Espainolak izateari utzi dioten katalanak

Josep Costa eivissarra da espainolak izateari utzi dioten katalanetako bat, Kataluniako Parlamentuko lehendakariorde izandakoa. Urriaren 27an atxilotu zuten Kataluniako Auzitegi Nagusiari men ez egiteagatik; hango magistratu Maria Eugenia Alegret andreak mossoei agindua eman zien Costa auzitegi horretako kalabozora eramateko, eta Costak txiokatu zuen ez zuela auzitegi horren autoritatea onartzen Kataluniako parlamentuaren ezein erabaki epaitzeko. Alegretek Costaren aurkako ikerketa abiarazi zuen, desobedientziagatik, hark Kataluniako Parlamentuko lehendakariorde gisa, 2019ko azaroan, autodeterminazioaren alde eta monarkia gaitzesteko onartutako akordioak tramitatzeagatik. Beste batzuek ere deklaratzera joateko deiak jaso zituzten eta joan ziren, baina bera ez. Desobedientzia kolektiboagoa espero zuen berak, herri desobedientzia. Goiza kalabozoan igaro zuen, eta arratsaldean kalean zen; hogei minutuko deklarazioa egin eta magistratuaren aurka kereila jarrita atera zen, ilegalki atxilotzeagatik.

Gertakari errepresibo judizial hori dela eta, Vilaweb-eko zuzendari Vicent Partalek editorial batean idatzi du berriki, gaur egun izan zaitezkeela eivissarra eta gutxiago edo gehiago espainola, baina aldi berean eivissarra eta katalana ez. Zer esan nahi du horrekin?

Printzerrian, Katalunian, hautu politiko arrazionala eginda, gaur egun izan zaitezke independentista, nahiz eta sentimentalki edo erreferentzia nagusiei doakienez, hizkuntza eta gainerako, espainola izan. Jakina, independentista asko dago Printzerrian katalana soilik sentitzen dena, eta hautu horrekin kontsekuente, espainol ez izaten ahalegintzen dena; baina halakoak ez bezala, eta Printzerriko katalana ez izanik, Partal bezala valentziar katalana izanez gero, edo Costa bezala balear uhartetar katalana, garbiago gelditzen omen da katalan izatearen eta espainol izatearen arteko leizea edo bateraezintasuna. Zer-pentsa ematen duen gaia da, ezta?, seguru Nafarroako eta Iparraldeko batzuek islaturik dakusatela euren burua!

Jende gehienari, seguru asko, ez zaio asko axola(ko), ez Katalunian eta ez gurean, identitate espainol eta katalanaren edo euskaldunaren arteko talka; ez da horretaz kontziente(egi), beharbada, eta lasai asko murgiltzen da eskura dituen erreferentzia espainoletan; eta, ondorioz, gero eta asimilatuago dago, nahiz eta, menturaz, oso kontziente ez izan. Lagunak erdaldunak edo erdaraz dihardutenak; lankideak beste horrenbeste; gustu literarioak edo irakurtzeko ohiturak espainolak; ikus-entzunezkoen kontsumoa erabat edo gehienbat espainola (aukera ere askoz zabalagoa)…

Begi-bistakoa da egungo egoera soziokulturalean askoz errazago dela espainola izatea katalana edo euskalduna izatea baino. Kontua da errenditu nahi ez dugunok zertan egin behar dugun gogor, edo erresistentzia, eta horretan katalanei begira jartzea ez zait alferrikakoa iruditzen; aitzitik, onuragarria.

Han, duela lau urteko indar-erakustaldi nazionalaren ondoren, suspergarriak ez dira oraindik itzali. Bai, iritzi politikoak bereizi dabiltza alderdi independentisten artean; ERCk nazioarteko komunitateak onartu eta behaturiko autodeterminazio erreferendum loteslea lortu nahi du, eta horretarako Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa-mahaian dago; eta Junts eta CUP eszeptiko dira elkarrizketa-mahai horrekin, eta alde bakarreko bidea ikusten dute irtenbide bakar. Ildo horretan, Errepublikaren Kontseilurako hautetsiak aukeratzeko bozketa elektronikoa egin berri da Herrialde Katalanetan, urriaren azken hiru egunetan; bozketa horretarako izena eman dutenen artean, zerrenda irekiak dituztela, 81 independente eta 40 kargudunen artean hautatu ahal izan dute. Horrek mentalitate aldaketa ekarriko du, dudarik gabe.

Baina iritzi ezberdinak gorabehera, oraindik ez da itzali 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren eta hil hartan gertatutakoaren eragina, eta badaude valentziarrak eta baleartarrak gero eta arbuio edo desatxikimendu handiagoa sentitzen dutenak espainol izatearekiko; eta ez politikoki bakarrik, baizik eta erraietatik, norberaren izaera osoari dagokiola.

Hizkuntzara etorrita, funtsezko gaietako bat da katalanentzat; han ere kezkaturik dabiltza hizkuntza katalanaren egoeragatik; Herrialde Katalanetan %32k erabiltzen dute katalana ohiz, eta gainerako gehienek gaztelania. Halaber, kezkatuta daude gazteen katalanaren erabilera jaitsi egin delako.

Gu, esan beharrik ez, okerrago gaude, eta badirudi ez gaudela kezkatuago —instituzioak eta alderdi politikoak ez—; eta bistan dago katalanek ez gaituztela euskaldunago egingo, baina ona da hara begiratzea —han ez dute borroka armatuaren hipotekarik, Terra Lliurek ez zuen inor hil!—. Ausardia dute epaile espainolei desobeditzeko, haien autoritaterik ez onartzeko, eta Errepublikaren Kontseilu nazionala hautatu berri dute: bi hitzetan, politikoki eta linguistikoki beren burua sendotzeko ausardia dute.

Behera etorriak gabiltzan honetan, haize freskoa ematen digute eta espainolak izateari uzteko gonbita ere egiten digute, norberaren izaera osoa inplikaturik, adimena bezala sentimendua.

Berria