Euskaldunon ezin izanaren gaitza

Lehenengo Mundu Gerran parte hartu zutenen artean, desoreka berezi bat antzeman zuten: “lubakien erotasuna”, beste izendapenekin ere ezagutua. Gaitza berria ez izan arren, garaiko gudarien artean izurrite bihurtu zen.

Borrokaren ohiko egoera arriskutsuak eta itxaronaldien zirrarak burua galtzera eramaten zituzten: osasuntsu ziruditen arren, berba eta ibiltzeko gaitasuna galtzen zituzten; ezin zuten lorik hartu, ezta hausnarketarik egin; ezintasunak erabat izutzen zituen, beldurraren beldurrez dardarka zuten gorputz guztia, lubaki barneetatik irten ezinik; beste batzuk, berriz, oinaztua legez aldentzen ziren, aurreko jokabideak txepelkeriarekin nahasten ziren eta.

Gatazka bukatu zenean, hildakoak ezik, beste guztiak, elbarriak barne, etxera itzuli ziren. Batzuk, jasandako kalteak gaindituz, barne egintza baten bidez pairatutako mina ezabatuz eta ahaztuz, egoera berriari moldatzen saiatu ziren. Beste batzuk, berriz, beren buruak egokitu ezinean aurkitu ziren: gorputzaren zauriak sendatu zituzten arren, barruko minak baretu ezinik aurkitu ziren.

Herriei berdin gertatzen zaie: ez dira izate lausoak, zehaztugabekoak. Gizakiz osaturik daude, eta hauek dituzten jarduera berberak dituzte, bakoitzak bere arazo eta konponbideekin. Estatu gabeko herritarrek, bereziki, euren nortasunari eusteko ahalegin handiak egin behar izaten dituzte. Gehienetan, ezberdinak izatean, gizarte nagusiak susmo txarra hartzen die, eta moldatu ezinik aurkitzen dira.

Egoera larri honetan, herritar bakoitzak -lubakietan gertatzen zen bezala- bizirik irauteko bide ezberdinak aukeratu ditzake: batzuek, berezkoak dituzten zenari eta ikurrei -nortasunari, azken finean- uko egingo diete; beste batzuek, direna ezkutatuko dute, antza denez, gizarte nagusiaren onespena lortzeko… edota egoera korapilatsuetan argiena isilik egotea dela erabakiko dute, erraiak janda.

Hala izanik, argi dago euskalduna izatea ez dela batere erraza, eta herri bezala jasotako hainbesteko oinazeak desoreka, neurosi orokorra garatzera eraman gaituela: “Ezin izanaren gaitza”, edota erresistentziaren sindromea bezala ezagutuko duguna.

Ondorioz, soilik euskalduna izatea delitu goria balitz bezala, arrotzak diren ikurrak besarkatu eta gureganatu egiten ditugu, edo gureak ziren ikurrei esanahi berriak ematen dizkiegu, arrotzak bihurtu arte. Adibide gisa, aspaldi honetan hainbeste goraipatzen den “aniztasuna”, garai bateko ustezko arrazakeriaren zauriak sendatu nahian edo… baina orbainak hor dirau….

Aldi berean, Espainatik etorritakoen eta euren ondorengoen artean, emigrantearen gaitza ere ikus dezakegu: alegia, bi kulturen partaide izanik, inongoak ez direla sumatzen dute. Orokorrean, etorkin gehienak emigrante ekonomikoak ziren eta badira, garai bateko arrazoiei buruz mito asko dagoen arren: guztiak ezkertiarrak zirela, Frankoren kontrakoak, askatasunaren eta demokraziaren aldarrikatzaileak, eta abar.

Edonola ere, badira euren jatorria argi daukatena, eta direnaz harropuzten direnak: hots, euskal lurraldeak Espainia edota Frantzia barruan direla argudiatuz, bi Estatu nagusien aitzindariak izango dira. Euren buruak emigrantetzat ez dituzte joko, alderdi unionistei bozkatuko diete, euskal kultura mespretxatu… Frantzia eta Espainia ez diren beste herrialdeetatik iritsitako beste etorkinak, inongo umiltasunik gabe, gutxietsiko dituzte, berezkoa duten kultura (espainola edota frantsesa, alegia) guztioi ezarri nahian.

Bitartean, euren jatorriaz lotsatzen direnik ere badira. Hauetako asko abertzale giroetan aurki ditzakegu: abertzaletasuna eta ezkertiartasuna nahastuz, euskal kultura bereganatu eta sakonki landu arren, beraien lekua aurkitu ezinik… Erotasun egoera honetan beraien buruak egokitu nahian, edo kultura sinkretiko berri bat sortu nahi nahian…

Eta nik zera galdetzen dut… euskalduna izatea, besterik gabe, ezinezkoa al da?