Euskara, ofiziala Europan eta Nafarroan ez?

Atzo jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.

Nafarroan, berriz, euskarak ofizial izan gabe segitzen du zatirik handienean. Bai Nafarroan bai Madrilen dagoen egoera politiko berezian, ez da lortu ez euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan, ez Carlos Gimeno bezalako pertsona euskarafobiko batek Hezkuntza Departamentua uztea, ez deus ere hizkuntza politikaren arloan.

Euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan, berezko hizkuntzak ofizialak diren bezala Galizia guztian, Katalunia guztian, Valentziako Herrialde guztian eta Balear guztietan; beharrezkoa da, euskarak bizirik jarraitzeko.

Gainera, gaur bertan izanen da Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilariaren inbestidura. Gimenok, adibidez, ahal diren traba guztiak jarri zizkien Mendigorriko familiei, beren herrian D eredua eskatu zutenean, esan izan du “Nafarroako toki batzuetan euskara Salamancan bezain ofiziala da” (Youtuben entzun daiteke, “Mendigorrian D eredua orain” izenburuko bideoan), eta, kontseilari izan aurretik, sekulako zalaparta sortu zuen Fustiñanan A eredua eskaini zitzaielako hala nahi zuten familiei; horren ondorioz, herrian bizikidetza-problema larri-larriak eragin zituen. Adibide batzuk besterik ez dira.

Eta hori dena aski ez dela, “aurrerakoi” edo “progresista” etiketa ematen zaio opari halako jokabide euskarafobikoak dituen PSN alderdiari.

Aski da! Gimeno kanpora, euskara ofiziala Nafarroa osoan, eta Euskal Herrian euskaraz!

Naiz