Ez esatearen garrantziaz

Pasa den astean, Zarauzko bi gaztek ekintza sinboliko eder bat gauzatu zuten Kafkaren irudimenaz elikatzen den Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri dien zigorraren aurka. «Aritz Labiano eta Haritz Gartxoteneak uko egin zioten euren kabuz kartzelara joateari. Zarauzko Santa Barbarako horman zintzilikatu ziren», kontatu zigun egunkari honek.

Pertsona batek «EZ!» esatea bere bizitzako une gogoangarri bat izaten da, baina herri oso batek «EZ!» esan duen unea bere historia guztiko atalik miresgarrienaren ataria bihurtu izan da mundu guztiko herrialdeen kroniketan.

Iraultzak «EZ!» esatetik hasten baitira, euskaldunok ere aproba hori egin behar genuke, behingoz behintzat. Edozer gerta ere, Espainiako sistema politikoan parte hartzen daramatzagun hogeita hamar urte hauek utzi diguten panorama baino gogaikarriagoa ez litzateke izango gure egoera.

1955eko egun batean Rosa Parks emakume beltzak autobusean bere aulkia txuri bati uzteari uko egin ziolako piztu zen Estatu Batuetan beltzen segregazioaren kontrako mugimendu erraldoia, epe laburrean lege haiek konstituziotik ezabatuko zituena. Hasieran arazo pertsonal bat izan zen: Rosa Parks atxilotu egin zuten. Baina laster milaka beltzek boikota egin zioten autobus enpresari; arazoa soziala bihurtu zen.

Herri bat bezala esan zuen «EZ!» Ipar Ameriketako beltzerriak, Euskal Herriak bere historia luzean oraindik bereganatu ez duen kontzientzia baten jabe zirela agertuz. Izan ere, «EZ!» esaten duen herria heldutasunera iritsi den seinaleak isurtzen ari da zapaltzailearen aurrean, menderatua eta garaitua izan dela ere ahazterainoko memoria ustelduaren baitan argi nimiño bat bizirik gorde duelako.

Geure buruari edertasuna eta dotorezia aitortzeko, euskaldunok «EZ!» esan behar genuke.

«Gauzak ez egitearen» ideia oso interesgarria da, ez egiteak ez baitu pasotismoa esan nahi, ezetza antolatzea baizik, ezetzak irekitzen duen bide berria antzematen eta elikatzen ikastea. Horixe eskatzen zuen urtarrilaren lehen egunetan Xabier Etxaniz Rojok egunkari honetako zutabe batean, ETBko «Badator dos-mil-once» programa tamalgarria kritikatuz: «Zer trauma mota dute Espainiako telebisten kopiarik kaskarrena eman nahi izateko? Izan dezatela lotsa eta duintasun apur bat eta ausart daitezela ezer ez egiten, kate tematikoek egiten duten moduan. Ezer ez egitea ikuslea tontotzat hartzea baino hobea baita». Aspaldian entzun dudan proposamenik bikainena iruditu zitzaidan.

«Ez!» esatera hurbildu diren adierazpenak ezagutu ditut hamarkada honetan Joseba Egibar eta Arnaldo Otegiren hitzetan. Bereziki miresten ditut bi politiko hauek, euren alderditik haratago joateko karisma eta ahalmena sumatu izan diedalako. Batasuna ilegalizatu berritan, Otegik esan zuen: «Espainiako legeditik at egotea ohore bat da». Gaurkotasun ikaragarria duten hitz tamalez ahaztuak honezgero.

Joseba Egibarrek Lizarra-Garaziko meniaren inguruan esandakoa: «ETAren garaia amaitu da, baina Estatutuarena ere bai». Estatutua hila badago, agortua, antzutua… Zer esan nahi du Egibarrek, bere alderdiak frakasoaren kudeaketan jarraitu duela, eta jarraitu nahi duela, porrot aitortuaren esparru ustelduan lan egiten? Aspalditik balio ez digun marko batean lortutako dirutxoak nola aurkez litezke Euskal Herriarentzat sekulako onurak balira bezala?

Erantzun bakarra da posible: bere alderdiak (beste alderdi enparauak bezala) ez diolako uko egin nahi Espainiako sistema politikoaren baitan lortzen dituzten pribilegio ekonomikoei, ospe sozialari, gizarteko distirari. Euskaldunok «EZ!» esan behar genioke politikagintza honi, geure autoestimagatik bakarrik bada ere.

Hemen gauza asko esaten dituzte politikoek, gero euren alderdiaren jokabideekin inongo loturarik ez dutenak, inoiz praktikan jartzea bururatu ere ez zaizkien hitzak eta mezuak, nahasmenaren kultura bat sortu, indartu eta hedatu dutelako hiru hamarkada hauetan. Ideia horiek kokatzeko eta funtzionamendu bidean jartzeko estrategia bat ez daukagulako herri bezala. «EZ!» esan behar genioke euskadunok politikagintza modu honi, geure buruaren osasunagatik bakarrik bada ere.

Bilduri buruzko erabakiaren bezperan ere entzun ditugu honakoak: «Espainiak sekulako erridikuloa egingo du Europan», «PSOE eta PPren akats izugarria izango da», «M-22ko hauteskundeak deslegitimatzea eskatuko dugu»… Panorama zoragarria benetan, horixe nahi dut nik! Ez al litzateke ona guretzat Espainiak erridikuloa egitea, PSOEk eta PPk egundoko akatsak egitea? Baina badirudi, esaldiok esanak izan diren moduan, min egiten digula hori gertatzeak. Nola liteke? Erantzun bakarra da posible: Espainia erridikuloan erori arren, «nire» alderdiari kalte egingo diolako.

Hauteskundeak deslegitimatu nahi baditugu, ez al litzateke egokiago lortuko euskaldunon %75ak botorik ez emanda? Zeinek gobernatuko luke halako herri bat? Euskaldunok «EZ!» esaten ikasi beharko dugu, adimen politikoa ere badaukagula demostratzeko.

Ni ez naiz alderdi batekoa, ni Euskal Herrikoa naiz. Ez dut Espainiako sistema politikoan integratu nahi, aldendu baizik, urrundu. Baina alderdiek, denek, beti daukate botere kuotaren bat galtzeko arriskua, eta inoiz ez dute sistema politiko propio bateranzko ihes ederrik antolatuko.

«Hori irreala da!», entzuten dizuet. Noski. Hogeita hamar urte izan dituzte hori irreal bilakatzeko. Errealitatea egin egiten da, eta alderdiek urrundu gaituzte ideia horretatik, euren botere banaketa sarea ongi lotuta uzteko hala komeni zitzaielako. Pedagogia anti-independentistarik gogorrena hemen PNVk egin du.

Ehundaka milaka independentista gaude Euskal Herrian, Espainiari «EZ!» esatea posible egin eta antolatuko duen herri baten itxaropenean.

 

Berria-k argitaratua