Abuztuan ‘ORREAGA 824’ kultur astea ospatuko dugu Auritzen, Beltxaren taldearen kontzertua, Xabier Irujoren hitzaldia, eztabaida eta zabalkunde jardunaldi bat, erakusketa bat, antzezlan bat, Auritzeko Udalaren artean antolatua, Nabarralde Fundazioa (Iruñea), Hernani Errotzen (Gipuzkoa), Martin Ttipia (Araba) eta Zabalik Elkartearen (Donapaleu, Nafarroa Beherea) laguntzarekin.
824an, duela ia 1.200 urte, Pirinioetako mendia zeharkatzen duen ibilbidean, Orreagako azken gudua gertatu zen. Kordobako kroniketan dokumentatuta dago eta J. M. Lacarra historialariaren lanean ere aipatzen da. Karlomagnoren aurkako 778ko garaipen ospetsuaren eta 812 eta 816ko beste liskar batzuen ondoren, 824koa izan zen enperadore frankoek Iruñeko baskoiak menderatu eta inperioan integratzeko egin zuten azken ahalegina. Eneko Aritza eta Banu Qasitarren arteko aliantza ere izan zen, Eblo kondearen eta Aznar Galindo arnegatuaren indar frankoen aurrean. Gudu honen garaipenak baskoien autoritatea finkatu zuen Iruñean eta botere subiranoa ezartzeko aukera eman zien.
Xabier Irujo eta Beltxaren taldeko kideekin hitz egin dugu beren ekarpen musikalaren nondik norakoa azaltzeko.
Xabier Irujo
Errozabal, 778 diskoa: Historia musikaren eskutik
Errozabal 778. Zer gertatu zen urte hartan? Zergatik gogora ekarri?
Izan diren errege guztiak bezala, Karlomagno izendatutako errege horrek ere erresuma karolingioa nahi zuen zabaldu. Horretarako behar zuen Baskonia garaitu, zapaldu eta arpilatu. Bere horretan saiatu zen 778an baina inperio izaten saiatzen ari zen erresuma horren espedizioak porrot egin zuen. Karlosen armada erabat suntsitu zuten baskoiek Errozabalen. 824an, Errozabalgo hirugarren batailaren ostean, Baskoiek Iruñeko erresuma sortu zuten Eneko Enekoitz “Aritza” buru.
Aurretik Amaiur, 500 urte eta Beotibar, zazpi mende geroago izeneko lanak ere burutu dituzue: kontatuko diguzu laburki zertan diren?
Amaiur dugu Nafarroako erresumaren independentziaren galeraren ikur. Bertan paratu ziren 200 bat nafar 1522an Gaztelaren armadaren kontra. Beotibar ere Euskal Herriaren historiako kapitulu bat da. Kasu honetan, Nafarroako erresumako tropek bidelapur talde baten kontra 1321ean izandako borrokaz ari gara. Hala ere, Errozabal, Amaiur eta Beotibarrek badute antzekotasunik: Historiografia ofizialak mendeetan desitxuratutako Euskal Herriaren historiako hiru mugarri historiko dira.
Kantuak, alegia, melodia eta hitza, zuk sortu dituzu. Zerk eraman zaitu zure ohiko jarduera ez den horretan bidea hastera?
Aspalditik idazten ditut nik olerkiak eta bertso paperak. Aldiz, 2020a arte ez nintzen inoiz poema hauei musika jartzen saiatu. Hori berria da. Historia ezagutzera emateko bide berria da. Hasieran a capella kantatzeko hasi nintzen idazten eta melodiak sortzen; orain ordea, musika instrumentala ere saiatzen ari naiz ekoizten. Ez dakit noiz arte jarraituko dudan hau egiten baina Beltxaren taldearekin lan egitea esperientzia aparta da.
Diskoa, aurreko biak bezala, Beltxaren taldeak grabatu du: nola izan da prozesua?
Beotibar idaztean eta konposatzean Beltxaren taldearekin pentsatu nuen. Taldeak egindako aitzineko hainbat euskal piezaren interpretazioak ezagutzen nituen eta asko gustatzen zitzaizkidan. Hortik aurrera elkarrekin lanean hasi ginen eta uste dut musika oso berezia sortzea lortu dugula, sen historiko eta kultural sakonekoa eta, gainera, asko disfrutatu dugu guk eta baita publikoak ere.
Zu Nevadan-Renon eta Beltxaren Euskal Herrian. Nola garatzen da proiektu bat elkarren arteko distantzia horrekin?
Euskaraz. Hori da gu guztion lokarria. 8.000 km-ko tartearekin ere, euskara da bi kontinenteen arteko zubia. Euskaraz eta euskara aburu.
Diskoa plazaratzeaz gain, bestelako ekimenik ere izanen da, ezta?
Bai, Errozabalgo gudan borrokatu ziren euskaldunen ohorean, batetik, Patxi Aldunateren monumentua paratuko du aurten Orreaga Fundazioak Luzaiden, eta bestetik, Nabarraldek aste kulturala antolatu du Auritzen. Testuinguru horretan, bertan abestuko du taldeak, joan den urtean Amaiurren eta orain bi urte Larraunen eta Berastegin bezala, emozioz jantzitako prozesu kultural baten baitan kokatzen baitira taldearen emanaldiak. Euskara, euskal kultura, euskal historia eta balio sozialak ere abian jartzen dituen proiektua da hau. Oso eredugarria.
Beltxaren taldea: Errozabal, 778
Gurutzaden testuinguruan, xede politikoz tindaturiko La Chanson de Roland-ek gertakari historikoa eraldatu zuen, historiari erantzuten ez dion elezaharra sortuz. Baina antzinako kronikariek idatzitakoa berreskuratu dugu egun: Errozabalgo gudua (urtetan Orreagako bataila izenez ezaguna izan dena) enperadore baten handinahiaren ondorioz gauzatutako hondamendia da.
Iruñea, “euskaldunen hiri nagusia” suntsitzeko agindua eman zuen Karlos erregeak, baskoiak matxinatu ez zitezen. Hiri hau eta beste asko arpilaturik, frankoen tropak Erroibarreko bide estuetan zehar abiatu ziren Errozabalerantz.
778ko abuztuko egun hartan ilargi betea zegoen. Kronista frankoen hitzetan, “erregeak aurrera egin zuen eta atzean geratu zen gainerako armada”. Bat-bateko erasoak izua zabaldu zuen frankoen artean eta borroka sarraskia bihurtu zen Errekabeltzean, pagadiaren ibai beltzean. Baskoien garaipen erabakigarria izan zen hura.
Hala, Eneko zaharraren semea zen Eneko Aritza buru, 824an lortu zuten baskoiek hirugarren garaipena Errozabalen, eta Iruñeko erresuma osatu zen.
Diskoa
Beltxaren taldeak 2023ko ekainean Errozabal, 778 lana grabatu du. 10 kantuz osatutako disko/usb-a da eta MP3, WAV eta Surround 5.1 formatuan eskaintzen da. Kantuen doinu eta hitzak Xabier Irujo historialariarenak dira eta musikaren konposizio eta moldaketak, berriz, Mikel Petrirenarenak.
- Iruñean bada erregea
- Urruneko agurra
- Ibañetako lepoan
- Errekabeltzeko itzalak
- Errozabalgo kanta
- Orreagako ahairea
- Baskonia
- Erregearen dantza
- Zizeko pagoak
- Gu gara Baskoniako alabak eta semeak
Ez da lehen aldia halako proiektu bat gauzatu dutena; 2021ean Beotibar, zazpi mende geroago lana argitaratu zuten elkarrekin, Beotibarko batailaren harirako azken ikerketen egia gizarteratzeko asmoz egina, eta 2022an, aldiz, Amaiur, 500 urte diskoa borobildu zuten, Amaiurko gertaera gogoangarrien urtemugaren harirako lana. Hiru lanek gure memoria historikoa lehen planora ekartzeko helburua dute, liburu, kongresu edo hitzaldiekin batera eta haiei lagunduz, musikaren lengoaia oso interesgarri eta baliagarria delakoan, askotan kantagintzan hutsunea sumatu baita gure mugarri historikoei dagokiela.
Beltxaren
Beltxaren 2008an sortu zuten Lina Andueza eta Ana Telletxeak kantu zaharrak a capella emateko asmoarekin. 2021ean, ordea, taldea handitu eta musikari berriak batu zaizkie: Arkaitz Ibarra, Garbiñe Leiza, Maddi Agirre, Mikel Petrirena eta Mikel Ruano. Tradiziozko musikaren inguruan dabiltza denak ere beren ibilbide musikaletan, eta hirugarrenez, Xabier Irujoren ekimen bati heldu diote. Edonola, lan “historiko” hauez gain, taldeak bere errepertorioa dauka eta tokian tokira moldatzen dute emanaldia.
- Maddi Agirre: zeharkako txirula, flauta barrokoa eta ahotsa
- Arkaitz Ibarra: txistua, saxofoia
- Mikel Petrirena: txirula eta ttun-ttuna, gaita, txistua
- Garbiñe Leiza: pianoa
- Mikel Ruano: gitarra, baxua eta gaita
- Lina Andueza: ahotsa
- Ana Telletxea: akordeoia, txalaparta, panderoa eta ahotsa
Mikel Petrirena Baies
Errozabal, 778 diskoa: musikaren konposizioa
Errozabal, 778 diskoaren kantuen konposizio eta moldaketa lana egin duzu; zer biltzen du diskoak?
778. urtean Errozabalen (Orreagan, alegia) izan zen borrokaren ondorioak biltzen dira gai gisa: Nafarroako erresumaren sorrera, baskoi izatearen harrotasuna… eta, era berean, borrokaren osteko paisaiari ikuspegi malenkoniatsu-poetikoa eman dugu musikaren bitartez.
Nola egiten duzu lan? Melodia soil batetik nola osatzen duzu instrumentazio guztia?
Emandako musikek eta letrek sortzen didate nolabaiteko lehen ideia, kasu honetan, Xabier Irujok proiektu bakoitzean ematen dizkidanak; eta jakinik zer instrumentu eta zein instrumentu-jole (ahotsa barne) izanen diren lana argitara emago dutenak, aipatutako lehen ideia hori lantzen eta garatzen hasten naiz. Ez da izaten azkar egiten dudan lana (denboran neurtua, behinik behin); behin eta berriz entzun, eta behin eta berriz egiten ditut moldaketa ttikiak. Zerbaitek emozioa sortzen badit, badakit ongi dagoela (akatsetatik aparte). Finean, letrak musika behar du lagun, koherentzia batean, eta melodiak gero konposizioa hartu behar du. Baina koherentzia hori ez da unibertsala, noski, tokian tokikoa da, kultura eragin eta oharmenen araberakoa da.
Zer behar da lan bat atontzeko, konpontzeko edota sortzeko?
Egia esan, ez da gauza handirik behar, musika sortzeko bereziki garrantzitsua entzutea da. Beste gauza bat da hori guztia paperera eramatea, idaztea alegia, eta paperean dagoena jotzea, interpretatzea; horretarako ikasi beharra dago. Baina oinarrian, musika jakitea lanabes bat da, eta ezinbestekoa da bertako eta kanpoko musika entzutea.
Beltxarenen aurreko beste diskoetan ere lan hori egin duzu; zer biltzen zuten haiek? Elkarren artean bada loturarik?
Aurreko lanak “Beotibar, zazpi mende geroago” eta “Amaiur, 500 urte” izan dira, gure herriaren historiako beste bi kapitulu mardul. Herri honek bizi izan dituen gatazka, borroka edo gertaera historikoetan “espezialista” bihurtzen ari garela dirudi, baina horrek, hain zuzen, balio berezia du, nire ustez. Lan kolektiboak dira, herriarentzat, eta musika lanak ere bai, noski, aldi berean. Kontatu ez diguten historia ezagutzera emateko beste modu bat da hau, hurbilagoa akaso, forma aldetik.
Lehenbiziko diskoa soilagoa izan zen, instrumentazio aldetik, behinik behin: pianoa, gitarra, flauta barrokoak, txistua, ahotsa… Bigarren diskoak, berriz, musika bokal gehiago dauka, Erdi Aro bukaerako polifoniak oinarri hartuta osatu nuen. Musika horiek gustatzen zaizkit. Garai hartako Europan jasotako musikak egia bat bidaltzen dit, egungo eraginekin konparatuz eta gaurkoa ez den sonoritate hori gustatzen zait. Hirugarren disko honetan, azkenik, tresna gehiago sartu ditugu: saxofoia, baxua, zeharkako txirula, perkusioa… taldekideek ematen dituzten aukerak baliatuz.
Eta, zein estilotan kokatzen duzue zuen musika?
Zaila da hori zehaztea. Tradiziozko musika dugu oinarri, bistan da, baina azken lanak jazz ukituak ditu, adibidez. Estiloa baino gehiago, eragina zaigu interesgarriago: ez dakit zergatik gaur egungo euskal musikak paradigma anglosaxoian oinarritu behar duen zeharo. Garbi da joera hori bultzatu dela, baina, zergatik ez ekialdetik hartu eraginak? Gaur egun eta aspaldi samar, negozio kontua da; salmenta. Gure patroi musikala ez dugu garbi, eta zentzu horretan, interesgarria egiten zait beste edozein tokitako musika moduak gurera ekartzea nolabait. Euskal Herritik ekialdera egiten dena interesatzen zait.
Hala, nire konposizioetan (kasu honetan Irujok emandako melodia horiek osatzeko prozesuetan) akordeek eskema horietara jotzea bilatzen dut ahal den heinean, hemen errotutakoa hausteko. Ez pentsa, taldeko kideek berek maiz ez dizkidate ulertzen: belarriak ez ditugu ohituak. Musikalitateak aldatzea zaila da, oharmenak ez du erraz hartzen.
Gure lanak oinarrian hori du; ezarria dagoen musikalitateari ihes egin eta mezu bat zabaldu. Coubet txanbelariak hala erraten zuen instrumentuaz liluratuta hurbiltzen zitzaizkionean: “inportanteena bertsoa da; txanbela lagungarria da”. Nik tresnarekin ez dut erraten, hitzarekin bai, ordea. Funtsean, musika egitea politika baita, eta gero eta gehiago galtzen ari garena mezua da, nolabaiteko askatasun hori murrizten ari gara. Letra botereak onartzen ez duen zerbait bada, ez da onartua izanen, ez da zabalduko.
Disko hauez gain, zer beste lan egin duzu?
Ortzadar Euskal Folklore Elkartean nabil gazte nintzenetik eta besteak beste, azken urteetan Ortzadarrek ekoitzitako “Librea Ninçana” (Nafarroaren konkistaren inguruko) eta “Ahanzturaren Lorratza” (Alzheimer gaixotasunaren inguruko) ikuskizunen soinu-giroen sortzaile, moldatzaile lanetan aritu naiz. Lehenarekin, gainera, diskoa grabatu genuen. Bi kasu hauetan dantzaren lengoaiak espazio berezia zuen eta lan diferenteak izan dira, baina betiere antzeko helburuak jomuga izanik.
Josune Elizalde: diskoaren diseinua
Zer jasotzen du diskoaren azalak?
Gauza asko, gaiak ertz asko dituelako. Batetik, agerikoena, bailara bat. Lainoa. Irudia iluntasunetik aldendu dut baina beti kontuan izanda guda baten harira datorrela, eta beraz, heriotza hor dagoela; ezin zen kolorezko festa bat izan. Hala, natura, odola, metala (batailan presente izanen ziren elementuak) gogora ekar ditzaketen koloreak hautatu ditut.
Logotipoa bera betiko tipografiatik urrundu nahi izan dut, zahar itxurako horietatik; erabilitako letra tipoa berez modernoa da, baina Errozabal hitza moztu dut, guda edo bataila batean gauza asko «mozten» baitira. Erdian sinbolo bat sortzen da, gudari bat edo mendia, edo diana bat irudika dezake eta koloreekin jokatuz, indarra eman nahi izan diot horri.
Bestalde, kolore biziko zipriztinak ere baditu, eta hor, borroka bera ikus daiteke, mugimendua. Baina baita garaipenaren algara ere, hain antagonikoak diren bi gauzak transmititu nahi izan ditut.
Nola planteatzen da lana, zein da prozesua?
Lehenbizi egiten dudana da proiektua zertan datzan jakin, historikoki zeri egiten zaion erreferentzia, zer den musikarekin islatu nahi dena eta hortik forma nola eman bilatzen dut; nola transmiti dezake irudi batek mezu hori? Ideia batzuk sortzen ditut buruan, diseinu modu batzuk planteatzen ditut eta gero ordenagailuarekin forma ematen hasten naiz, trasteatzen. Askotan lehen ideiak ez dira gorpuzten.
Koloreak funtzio estrategikoa du eta beraz, proiektuan proiektu hori egoki kokatzen saiatzen naiz. Lan honetan oinarrizko ideia da garaipen handia izan zela Errozabalgoa, beraz, norberak irudiarekin bidaia bat eginen duen arren, oinarrizko ildo batzuk ezarri behar dira koherentzia baten baitan. Disko honen azalak argia bidali nahi du, laino arteko argia, ikusten ez den zerbaiten iradokia, eta gonbita izan nahi du hartan iltzaturik gelditu den errelatoa ezagutzera.
Beltxarenen beste bi lanen diseinua ere egin duzu; badute loturarik elkarren artean?
Dudarik gabe, diseinatu dizkiedan hiru azalek lotura dute. Hirurak talde berarenak dira, historialari beraren eskutik jasotako ekimenak dira eta hirurek egiten diote erreferentzia une historiko gogoangarriei; aldea da azken hau garaipena dela, Errozabalgo batailarena. Beotibar eta Amaiurreko diskoak, aldiz, iluntasuna dira. Baina edonola, lan molde bera izan bada ere, bakoitzak bere planteamendua eskatzen du, errotik, ez baitago ezer emanik lotura duten arren.
Zergatik da hain garrantzitsua diseinua?
Bisualak gara. Eginen dugu nahi dugun “salmenta” kontu horrekin, baina begiak gidatzen gaitu. Disko barrenean dauden hamar kanta horiekin bat datorren irudia bilatu behar da, eta kantuek musikaz helarazten dutena irudiz bidaltzen saiatu; entzuleari lengoaia horren mezuak laguntzen dio. Horretarako, hiru lanetan testuinguruaz gain, kantuak ere entzun ahal izan ditut diseinua ontzeko prozesuan eta horrek informazio interesgarri pila bat ematen du.
Halako beste proiekturik izan duzu?
Beltxarenen hiru diskoez gain, Ortzadar Euskal Folklore Elkartearen Librea Ninçana diskoa diseinatu nuen, logo ugari ere bai, web guneak, liburuak… nire egungo lan dinamikatik pixka bat aldentzen nauten lanak izan dira. Ni diseinatzailea naiz, baina nire ohiko lanean irizpide eta baldintza batzuekin lan egiten ohitua nago, eta mugatua nago eskakizun eta epeekin. Lan askorendako ez dago nahi bezainbeste asti. Beltxarenekin egin ditudan lanetan, aldiz eta adibidez, askatasuna izan dut eta horrek bizitasuna ematen du; pentsatzeko, hausnartzeko denbora ematen didate, eta gero sorkuntza egin ahal izan dut zentzurik osoenean, benetan maite dudan ogibidea behar den bezala landuz.
Lina Andueza eta Ana Telletxea
Errozabal, 778 diskoa: Beltxaren taldea
Taldeak hirugarren diskoa aurten; zer moduzkoa izaten ari da esperientzia?
Ana: Lehenengo diskoa izan zen lan gehien eman zuena, oro har, gauzatuko genuena kokatu arte. Xabier Irujo historialariaren hastapeneko ideia a capella kontzertu bat eskaintzea zen, eta gerora etorri zen diskoa grabatzeko ideia. Esperientzia aberasgarria izaten ari da, berezia zalantzarik gabe, baina trinkoa ere bai, zentzu batean: hiru disko grabatu ditugu bi urteko epean. Hala, lanik handiena Mikel Petrirenak izan du, moldaketa eta konposizio guztiez gain, estudioko lanen zuzendaritza berak hartu duelako. Hala ere, epeen estuasun horrek emaitza ekarri du eta halako ekimen batean aritu izanaz pozik gara.
Zer berezitasun dute hiru diskoek?
Lina: Asmo berari erantzuten diote hirurek (Beotibar, Amaiur, Errozabal). Gure historia besteek kontatu dute beti, baina historialari eta arkeologoen ikerketek argi utzi dute hura berridazteko beharra dagoela. Hori da bilduma honen helburua; gure herriarentzat mugarri izan diren gertaera batzuk berriz idaztea eta musikaren hizkuntza baliatuz, jende artera zabaltzea. Bihotzetik ezpainetara.
Ana: Gu gaur arte ohituak ginen kantu zaharrak ematen, bikote gisa gainera, istoriotxoak argitara ekartzen, eta aldi honetan egia historikoa aldarrikatzeko lan mardulak izan dira; bi egitekoetan ere, herrigintza ariketa bat dela ulertzen dugu eta horrek asetzen gaitu.
Beste diskorik ez duzue hauez gain…
Lina: Kuriosoa da guk Beltxaren gisa orain arte ez dugula diskorik grabatu. Kuriosoa-edo. Ez da gure jomuga izan inoiz; berez, orain gutxi arte ahots hutsean aritzen ginen normalean eta disko bat ahots hutsez osatua zaila edo gogorra da entzuteko. Zuzenekoak izan ditugu bikotea sortu genuenetik eta horrekin gustura ibili gara han eta hemen. Orain proiektu hauek beste aukera diferente bat eman digute eta horretan dihardugu.
Ana: proiektu hauez gain, gure errepertorioa dugu eta hori lantzen jarraituko dugu; kantutegi zaharrek gordetzen dituzten altxorrak biziaraztea gustatzen zaigu.
Aurten 15 urte beteko duzue; ez da urtemuga makala hori ere.
Ana: Bai, hala da. 2008an sortu genuen bikote formatuko egitura. Urte hauetan esperientzia eder eta goxo aunitz bizi izan ditugu eta horrez gain, kantuak zentzu askotan aberastu gaitu: gure kulturaz eta hizkuntzaz ikasi dugu, hura zabaltzeko aukera eman digute, toki eta jende aski interesgarria ezagutu dugu…
Lina: Bai, eta oso gure neurrian aritzeko parada izan dugu; aldizka, alegia, gustuz egin ahal izateko tamainako zerbait izatea behar genuen (eta dugu), lanarekin, familiarekin eta norbere bizitzarekin bateragarria behar zuen izan, eta halaxe etorri da. Eroso eta aberats.
Ana: Formatu ttikiko saioak izan ditugu, oro har, gehien, hamaika eszenario modutan, areto, baseliza, auditorio, koba… batzuetan musikariz lagunduta, gure zaletasuna erakutsi dugu. Kanturako zaletasunak batu gintuen Iruñeko Ortzadar taldean, han elikatu gara batik bat, eta bizitzaren euskarri eta bizigarri dugu.
2021ean, “Beotibar, zazpi mende geroago” diskoaren harira, bikotea talde bihurtu zen.
Ana: 2020ko ekainean Xabier Irujorekin hasi ginen hizketan sarean gure emanaldiren bat ikusia zuelako, eta kantu batzuen harirako elkarrizketa batzuk izan ziren orduan. Laster, Beotibarren gaineko proiektuaz hitz egin zigun. Beotibarren duela zazpi mende zer gertatu zen biltzen zuten 7 kanta osatuak zituen eta horiek kantatuko/musikatuko ote genituen galdetu zigun. Hor hasi zen dena. Xabier Renon (Nevadan) eta gu Nafarroan. Nola edo hala abiatu ginen eta musikariak deitu genituen.
Lina: Musikariekin oso gustura aritu ginenez, eta talde berria sortzen ibili ordez, Beltxaren handitzea erabaki genuen. Lehendik ere gainera, laguntzaile izan ditugulako haietako batzuk, beraz, nahiko bilakaera naturala izan da. Elkar uletzeko modu erraza izan dugu hasieratik: musika tradizionalarekin ari (eta aritu) gara denak eta euskaraz egiten dugu lan eta barre!
Arkaitz Ibarra
Errozabal, 778 diskoa: Beltxaren taldea
Txistularia zara, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ikasitakoa.
Goi Mailako ikasketak egin izanak musika beste ikuspuntu batetik analizatu, ulertu eta sentitzeko aukera eman dit. Txistuaren errepertorioa oso anitza da eta maila horretan ikasketak burutzeak errepertorio hau ahalik eta hoberen lantzea eskatu dit. Berpizkundeko musikatik gaurko konposizio kontenporaneoetara. Baina, norberak bere gustuak ditu eta ni nahiko klasikoa naiz horretan.
Eta musika herrikoia gehien bat Ortzadar Euskal Folklore Elkartean ezagutu dut eta, errepertorio hori jotzeko era Terentxo Arana eta Mikel Petrirena txistulariengandik jaso dut. Haiek entzunez eta beraiekin jotzeaz asko ikasi dut.
Gaur egun, besteak beste, Beltxaren taldeko kidea zara. Nola hasi zinen?
Musika jotzea asko maite dut eta Ortzadar Euskal Folklore Elkartean sartu nintzenean Beltxaren bikotearen lana ezagutu nuen. Beraien kantatzeko erak liluratu ninduen. Elkartekide, fanfarreko kide izateak laguntasun polit bat sortzera eraman gintuen.
Eta adiskidetasun horrek eta nire musikari gisako saltsarako zaletasunak, Beltxarenen laguntzaile izatera eraman ninduen. Beltxaren bikotearen kontzertuetan a kapelako kanten artean tarte instrumentalak egiten hasi ginen, beraien kanta batzuetan atmosfera instrumentalak gehitzen eta abar, eta hau dena Mikel Petrirenarekin batera. Berriki Beltxaren bikotea talde bihurtu da eta horretan gabiltza. Horrez gain, Iruñeko Txistularien Elkarteko Alardean ari naiz, eta Ortzadarren ere bai.
Zer berezitasun dauka talde honek? Zer egiten ari zarete?
Nire ustez Ana eta Linaren kantatzeko erak du berezitasuna, bakarra da gurean eta horrek ezberdintzen gaitu. Orain Maddiren ahotsak borobiltzen du polifonia hori eta musikarion lanak gorpuzten du dena. Musika tresna tradizionalak pisu handia du, txistu eta txirulak alegia, horrek ere berezi egiten gaitu estiloan.
Esan dezakegu musika hunkigarria egiten dugula, ez gara parranda talde bat edota musika esperimentala egiten duena. Armonia ulergarriak egiten ditugu, norabide bat dutenak, denek ezagunak eta gertukoak senti ditzaketenak. Nahiz eta noizean behin, keinu bereziren sar dezakegun.
Musikaren bitartez, zerbait kontatu nahi dugu eta kontatzen dugun hori, bihotzera zuzenean helduko den zirrara izatea nahi dugu.
Konposizio eta moldaketak ere egiten dituzu eta berriki lan batekin ibili zara, ez?
Ni gehienbat interpretea naiz, jotzea dut gustokoen, tresna berriak jotzen ikastea eta bakoitzarengandik ikasitakoak nahastea. Hala ere, musika irakasle naizenetik (bai musika eskoletan zein Bigarren Hezkuntzan) sorkuntzak eta moldaketak egiten hasi naiz. Orain dela gutxi Gamazadaren harirako lan batean aritu gara Mikel Petrirena eta biok kantuak konposatzen, Xabier Irujok abiatutako proiektu baten baitan. Iaz Beltxarenen bigarren diskorako ere kantu bat atondu nuen, eta halaxe egiten dut, aukera dudanean zerbait egitea gustuko dut.