Eskutik euskara

Patxi Olabarria Irizar

Antxintxika, arineketan, lasterka… Bakoitzak bere modura esan arren, egun hauetan guztiok egin dugu bat, Korrika.

Amurriotik Donostiara, lekukoa eskutik eskura, eskutik euskara. Entzuna dut gure arbasoek eskuekin adierazten zutena mingainera pasatu zutenekoa dela eskuara, euskara.

Korrikaren leloak garbi dio, Hitzekin, hitz ekin, ekiteko garaia baita. Ez da euskararen alde korrika egiteko garaia, euskaraz korrika egitekoa baizik. Joseba Alvarez euskaltzaleak dioen bezala, «euskaraz bizi nahi dut» esatetik pasa gaitezen «euskaraz bizi naiz» esatera.

Larunbatean, lagunon artean erositako kilometroa egin genuen Zizurtik Noainerako bidean. Duela bost mende, euskararen herria defendatuz, espainiarrek han bertan hil zituzten milaka euskalnafarrak gogoan. Haien eta Amaiurko gaztelua defendatu zutenen bandera esku batean eta euren lekukoa bestean, korrika.

Joseba Sarrionandiak esan bezala, «euskara da gure territorio libre bakarra». Ados, baina euskararen territorio librea izan zen hura berreskuratu behar dugu, euskaraz.

Naiz