Euskal Herri osoko 103 mendi-multzoren izenak jaso dira Euskal Herriko mendi-multzoen izenak arauan (201. araua): Arbaila, Arlabango mendiak, Badaia, Bosmendieta, Elgea, Toloño… Euskal Herriko lurrazaleko erliebean identifika daitezkeen mendi-multzo nagusien izenak dira.
Arauko sarreran, mendi-multzoen izenen ezaugarri nagusiak deskribatzen dira, eta izenak arautzeko erabilitako irizpide nagusiak zehazten. Zehazki, euskal mendi-multzoen izenen tradizioaren berri ematen da, eta mendi-multzoen izaera morfologikoa eta dagozkion izen generikoak zein diren zehazten da jarraian. Azkenik, mendi-multzoen izenen berezitasunak eta aldaerak aipatzen dira.
Ondoren, izenak ematen dira, taula batean zerrendaturik. Lehen zutabean, mendi-multzoak euskaraz identifikatzeko proposatzen diren izenak ageri dira. Mendi-multzo bakoitzerako proposatzen diren aukerak (osoa, hedatua, sinplea) zehar-marraz bereizirik ageri dira.
Bigarren zutabean, mendi-multzo bakoitzari esleitzen zaion generikoa ageri da. Izen generiko hori hizkuntza estandarrari dagokio eta, nolabait, mendi-multzo bakoitzaren sailkapen formala ematen du aditzera.
Hirugarren zutabean, mendi-multzoa non dagoen adierazten da: lurraldea.
Zerrendaz gainera, arauak badu Euskal Herriko mapa fisikoa ere, zerrendan ageri diren mendi-multzo guztiak beren kokalekuan adieraziak dituena, erabiltzaileak jakin dezan non dagoen mendi-multzo bakoitza.









