Luze gabe helduko dira Nafarroako Ondarearen Guneen inguruko jardunaldiak. Parada ederra izango dugu memoria kolektiboan gordetako mugarri horiek landu eta horien ezagutza eguneratzeko. Ez da gutxiagorako ere eguneratzearen gaia, informatikan eta Internet bidez ezaguna zaigun kontzeptua, ezin bestekoa baita egungo egoera dinamiko eta digitalean. Hori lantzen dugu Euskarazko Wikipedian eta, orain, 2019ko irailean, ondareari buruzko lehiaketaren bidez egiten dugu.
Gazteek, egun, bitarteko digitalen bidez jasotzen dute kultura gertaeren eta, are, ondarearen berri. Hor kokatzen dira, noski, ikastetxeetako ikasleak, eta nahiko genuke gaztetxo horiek bertatik eta euskaraz jaso ahal izatea beren aisialdi edo ikaslanetarako informazioa. Horregatik da garrantzitsua gure ondarearen berri, inbentariaturik egon edo ez, modu erosoan eta osotasunez eskuratu ahal izatea, edozein hizkuntzatan gailu aurreratuenetan egin ohi den bezala.
Google edo beste bilatzaile baten bitartez, ondasun material bat bilatzen dugunean, demagun Iruñeko udaletxea, haren argazkia eta hari lotutako oinarrizko informazioa (etiketa, deskribapena) eroso jaso ahal izango dugu. Mugikorraren konfigurazioa euskaraz edukiz gero, informazio hori euskaraz agertuko da, guk Wikidata elikatuz gehitutako informazioa erakutsiz. Are, ondasun horri buruz norbaitek artikulurik idatzi badu, aldamenean agertuko da Wikipedia artikulurako esteka ere. Aldiz, anitz da Iruñeko Alde Zaharrean bertan egiteke dagoena. Artikuluak euskaratzeko ere aplikazioak gero eta hobeak dira, artikuluak sortzea gero eta gehiago errazten duena.
Wikidata, Commons (multimedia fitxategien munduko biltegi handienetako bat, lizentzia askeko lehendabizikoa), eta Wikipedia elikatzeko, urtero ari gara Wikimedia Loves Monuments antolatzen, Euskal Herriko bertsioan ere bai. Euskal Herrirako, inbentarioan dauden ondasunak zerrendatu ditugu. Estu gabiltza denboraz, baina artean garaiz gaude lehiaketan parte hartzeko, irailak 30 arte! Bi lehiaketa mota biltzen ditu: bata argazkiak igotzea eta bestea, berriz, edizioa, alegia, dena delako ondare elementua artikuluz eta wikidata infoz janztea.
Une honetan, zabala baina aldi berean mugatuxea da lehiaketan biltzen den ondare zerrenda (hemen Nafarroa Garaikoa eta Nafarroa Beherekoa), ofiziala; hargatik, beharrezkoa dugu ondasun horiek ere digitalki hornitzea. Lehiaketaz kanpo geratzen dira oraingoz digitalki hornitzen joateko beste hainbat ondasun, eskoletan zein banaka egitekoa: bide digitala urratzea eskatzen duten gazteluak, oroitarriak, mugarri megalitikoak eta bestelako kultura ekintzak, gure memoria lekuak.