Gerraren adar okerrak

Ezin Ukrainako azken gertaeretatik bazter geratu. Ondorio ekonomikoak heltzen hasi dira, orain arteko kinka gaiztotuz, eta ea aurrean zer dugun. Irudiek, gerrako irudiek, indar handia dute eta barneraino heltzen zaizkigu, nondik-nahi. Horretan ari dira hedabideak, gu hunkitu nahian, gu lerratu nahian, ukrainiar aldera, noski. Narrazioaren borroka, zuzenean; gerra psikologikoaren gidaliburuko jarraibidea. Telebistetako irudietan, lehen eskuko lekukotzak agertzen dira, badute kontakizun bat, eta nor ez da hunkituko halako ataka estuan dauden pertsonekin?

Noski, alde bakarreko albisteak ikusi ditugu, nahiz eta badiren dagoeneko zazpi urte ere gerra hasi zela. Hori erakutsi digute Donbass: gerra Europaren bihotzean dokumentalean. Donbassko zibilen kontrako erasoen eta txikizioen berririk ez zaigu ia heldu. Cherry-picking deitu ohi zaio Ingelesezko Wikipedian alde bakarreko hautaketa horri, gerezi bilketa, esateko moduan, edo jada duela egun batzuk Espainiako Cuatro katean ezkutatzen ez zutena: gerrako informazioa ematen dutela.

Hitzak puztu, badiren eta ez diren irudiak elkarrekin nahastu, egiazko eta auskaloko lekukoak elkarrizketatu, bestelako infoa ematen dutenak atxilotu (Pablo Gonzalez…), hedabideak blokeatu (RT, Sputnik…). Erabakia hartuta dago, etsaia identifikatu da, eta iritziaren giroa berotu da. Orain argumentuak metatu besterik ez da egin behar. Teknika ezaguna? Euskal Herrian, tamalez, badakigu zerbait; Espainiako auzitegiek eta hedabideek ere bai.

Sobiet Batasunean, agintariek herriak alde batetik bestera erabili zituzten deportazio masiboetan, kolono bidezko jendeztatze politika aplikatu zuten, nahasketa horretatik guztitik komunitateak hautsi eta errusiar agintekeria (eta zibilizazioa) garaile aterako zelakoan. Eta ez ziren asko erratu: inperioko lurraldeak eta herrialdeak nabarmen errusiartu zituzten. Hor dago Donbassko adibidea.

Hamarkadak lehenago, XX. mendeko 30eko urteen hasieran, Ukrainan holodomor delakoa pairatu zuten, milioika herritarren gosete heriotza behartua, Stalinek sustatua. Ukrainiar memorian ondo iltzaturik dago, eta ez dute ahaztu. Putinek, berriz, Ukrainaren eta Errusiaren arteko ezkontza edo senidetza harreman historiko bat nabarmendu nahi izan du, Errusia zahar handiaren nostalgia. Cherry-picking.

Putin Errusiako hirietako leherketa misteriotsu batzuen eta Txetxeniako gerraren lorratzean sendotu zen Errusiako agintean 1999-2000 urteetan, gerrak barne kohesiorako duen indarraren abantailak baliatuz eta txetxeniar herria txikizio izugarri batera eramanez. Errusiar nazionalismoari aitortu behar zaio baduela aire paternalista bat, tokian tokiko berezitasun batzuk toleratu (barkatu) ere egin ditu, halabeharrez, nazionalismo ukrainarrak orain egiten ez duena, manera gogorretara eta etsaitzat dituenen zapalketara lerratua, milizia faxistak ere babestuz. Eta ez da txantxa.

Herrialde baltikoek errusiar kolonialismoaren hamarkadetako hertsapen hori alderantzikatzera jo dute: joera erreaktibo bat, defentsiboa, baina baita historikoa ere (Mendebaldeari begira). Lagun hartu dituzte, bada, NATO eta Europar Batasuna. Estatu Batuetako agintariek, Nazioarteko Diru Funtsak eta enparauek beren hedakuntza planak dituzte, eta horiek ez ditugu lagun, baina «nire etsaiaren etsaia» ez da nire laguna, ezta herrirena ere.

Berria