Egun on jaun eta andre guztioi. Egun on nafar denori.
Asko eta askotan saiatu da etsaia gure oroimen historikoa ezabatzen, gure kulturaren adierazpenak itzalarazten, gure hizkuntza desagerrarazten, nondik gatozen eta nor garen nahastarazten. Asko eta askotan saiatzen ari da etsaia gu geu lur honetatik fisikoki desager gaitezen. Eta hori zertarako? Hori dena hemen sekula herririk ez dela izan esateko, subiranoak izan ginela ukatzeko eta, batez ere, gure ondareaz jabetu eta herri hau haien mendean jartzeko.
Baina asko eta askotan saiatu arren ezin izango dute hemen herri bat badela ezkutatu, mintza eder hau isildu, bistakoa zaiguna itsutu, ez eta, argi asko daukaguna lausotu ere. Hemen, herri bat bada eta bertako herritarrok subiranoak izan nahi dugu. Estatu bat bagenuen, Nafarra, eta bortxaz eta armaz suntsitu ziguten. Jende horrek berak demokrazia hitza aho betez darabilen aldi berean nafar herritarroi subiranoak izan gaitezen eragotzi nahi digu. Gizarte demokratikoan bizi garela saldu nahi digute, baina, nola izango da, bada, gizarte hau demokratikoa herritarrak subiranoak ez direnean?
«Pro libertate patria gens libera state», herritar libreen Estatu librea aldarrikatzen dugu. Ez, ordea, erregeren estatua, ez elizaren estatua, ezta alderdi politikoena ere, herritarron Estatua baizik; Nafar herritar subiranoen estatua, Nafarroa osoan nafar guztiok osatuko duguna. Agintarien injustizietatik herritar xehea babestuko duena; «Lingua navarrorun» guztiok erabil dezagun bermatuko duena; geure geureak diren herri ohitura eta kultur ezaugarriak garatuko dituena eta kultur unibertsalean ekarpen propioa egingo duena.
Gauzak honela, asko eta askotan saiatu arren, ezin izango dute gure oroimen historikoa lausotu, ezin izango dute ezkutatu gu hiritar nafarrak garela, hiritar nafar subiranoak izan nahi dugula, herri honen geroa erabakitzea guri dagokigula eta ezin izango dute ezabatu inoiz gure arbasoek harrietan idatzia utzi zutena. Ezin, gaztelu honen harrietan gordeta dagoena suntsitu. Harriak lurreratu zituzten, baina, leku honen nafartasuna zutik dirau. Horregatik,
Ausa gaztelu,
ohore zuri.
Izan ginenaren oroitarri
Nafar Estatuaren erakustarri
Euskal Herriaren oin harri
Izango garenaren oinarri
Gora Euskal Herria askatua!
Gora Nafar Estatua!