Etorkinen integrazioa? «saretzen» inkesta: Euskaldunen desintegrazioa

Pasa berria dugun Aberri Egun hau baino egun batzuk lehenago, EITBk eta Tokikomek inkesta bat atera berri dute, 2022tik elkarrekin daramaten lankidetzaren fruitu. “Datu kazetaritza”ren barnean kokatu duten proiektua da, eta hauxe dute 2. zatia, beren webgunean adierrazi dutenez. “Saretzen” du izena, gurean hain modan dauden euskarazko amu-hitz horietako bat, sarritan erdal diskurtsoaren apaingarri.

Iturria: Iñaki LL – WM Commons – CC-BY-SA

Euskaldun izanik informaziorako erreferentziatzat Saretzenen datu kazetaritza hori baliatu nahi baduzu, jai izango duzu. Euskarazko izenak izen, zu ez baitzara existitzen, gu ez baikara existitzen. Gernikako Estatutua motz geratu zela pentsatzen dugu sarritan, baina haren hitzaurrea irakurtzen badugu, ia iraultzailetzat jo dezakegu euskaldunen eta Euskal Herriaren errekonozimenduan: “Euskal herriak, bere naziotasunaren adierazgarri” eta “Euskara, euskal herriaren hizkuntza propioa” aipatzen ditu 1. eta 6. artikuluetan. Saretzenek, berriz, paso egin du Gernikako Estatutuaz. Nafarroa Garaiko Amejoramientora lerratu da gehiago: euskaldunik ez da existitzen, ezta bertako euskal errealitaterik ere.

Euskaltzaindiak, oso egoki, “herrialde batera atzerritik etortzea eta bertan kokatzea” definitu du immigrazioa. Saretzen txostenak etorkinak aipatzen ditu, ustez Hego Euskal Herriko biztanleriaren %12,7ko tasaz. “Atzerritar”/“gurera etorritako migratzaileak”/“immigrazioa” adierazpen eta terminoek ematen dute tasa horretara heltzeko giltza. Txosten horretan, izendapen hori dute Espainiatik kanpo heltzen direnak.

Gainerakoak ez dira “immigrazioa”, gure herrialdekoak ditugu antza (herrikideak, aberkideak, naziokideak…?), izan Ceuta, Madril edo Soria. 2021ean, 8.283 pertsona heldu ziren Frantziatik Hego Euskal Herrira (EAE eta Nafarroa Garaia). (Helas!) Ez dakigu tartean Ipar Euskal Herriko herritarrik ba ote zegoen ere, adibidez, Hendaiatik Irunera edo Garazitik Iruñera pasa direnak. Ez omen dira gure herrialdekoak, eta bai atzerritarrak.

Gaindegiak, 2021ean funts ekonomikoen faltaz desegin baino lehen (zinez galera penagarria, ez betiko agian), besterik zehaztu zuen immigrazio datuetan, gure kaleko pertzepzioari gehiago hurbiltzen zaiona: Hego Euskal Herriko herritarren artean, biztanleriaren %27a Euskal Herritik kanpo jaio da. Txostenak hitz egiten du etorkinak nola sentitzen diren, zein premia dituzten, zein jarrera dugun haiekiko.

Txosten lotsagabe honetan dena ondo doala dirudi. Aldiz, zein jarrera dute etorkinek euskararekiko? Zein euskaldunekiko? Zein eragin du immigrazio horrek guztiak gure eguneroko ohituretan? Euskaldunon (auto)pertzepzioan? Ahaztu azken galdera horiek ikusiko dituzula uste baduzu.

Euskadi Irratiaren apirilaren 5-6an elkarrizketatuak, txosteneko partaide, baieztatu du etorkinak eta euskal herritarrak pozik gaudela. Euskaraz lehen hitzak esatearren muturra jarri dizute? Zure arazo pertsonal eta pribatua izango da… hemen ez da ezer agertzen. Arnasguneetan etorkinak erdara dohainik ikasten jarri dituzte? Tira, nori axola dio. Antza denez, etorkinak “euskaldun” sentitzen dira, horrelakoak ere entzun baitziren Euskadi Irratiaren elkarrizketan. Jakina ez da dudarik euskaldundu direla batzuk, eta bejondeiela oztopo guztien gainetik horretan ari direnak!

Txosten horren kontsiderazioak ez dira herri gutxitu batenak: irizpide berdinak jarraituko lituzke izan Gaztela Leon edo izan Murtzia. Saretzenek argi eta garbi markatu du zeintzuk gara “gu” eta zeintzuk “besteak”, Frantziako Iraultzak jada zehaztu zuen “citoyannete/ciudadanía” horixe, eta gero espainiar eliteek XIX. mendean gerraz gerra eta diktaduraz diktadura gure gainean ezarria. Areago, tazituki “besteak” euskaldunak gara. Ez dago hemen datu kazetaritzarik, eta bai, aldiz, hutsune handiak eta espainiar pedagogia sozio-politiko gehiago, gordin-gordinik. Sarean ez erortzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriaren datutegi eta datu kazetaritza bateratu, zintzo eta ausart baten premia.