Nabarralde Fundazioak eta Zuztarrak Errotuz taldeak, Arrasateko Udalaren laguntzarekin, Euskal Herriaren historia azaltzen duen Habitat erakusketa jarriko dute Kulturateko klaustroan, otsailaren 1etik 17ra. Astelehenetik zapatura egongo da ikusgai, 17:30etik 20:30era, eta Arrasateko habitat erakusketa ere egongo da, osagarri modura.
Euskal Herriaren historia azaltzeko asmotan, elkarren osagarri diren bi erakusketa jarriko dituzte Kulturaren Nabarraldek eta Zuztarrak Errotuzek. Batek, Habitat, ezkutatu diguten historia izenekoak, Euskal Herria du ardatz, eta klaustroaren erdiko zatian jarriko dute. Bigarrena, Arrasateko habitat izenekoa, aurrekoaren osagarri izango da, eta Arrasateko historiaren hainbat zertzelada jasoko ditu. Arkupeetan jarriko dute hori.
Habitat, ezkutatu diguten historia erakusketaren baitan, herriko DBHko laugarren mailako hamar ikasle talderi azalpenak emango dizkie Beñi Agirre Nabarraldeko kideak, bisita gidatuen bidez, hainbat mapa erakusten dituzten hamalau paneletan oinarrituta. Ikasleez gain, herritarrendako bisita gidatu bat ere egingo du Agirrek, otsailaren 8an, 17:30ean hasita.
Arrasateko habitat erakusketari dagokionez, Zuztarrak Errotuz taldeko kideek Batxilergoko lehen mailako ikasleei emango dizkiete azalpenak, ordubete inguruko bisita gidatuen bitartez.
Historia, modu labur eta grafikoan
Habitat erakusketa hamalau panelez osatutakoa da eta, Nabarraldeko kide Beñi Agirrek azaldu duenez, helburua da Euskal Herriaren historia osoa kontatzea, «modu oso sintetikoan eta laburrean». Antzinarotik Gerra Karlistara bitarteko historia da erakusketak kontatzen duena, «modu grafiko batean eta oinarrizko kontzeptuen bidez».
Habitat kontzeptuari dagokionez, lurraldea baino «askoz ere zabalagoa» dela dio Agirrek: «Euskal Herriaz hitz egiten dugunean, ez dugu hitz egiten bakarrik muga politikoak dituen lur bati buruz, baizik eta inguruan daukan guztiaz ere bai. Alegia, Euskal Herriaren historia ezin daiteke ulertu inguratzen gaituzten herrien historia kontuan hartu gabe. Europako testuinguru jakin batean sortzen da Euskal Herria».
Erakusketak dituen hamalau paneletan, euskararen sorrera eta bilakaera azaltzen da, baita erromatarren garaia ere, «gure historian garrantzia ikaragarria izan zutelako», Agirreren esanetan. «Hortik, Iruñeko Erresuma eta Nafarroako Erresuma nola sortu ziren ikusiko dugu, 1000. urtera arte. Ondoren, konkista prozesu bat iritsi zen, 1620. urtera arte, Nafarroa Beherearen konkistarekin. Horren ondorioak ez dira bukatzen Nafarroako Erresumaren desegitearekin. Izan ere, oraindik bizirik gaude eta estatu independente bat eduki ez arren, horren memoria daukagu, alegia, hizkuntza, kultura, legeak eta abar. Elementu horiek herri bezala definitzen gaituzte», azpimarratu du Nabarraldeko kideak.
Arrasateren historiako hainbat zertzelada
Erakusketaren harira, Zuztarrak Errotuz taldeko kideek pentsatu zuten duela hamar urte egindako Begira! Arrasate, iragana, oraina eta geroa erakusketaren hainbat arlo baliagarri izan zitezkeela, modu osagarrian, Arrasateko habitata ere lantzeko. «Hala, hemeretzi paneletan, gure historiaren hainbat mugarri, pertsonaia eta gertaera garrantzitsu erakutsiko ditugu, modu atsegin eta grafikoan», adierazi du Balen Tramonek, Zuztarrak Errotuz taldeko kideak.
Hain zuzen, duela hamar urte argitaratutako liburuxkaren hitzaurrean datorren hausnarketa berretsi gura izan dute: «Orain etorkizuna dugu amets eta ardura, baina etorkizuna ez da inoiz heltzen orainaren forman ez bada eta oraina ulertzeko ezinbestekoa dugu iragana ondo ezagutzea».
Ikasleekin bisitak eta ondorengoak
Behin erakusketa eta ikasleekin egindako bisitak amaitzean, berriz ikastetxeekin egotea da Zuztarrak Errotuz taldekoen asmoa, ikasleei eta irakasleei balorazio bat eskatuz. «Positiboa baldin bada, ikastetxeen adostasunarekin, datozen urteetan jarraipena emango genioke jarduera honi».