezkorregiak».

 

Berria-k argitaratua