Sententzia irakurri, eta ezin da esan justiziak funtzionatzen duela. Sententziarekin ados ez bazaude, horregatixe. Eta irakurri eta ados bazaude, itxurabakoa delako hori esatea, sententziaren parte gehiena eta mamitsuena besterik ez denean aitortza baino Justiziak ez duela funtzionatu, edo besterik ez salaketa zakar askoa baino, bai Del Olmo, bai Guardia Zibila eta bai DyJ eta AVT akusatzaile herritarren aurka.
Justiziak ez du funtzionatu, edo hobeto esanda, gaizki funtzionatu du, prozesu judiziala abian jartzean, espekulazio huts-hutsean oinarrituriko salaketa onartuz. Hori Fiskalak behin eta berriro ailegatu izan duena da, eta sententziak berresten du: «[…] conduce a la especulación. Esto es lo que ocurre en el supuesto de autos con la tesis acusatoria». Eta errepikatu egiten da: «Carece del más mínimo sustento probatorio, es mera especulación», nabaria da «lo artificioso de la hipótesis acusatoria». Akusazioak Egunkaria ETAren tresna zela baiesten zuen, baina «incluso los miembros de
Justiziak ez du funtzionatu, probatzat hipotesi fantastikoak onartzean eta gertaritzat onartzean aurriritziak baino ez zirenak: «El acervo probatorio puesto a nuestra disposición sólo desde el prejuicio pueden tener valor incriminatorio. Únicamente en la medida en que lo presentado como indicios se interprete desde un punto de partida preconcebido […]. Es decir, las acusaciones han invertido el proceso inductivo. Primero se ha decidido cuál es la conclusión, de la que se predica, sin base, que es indiscutible, luego se buscan las señales, vestigios o indicios […]»
Justiziak ez du funtzionatu Egunkaria-ren itxieran: «El cierre provisional o cautelar de Euskaldunon Egunkaria […] no tenía habilitación constitucional y carecía de norma legal especial y expresa que la autorizara». Sententziaren arabera, Egunkaria ixtea antikonstituzionala izan da, eta ilegala izan da.
Justiziak ez du funtzionatu, salaketa gogorra baita epaile batek beste bati egiteko, atxilotuen inkomunikazioa bitartean -eta atxiloketa basatietan beretan, eta abar, gehitu beharko genuke guk-. Alegia, Justiziak ez du funtzionatu, faltsuki akusatuak Justiziaren etxapean bertan torturatuak ziren bitartean, eta epailearen aurrean hala agertu direnean: «Tiene especial relevancia que las denuncias de estos sobre malos tratos y torturas sufridos durante la detención incomunicada […] son compatibles con lo expuesto en los informes médico-forenses emitidos tras ser reconocidos en el centro de detención, si bien el Tribunal no puede llegar a conclusiones jurídico penalmente relevantes sobre el particular [Tribunalak epaitzeko zegoena hori ez zelako] salvo constatar que no hubo un control judicial suficiente y eficiente de las condiciones de la incomunicación». Sententzian pasarte hau aurkitzea ikaragarria da, eta merezi zuen Lehendakariaren komentario bat.
Labur: kondenatu bakarra sententzia harrigarri honetan Justizia bera da.
Testuinguru honetan orain inor Justiziak funtzionatzen duelako topikoarekin ateratzea iheskeria hutsa edo sarkasmoa da, faxista birziklatu baten Justiziaren kontzeptua ez bada. Hitlerren Justiziak ere funtzionatzen zuen. Funtzionatu duena injustizia izan da. Zazpi urte. Orain ere egon dena sententzia bat da, ez justizia. Sententzia horretan, Justiziak ez du besterik egiten urteetako bere errorea aitortu baino, eta erroreon aitortzagatik errugabe ebidenteen absoluzioa erabaki.
Azkenik: Askotan esan dugu edo pentsatu, Egunkaria-ren aurkako auzia zinetan euskalgintzaren eta euskal kulturaren aurkako operazioa zela. Gero, baina, uzkurtu egiten gara, eta hori geure golkorako pentsatzen ere ez gara guztiz atrebitzen, lotsa halako bategatik. Pentsamendu gaiztoak bekatu dira. Seguru asko edozein euskaltzalek pentsatu du inoiz: «jo-ta-pasa egin, eta aulkian eserita dagoena ‘euskalgintza’ dela esatea lartxo da. Eta lartxo izateaz gainera, baita iruzur samarra ere, nork bere burua engainatzea». Nola pentsatuko dugu, bada, Aita Estatuak euskararen eta euskal kulturaren aurka deus egin dezakeenik, are Estatu demokratikoak? «Redukzionista» omen da hori pentsatzea, deklaratu du egunotan berriro Euskal Herriaren etorkizunarentzat erantzukizun goreneko politiko batek.
Oso zentzudunen zentzuzkoa da, apika, Egunkaria-ren auzian Egunkaria-ren auzia bakar-bakarrik ikusi gura izatea, eta ez atzean politika bat, Espainiaren kontzepzio bat eta estrategia zabalago bat.
Baina horrek ez du fede kontua izan behar, akusazioa irakurtzea dago jakiteko. Eta akusazioa irakurri irakurtzen bada, Egunkaria-ren auziaren atzean euskalgintza osoaren auzia dagoela begien bistan geratzen da, ez da gure mania redukzionista. Epaimahaiak ere hala ulertu, eta halaxe islatua dago sententzian: «Las acusaciones dan por supuesto que […] como la lengua vasca es un instrumento primordial para ETA en su estrategia, y Egunkaria es el único diario íntegramente editado en lengua vasca, tuvo que nacer porque ETA lo quiso, siendo sus gestores y cuadros directivos miembros o colaboradores de la banda terrorista. – La estrecha y errónea visión según la cual todo lo que tenga que ver con el euskera y la cultura en esa lengua tiene que estar fomentado y/o controlado por ETA conduce, en el proceso penal, a una errónea valoración de datos y hechos y a la inconsistencia de la imputación». Gertatzen dena da, Egunkaria-ren atzean, mamuak ikusten dituena, ez dela Guardia Zibila bakarrik.