Estatu nazionalen nazionalismoa

Palestinatik iritsi zaizkigun irudi eta albisteek barrenak inarrosi dizkigute. Besteak beste, umez beterik zegoen aterpe bat jota txikitu du Israelek. Eta ekintza hori eta antzekoak zuritzeko Israelgo estatu nazionalaren argudioa betikoa da: alegia, Israelek hura desegin nahi duen nazionalismo palestinarretik babesteko eskubidea duela. Eta hori onartu egiten diote nazioarteko estatu hegemonikoek eta ez hain hegemonikoek. Era horretako sarraskiak zuritzen dituzten estatu nazionalen historian arakatu behar ote genuke funtsean zer gertatzen den jakiteko?

Nazionalismoaren historiaz pittin bat dakienak badaki giza historiaren bilakaeran mugarri bat ezarri zuela iraultza politiko horrek. Nazionalismoaren aurreko munduan nagusi ziren oinarri politiko, ekonomiko, ideologiko eta kulturalak iraungitzen joan ziren estatu nazionalen araberako mundua egituratu eta antolatu ahala. Europako Mendebaldean sortu ziren estatu nazional zaharren artean, nazionalismoaren bertsio inperialista eta kolonialista gailendu zen. Eta nazionalismoaren historia estatu inperialista eta kolonialista horien izaera zapaltzaileak markatu eta ezaugarritu du gehienbat.

Palestinan egindako garbiketa etnikoa ez zuen Israelek asmatu; ezta arrazismoa eta apartheida ere. Berea ez den beste nazio baten lurraldea bortxaz inbaditu, okupatu eta bereganatzeko politika ere ez da sionismoaren asmakizuna. Genozidioaren eta etnozidioaren politikak ere aurretikakoak dira. Beraz, sionismoak izan du non ikasia praktikatzen dituen nazio zapalkuntzaren politika ankerrak burutzeko. Ez zaio eskolarik falta izan nazionalismoaren bertsio zitalenetik ikasteko.

Asaldatu egiten gaituzte sionismoaren nazionalismo bortitzak egiten dituenek. Baina, gezurra badirudi ere, Palestinan Israelek egiten duen guztia munduko leku askotan gertatu zen aurretiaz: alegia, nazio handiak txikia irentsi eta birrindu arteko onik ez izatea. Giza memoriaren mekanismoak oso selektiboak dira eta Palestinaren alde Londresen, Parisen eta Madrilen kalera atera direnei gogoraraziko bagenie Israelek orain egiten dituen sarraskiak aurrez beren estatu nazionalek (Britainia Handia, Frantzia, Espainia) egin zituztela, zorotzat hartuko gintuzkete. Baina enbor bereko kimuak dira estatu nazional inperialista eta kolonialista horiek guztiak. Dagoen alde bakarra hauxe izan daiteke: gaur demokratikotzat dauzkagun estatu nazional inperialista eta kolonialistek iraganean egindako sarraskiak Israelek orain egiten dituela. Oraingoak asaldatzen gaitu, iraganeko bidegabekeriak kontakizun hegemonikoak estali eta ahantzarazi dizkigulako.

Horrexek baizik ez ditu bereizten, adibidez, Israel eta Espainia, Israel eta Frantzia. Iraganeko nazio krimenak barkagarriak dira ahanzturaren kutxako giltza estatu nazional inperialista eta kolonialisten esku dagoelako. Palestinaren alde manifestazioak eratu dituzten espainol, frantses eta ingeles askoren begietan Israelen jokabideak ez luke inolako zuribiderik izango, nahiz eta beren iragan nazionalean aztarrika hasi orduko, sionismoaren ideologia eta helburu bertsuak idoro ditzakegun. Horrela funtzionatzen du nazionalismo estatalaren kontakizunak: atzoko gaiztoak gaurko zintzo bihurtu ditu logika hegemonikoaren diskurtsoak. Gure demokrata espainol eta frantsesei esaiezu orain beren kontakizuna deseraiki behar dutela, benetan zer diren eta nondik mintzo diren jakin dezaten.

Edonola ere, ez nuke estatu nazional guztien izaera inperialista eta kolonialista hori baietsiko. Nazionalismoaren historian ez baita dena makurra eta salagarria. Nazionalismoaren edo abertzaletasunaren izenean gizakiaren baliorik laudagarrienak gauzatu dira han-hemenka. Nazionalismoak ere argi-ilunak ditu, beraz, bere baitan. Tamalez, ilunak nagusitu dira modu nabarmenean, besteak beste, munduaren kontrola estatu nazional hegemonisten esku dagoelako. Menderatuen nazionalismoak ez du zerikusirik menderatzaileen nazionalismoarekin: ez Palestinan ez Euskal Herrian ez inon. Horrek ez du esan nahi, noski, herri zapalduaren erresistentzia-erreakzioa aingeruen kontua denik nahitaez.

Euria bezain naturalizatuak dauzkagu gure auzo estatuak: hala Espainia nola Frantzia. Horrenbestez, ez da harritzekoa izango trenak eraikitzen dituen euskal enpresa batentzat Israel ere estatu demokratikoen sailean kokatzea. Hain zuzen, euskaltzaleok ere ez bide dugu kontzientzia kargurik haurrak jo eta txikitzen dituen estatu sarraskigile batekin eskuz esku diharduen enpresarekin batera jarduteko. Nazio zapaldu batetik dihardugu euskaldunok, baina, jakina, gure abertzaletasunaren balioak munduko beste nazio azpiratuekin bat egiten dugun neurrian bakarrik izan daitezke sinesgarriak.

Alabaina, nazionalismoaren bertsio makurra nazionalismo estatala sortu eta garatu duten europar estatu zaharren orbana ote da soil-soilik? Edota munduko geopolitikan zer esan handirik ez duten estatu apalagoen kontua ere bada? Irudipena dut gai sozialetan eredutzat dauzkagun estatu asko ere ez direla sobera bereizten nazionalismoaren keria horri dagokionez. Kataluniako askapen nazionalaren harira ez dira behintzat gehiegi nabarmendu alde horretatik: hots, abertzaletasun askatzailearen eta zapaltzailearen arteko gatazkan jarrera uzkurra erakutsi dute.

Hain zuzen, zer gertatzen zaie estatu bihurtu diren nazio zapaldu ohi askori munduko estatuen estatus pribilegiatuan kokatzen direnean? Nazio Batuen Erakundean eserleku bat eskuratu eta munduan nor direla sentitzea ote da azken helburua? Estatuaren boterea horretarako erabiltzekotan…

Berria