1980ko hamarkadaren erditik aurrera, aparteko eztabaida luzeak ezagutu ditugu euroaren inguruan. Ia paradisua zen Eurolandian sartu behar zen, kasik edozein modutan. Salatu genuen egoera hori, baina eraginik batere gabe. Horixe omen zen apustu bakarra. Geroago, zertxobait gehiago ikasi dugu, eta kritika sendoago egin. Baina ortodoxiak bere horretan dirau. Ikus dezagun, gaingiroki bada ere, nola dagoen paradisu hura.
Mezua hauxe zen: 1999an, euroa martxan jarri zenean, uste zen Europako moneta batasuneko partaideen arteko desberdintasunak murriztuz joango zirela. Halaber, langabezia tasak bateratuko zirela beste aldagai makroekonomiko garrantzitsuak bezalaxe: lan-indarraren unitate-kostuak, produktibitatea edo lehiakortasuna, defizit fiskala edo eta gobernu-zorrak. Azkenean, aberastasuneko ezberdintasunak, per capita errentetan neurtuz, murriztuz ere joango ziren.
Hala ere, euroa martxan jarri eta lehen hamarkadan, 2009a arte, dibergentzia izan da nagusi, ez konbergentzia, eta partaide diren estatuen artean tentsioak areagotu egin dira. Izan ere, 1999tik 2009ra doan artean, S. Eijffinger eta E. Mujagic autoreek txarren eta ondoen aritu diren estatuen egoera konparatu dute (http://www.project-syndicate.org/commentary/ eijffinger2/English).
1999an, inflazioari dagokionez, inflazio tasa altuenetik baxuenera bi puntu zeuden; 2009an, 5,9 puntu. Hazkunde ekonomikoari dagokionez, Irlandaren eta Portugalen arteko ezberdintasuna, hamarkadaren lehen erdian, portzentajean, %4.8 zen; 2009an %6. Lehiakortasunari dagokionez, 1999an desberdintasuna 25 puntukoa zen; 2008an 66,2. Lan-indarraren unitatearen kostuei dagokienez, 5,4 tik 31,8ra joan da, eta langabezia %10,1etik, %15,4ra.
Gobernu-zorrei dagokienez, Finlandiak gobernu-zorrik txikiena zeukan, barne produktu gordinaren %45,5; Italiak %68,2. 2009an, Finlandiak %39,7 dauka, baina Italiak %100 baino gehiago. -Egoera are txarragoa da gobernu-defizitei dagokienez-.
Ondorioz, tentsioak nonahi azaldu dira, hala Europar Batasunaren barruan nola kanpoan, eta, bi autoreon ustez, segur aski, tentsio horiek areagotu egingo dira hurrengo urteetan.
Nonahi Greziaren kasua aipatu da. Baina oso sinplista da euroaren arazo sakona soilik Grezian jartzea (http://www.project-syndicate.org/commentary/james38/English). Egia da Greziaren egoera tragedia bat dela (http://money.cnn.com/2010/02/19/ news/economy/euro.crisis.fortune/). Baina Italia, Irlanda eta Espainiar estatua antzeko egoeran daude defizit publikoari eta kanpo-zorrari dagokienez (http://www.project-syndicate.org/ commentary/roubini22/English).
1980ko hamarkadaren azken urteetako Europar Batasunari (EBri) buruz entzun ziren paradisuko oihartzun haiek fikziozkoak ziren. Erabat. Errealitatea oso gordina da, eta nahikoa izan da banku erraldoiek -batez ere AEBetakoek-, subprime zabor kredituen bidez, nahita bultzaturiko finantza-krisi bat izatea EBko paradisuzko egitura osoa hankaz gora jartzeko. Ondorioz, eta lehen urrats gisa, Greziak diru laguntza behar omen du, gobernuak zorra kitatzeko.
Baina arazoa sendoagoa da. Hona hemen ahots argi eta esanguratsu bat, Randall Wray-rena (http://209.85.129.132/search?q= cache:tElIt4eK1CgJ:www. counterpunch.org/auerback02232010.html+randall+wray+eu): «Badakigu Wall Street-eko guztiek ikusi zutela hori [krisia, alegia] etortzen. (…) Krisia ez zen akats bat… bazekiten enpresa [Goldman] produktu toxikoez beteta zegoela (…) 2001etik 2009ko azaro arte (…) Goldmanek tresna finantzarioak sortu zituen Europako gobernuaren [Greziaren] zorra estaltzeko, kasurako moneten trukearen bidez edo zorra etorkizunera bultzatuz. (…) Beste hitzez esanda, Wall Street-ek, Goldman eta AIGren bidez, zorra sortzen lagundu zuen, gero litezkeen ordaintze ezari buruzko histeria sortzen arituz. (…) Haiek sortu zuten nahasketa hau, eta ez dute soilik mozkina hartzen hortik, baizik eta susperraldia baztertzen ari dira, langabezia, gosea, bizitzaren deuseztapenak kausatuz… (…) Greziak, eta, oro har, Eurolandiak, baita gainontzeko munduak ere, guztiek, atseden bat behar dute Wall Street-eko erakundeen bidez gure ekonomiek jasotzen duten manipulaziotik eta deuseztatzetik -erakunde horiek mozkinak jasotzen dituztelarik, beraiek sortzen dituzten burbuila espekulatiboetatik-. Atsedena enpresak, etxe-jabeak eta gobernuak zorretan ehortzi izatetik, baita atsedena erakunde horiek sortzen dituzten krisietatik ere… [Hortaz], nahasketa hori sortu zuten Goldman Sachs-en eta antzeko finantza-erakundeen aurka gerra deklaratu behar da». Eta Greziari buruz, ikus Wray-ri egindako elkarrizketa: http://neweconomicperspectives.blogspot.com/2010/03/interview-with-randall-wray-about.html.
Gerra horretan tresna demokratiko eta legal guztiak erabili behar dira nahasketa finantzario hura sortu dutenen kontra. Bestela, behin eta berriz gauza bera egiten ahaleginduko dira.
Eta Euskal Herrian, zer? Estaturik gabeko Euskal Herrian arazoak areagotzen ari dira, hala Iparraldean nola Hegoaldean. Politika mailan, euskal errepublika independente baten beharra gero eta beharrezkoagoa eta onartuagoa da abertzaleon artean. Eta ekonomiaz? Zer daukagu esateko euskaldunok subiranotasun ekonomikoaz?