‘Prenesteren fibula’ izeneko piezan agertutako latinezko hitzak faltsuak zirela ondorioztatu zuten lehendabizi, eta egiazkoak zirela ondoren. Eliseo Gilek gogora ekarri du harekin gertatutakoa.

Argazkia: BERRIA
MANIOS MED FHEFHAKED NVMASIOI». Edo jatorrizko latinetik euskaratuta: «Maniosek egin ninduen Numasiorentzat». Prenesteren fibula izeneko piezan ageri da inskripzioa. Paparreko orratz urrezko bat da berez pieza, zentimetro gutxi batzuetako, baina bi mendeko eztabaida zientifikoaren zama ekarri diote orratzean inskribatutako lau hitz horiek. Eta, hain zuzen ere, Iruña-Veleiako aurkikuntzekin zer gerta daitekeen ikusteko metafora gisa aipatu du pieza hori aurkikuntzak egin zirenean aztarnategiko buru zen arkeologoak, Eliseo Gilek, Arabako Alea aldizkariak egunotan egindako elkarrizketan. Haren ustez, Prenesteren fibularekin gertatua gertatu baitaiteke Iruña-Veleiako ostrakekin ere.
1887an eman zuten lehenengoz fibula haren berri jendaurrean. Benetakoak izatera, latinezko inskripziorik zaharrenak izango lirateke orratz hartako hitzak, baina eztabaida luzea izan du geroztik. Izan ere, piezaren jatorria ez zen erabat argia, eta inskripzioak ageri zuen latin zaharraren eta dialektalaren arteko nahasketak ere alarmak piztu zituen hainbat adituren artean. Eta ondorioa? Faltsutzat jo zuten; ez guztiek, baina bai askok, eta erreferentzia klasiko bat izan da geroztik arkeologoen artean.
Bazen behin eta berriz frogak eskatzen zituenik ere, eta, azkenean, 1990eko hamarkadan ezarri zen pieza egiaz K.a. VII. mendekoa zela. Baina pieza soilik, geroztik inskripzioen benetakotasuna izan baita eztabaidagaia: pieza garai hartakoa izatea onarturik ere, aditu askoren ustez faltsuak ziren latinezko lehen inskripzioa liratekeen letra haiek. Baietz batzuek eta ezetz besteek, hala joan ziren urteak, harik eta 2011n, mikroskopio elektronikoekin eta X izpidun mikrosondekin probak egin ostean, ikertzaileek inskripzio haiek K.a. VII. mendekoak zirela ezarri zuten arte. Eta, hain zuzen, fibularekin gertatutakoaren ispiluan begiratzen dio Gilek Iruña-Veleian gertatutakoari. Ahots kritikoak isiltzeko froga horren esperoan, beraz, arkeologoa.
Ezagun du historia Mertxe Urteaga arkeologo eta Oiasso museo erromatarreko zuzendariak ere, baina ez du askorik maite Gilen konparazioa. «Bai, fibularena hor dago, baina berriro ere kopurua da arazoa. Ale bat da fibula hori. Bere garaian faltsutzat eman zen, eta orain berriro onartu dute egiazkoa dela, baina pieza bat da, pieza bakarra». Eta horregatik dio ispilu eskasa dela pieza bakar hori, Veleiako 400 piezei begiratu ahal izateko.
BERRIA









