Europar Legebiltzarrak dituen bi egoitzetatik batean, Bruselakoan hain zuzen ere, aritu ginen behin orduan europarlamentari zegoen Inaki Irazabalbeitia eta biok, itzultzaileen antolaketari gainbegirada xume bat ematen. Hemeretzi dira hizkuntza ofizialak, eta haietako edozeinetan mintzatzea aukeratu lezake Europako legebiltzarkide batek, beste hizkuntzetara itzulia izango den ziurtasun eta bermearekin.
Hemeretzi hizkuntza horiek Europar Batasuneko hogeita bost estaturen batean aitorpen ofiziala dutenak dira, jakina; eta horrek ondorio bitxiak eragiten ditu; adibidez maltera Europako hizkuntza ofiziala da, nahiz Maltak dituen 700.000 biztanleetatik erdiek baino gutxiagok mintzatzen omen duten. Katalana mintzatzen dutenak, aldiz —eta zuhurki zenbatuz—, hogei milioi europarretik gora dira; eta, beraz, atera litezkeen ondorioak larriak bezain bidegabeak gertatzen dira. Katalanek behin baino gehiagotan amestu izan dute Andorrak Europar Batasunean sartzea eskatuko balu —Luxenburgo baden bezala—, katalanera hizkuntza europarra bilakatuko litzatekeela eta.
Europar ofizialtasuna gaur-gaurkoz estatu partaideetan ofizialtasun aitorpena izatetik jariatzen da, baina estatu batek hizkuntza bat baino gehiago izan dezake ofizialtzat, eta horren adibiderik bitxiena ingelesa bera da gaur egun, Irlandako bi hizkuntza ofizialetatik bat besterik ez baita brexit ondoren.
Halere, ordea, ingelesa Europako —eta Mendebalde osoko— hizkuntza frankoa bihurtu da, paper hori latinari kenduta, eta alemana, frantsesa, italiera, gaztelera eta abar hainbat eta hainbat arlotan baztertuz. Zoritxarrez, Frantziako parlamentari eta akademiko jakobinoak eta Espainiako bunkerreko kabernikolak ez dira oraindik ohartu —gorrotoek itsututa— beren ustezko hizkuntza nagusi eta enblematikoaren arerioa eta arriskua ez direla euskara, katalana, bretoiera, korsikera edo bablea… A ze arlote kuadrilla!
Orain, dirudienez, Madrileko Kongresuan eta Parlamentu Europarrean —eta agian beste erakunde europarren batean ere— ireki omen liteke euskara erabiltzeko aukera. Ez zaio lehen mailako ofizialtasuna aitortuko, baina baimenduko omen zaio erabilgarritasuna. Aldaketa horrek balio dialektikoa ere badauka, hainbat eta hainbaten «eta Nafarroan edo Iparraldean zergatik ez?» argudioek azaltzen duten bezala.
Bitartean, ordea, Euskal Erkidegoko eta Nafarroako epaileek eta auzitegi gorenek —Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren babesarekin— eta, baita ere, erkidego bateko eta besteko gobernuek, euskarari murrizpenak eta zapalkuntzak egiten ari zaizkio eten gabe. Koofizialitatea, ez badu bi hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzen, bidegabea da, eta giza-eskubideen aurka doa. Hizkuntza eskubideak giza-eskubideak direlako, pertsonen nortasunari dagozkien heinean. Konstituzioan eta estatutuetan ustez adostu, bedeinkatu eta sakralitzatu zen «koofizialitate eredua» agortuta eta zaharkituta gelditu da, eta epaile eta epaitegiak, euskarari ez ezik, justiziari ere kalte egiten ari dira, hainbeste eta hainbestetan irrigarri gelditzeaz gainera.
Adibidez, Auzitegi Konstituzionalaren azken epaia bidegabea, atzerakoia eta irrigarria da, nire ustez. Are gehiago: epai hori egin dutenen desoreka eta ezjakintasuna jartzen du agerian… Eta hori frogatzeko aski da gaztelera eta euskara aipatzen diren aldi bakoitzean tokiz aldatzea, josteta batean bezala… Azken euskal elebakarrak familian bertan ezagutu izan ditugunok ezin izango dugu sekulan gaztelera jakiteko Konstituzioaren harrokeriazko obligazioa eta desberdintasuna onartu. Giza-eskubideen kontrakoa da, nahiz Konstituzioan bedeinkaturik egon. Hona haien omenez hiru arrazoi:
1. Argudio Arestiarra. Gabriel Arestik Tomas Meaberi egindako olerki ironikoa para-fraseatuz, esan behako genuke europar orok defendatu behar duela euskara. Beste hizkuntza moderno guztiak sortu edo etorri aurretik hemen zegoen euskara eta zentzu horretan da hizkuntza europarrena. Nafar guztion berdintasunak Nafarroa osoko euskararen benetako koofizialitatea behar du. Berdintasunarengatik, justiziarengatik eta aurrerapenarengatik.
2. Argudio Intxaustiarra. Joan berri zaigun Joseba Intxaustik soziolinguistikan egindako ekarpen eskerga gogoan, jakin, badakigu hizkuntzen berdintasuna dela benetako koofizialitate eredu justu bakarra.
Euskal Herri osoko eztabaida intelektuala euskaraz egiten da dagoeneko hein handi batean, eta hori areagotuko den zerbait da.
3. Argudio Kanpiondarra. Euskaltzaindiaren ehungarren urteurrena ez zen aukera txarra gero eta beharrezkoagoa zaigun euskal jakintza eta ikerketen kongresu edo jakintzen bilkura bat antolatzeko, baldin eta hogei urte daramatzan jokabide eredua hain zaharkiturik ez balego. Azken urteetako aldarrikapen, egitasmo, estrategia eta jokabideek berrikuntza sakonak behar dituzte.
Berria