«Euskal-nafartasunaren pizgarri eta erakusle» izateko asmoz egin zen larunbatean Nafarroa Bizirik besta Donapaleun. Erresumaren hamar mendeen historia errepasatu, eta kantu eta dantza artean plaka ofiziala ezarri zuten. Ospakizun egunerako espresuki sortutako ikusgarria ere eskaini zuten.
Nafarroa Bizirik ikusgarrian konkistak sortutako galderak plazaratu zituzten. (Guillaume FAUVEAU)
Nafarroa Bizirik besta egin zuten larunbatean Donapaleun. Zabalik elkarteak antolatutako ospakizun berri bat izan zen, erresumaren oroimena lantzeko herriko etxearekin, Nabarralde Fundazioarekin eta Hernani Errotzen elkartearekin abiatutako elkarlanaren fruitua. «Memoria ezabatua izan dugu osoki, eta bilatzen hasi orduko, hemen toki eta gertakari garrantzitsuak izan direla ikasten dugu, herri egiten gaituztenak», adierazi zuten bultzatzaileek.
Historialari ikertzaileen hiru konferentziarekin hasi zuten eguna, euskaraz eta itzulpen automatikoarekin. 1523ko abuztuaren 28ko Estatu Nagusien aktaren agerpen komentatuaren ondotik, Nafarroako erresumaren hamar mendeen historia errepasatu zuten, sortzetik desegiteraino. 1512ko Gaztelaren inbasio gerlaren desmasiak ere izan zituzten hizpide.
Oroimen plaka
Eguerdian, kantu, dantza eta bertso artean, oroimen plaka ofiziala ezarri zuten 1523an Estatu Nagusiak bildu ziren toki berean, San Paulo elizan. Hiria sakonago ezagutzeko aukera izan zen gero, parte zaharrean barna bertsolariekin egindako bisita gidatuan. Musikari, dantzari, zigante eta joaldunekin ere ibili ziren bestalariak karrikaz karrika.
Zabalik elkarteak 100 bat lagunentzako bazkaria prestatu zuen. Afaria emateaz, aldiz, gau eskola, gaztetxea eta Amikuzeko ikastola arduratu ziren.
Ikusgarria
Ospakizun egunerako beren-beregi sortutako ikusgarria ere eskaini zuten. Tragedia gisa, tokiko dantza taldeek eta Amikuzeko herritarren kantuek lagundurik, arizaleek beren sorlekuaren garapena islatu zuten. «Duela 500 urte gure erresuma subiranoa zen. Inbasio gerla krudel bat pairatu behar izan zuen Gaztelaren partetik. Nafarroa garaia galdu ondoan, Baxenabarre baizik ez da gelditzen bere lege eta instituzioen kokaleku. Ia bi mendez, gure bidea jarraikiko dugu nafartarrek, galdu partea berriz eskuratzeko ametsari nehoiz uko egin gabe, Frantziako iraultzak azken independentzia zantzuak ehorzteraino», azaldu zuten.
Konkistak sortu galderak plazaratu zituzten, bukaeran mezu baikor bat utziz: «Zer gelditzen zaigu geroztik historia hartarik? Hizkuntza bat segur. Kultura bat, berdin bizia. Memoria emeki-emeki lanbrotuz joan zaigu, debeku eta ahanzturen artean galdurik. Baina bizinahia beti hor da».
Naiz