Federico Krutwig Sagredo

    Krutwig 1921eko maiatzaren 15ean Getxon jaio zen, familia burges batean. Oso gazte, Federico ohartu zen bizitzaren laburraz eta ikasi ahal ziren gauzen tamaina handiaz. Ikasketa plan pisutsu eta disziplinatu bat burutu zuen, bere kabuz. Zerbitzu militarra egitea zegokionean, jada, bazekien frantsesa, alemana, ingelesa, portugesa, euskara eta grekoa.

    Euskaltzaindian sartu eta, 1947an, euskaltzain oso izendatu zuten, 27 urterekin. Garai haietan, “euskara abarketatik atera” behar zela defendatu zuen. Luis Villasanteri ongi etorria eman zion diskurtsoa txalo-zaparrada batez izan zen hartua, baina autoritateen ordezkariek susmo txarra hartu zioten eta “incitación a la rebelión” karguaz akusatu zuten. Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen.

    Francisco Miangolarraren enkarguz, 1963 urtean argitaratu zen Vasconia. Estudio dialéctico de una nacionalidad izeneko liburua. Horretan, FKSk nazioen eta marxismo teorien arabera aztertu zuen Vasconiaren errealitate etnikoa, ekonomikoa, historikoa, politikoa, eta egoera zailari buelta emateko dinamika nolakoa izan behar litzatekeen deskribatu ere. Nazionalismoaren kontzepzio progresista berria, oinarri zientifiko batzuetan sos-tengatua.

    1960ko hamarkadan PCE marxista-leninistak eskatuta idatzi zuen La Cuestión Vasca izeneko liburua. Baita “Nacionalismo revolucionario” artikulua Branka izeneko aldizkarian.

    1967an, ETAk, V. Asamblada Nazionala burutu zuen. Horrenbestez, ETAk “nacionalismo iraultzailearen” programa bere egin zuen, eta programa hura praktikan jartzeko “fronteen” egitura ere adostu zuen.

    ETAtik aldentzen joan zen eta 1973an erabat hautsi zituen harremanak erakundearekin. Handik gutxira, Euskal Herrira bueltatu zen, 1977ko Amnistiaren Legearekin, 26 urteko erbestearen ondoren.

    Espainia Europaren integrazio-prozesuan murgilduta zegoen eta zibernetika, robotika eta informatikaren aroa jada hasita eta ikusgarri zegoen. Euskaldunek horren aurrean prest egotearen garrantzia azaltzen saiatu zen Krutwig.

    Gai horiek sakonki tratatu zituen bere obra nagusia izan daitekeen Vasconia año 2001 Computer Shock izeneko liburuan. Entsegu horretan, Krutwigek sistema filosofiko bat eraiki zuen, Sophopolisaren proiektua ere. Europa mailako Goi ikasketa humanistikoen eskola bat litzateke Sophopolis. Bere bizitzaren azken momentoak arte aritu zen proiektu horretan, buru-belarri. 1998an zendu zen lagun gutxi batzuk inguratuta eta ia miserian. Hiletak Laidan 1998ko azaroaren 15ean.

    Oso zaila da FKS garai haietako kolektiboetan kokatzea, baina eragile aktibo izan zen Historian, aldi bakoitzean, lagun ezberdinekin. Bere ekintzek ondorio sakonak eduki zituzten, eta badituzte, oraindik ere. Federiko bere inguruneak eskaintzen zituen baldintzen barruan aritu zen, baina, aldi berean, berak baldintza haiek sortzen zituen. Ikuspegi zabalarekin errealitatearen eragile, ardura eta ondorio guztiekin, beti Ezagutzaren eta Kulturaren alde, Euskal Herriaren alde, Askatasunaren eta Independentziaren alde.