«Euskal Herriaren historia» uda ikastaroa, Hernanin

Izen-emate epea uztailaren 12an bukatuko da

Hernani Errotzen elkarteak Nabarralde Fundazioarekin elkarlanean eta Euskal Herriaren historia gaia hartuta, udako ikastaroa antolatu du Hernanin. Uztailaren 16tik 19ra, lau egun jarraian, bi ordutako saiotan, 10:00etatik 12:00etara, orotara 8 ordu. Ikastaroa Biteri Kultur etxean emango da. Beñi Agirre izango da zuzendaria.

Nabarraldek eskaintzen duen on-line bidezko ikastaroaren laburpena landuko dugu ikastaro honetan. Gaiak aditu talde baten zuzendaritzapean garatu dira eta guztien artean osatzen dute gure herriaren kontakizun historiko jarraitua, Antzin Arotik gaur egungo errealitateraino. Ikastaroa ikus-entzuneko materialez lagunduta emango da. Ikasle bakoitzari testu laburpena emango zaio.

Ikastaro honen bidez, Euskal Herria-Nafarroako historiaren irakurketa orokor eta sintetikoa eskaintzen dugu, ikuspegi propiotik landuz eta egun bizi dugun errealitatean eragiten duten erreferente eta gertaera historikoak azpimarratuz. Edward Said, literatur kritiko eta militante palestinar-estatubatuar idazleak dion bezala “Herri bati definizioa emateko biderik hoberena, bere historiaren idazketa delako».

IKASTAROAREN HELBURUAK
• Gure herriaren historia ezagutaraztea eta herritarra gaitzea egungo egoera ulertuz etorkizuna garatzeko tresnak izan dezan.
• Historia eta oroimen historikoari buruzko gogoeta analitikoa sustatzea.
• Gure historiaren ikuspegi zehatz eta dokumentatua eskaintzea.

Ikastaroa lau ataletan banatzen da:
1. HISTORIA-OROIMENA, AINTZIN AROA, ERROMA
2. SUBJEKTU HISTORIKOA ETA ERAKUNDEEN SORRERA
3. KONKISTAK ETA LURRALDE ZATIKETA
4. FORUAK ETA GAUR EGUN ARTEKO ERAKUNDEAK

MATRIKULA:

Matrikula epea: uztailaren 12a

Izena ematea eta informazioa: herriaerrotzen@gmail.com (izen-abizenak jarri)

Matrikula eta materiala kostua: 10 €