Josep Lluis Carod Rovirak Nabarraldeko ekitaldi batean aipatu zuen Nazio bat errelato baten fruitua dela. Iragan abuztuaren 26an, larunbata, Auritzeko Auñamendi zinetokian Orreaga 824 izenburupean gure estatuaren sorrera, hau da, Iruñeko erresumaren jaiotza kontatu ziguten bertan batu ginen ehun bat entzuleei.
Kuriosoa da euskal historiaren ikuspegi propioa landu dutenak abokatu, topografo, arkeologo edo ekonomialariak izatea; unibertsitateko historiagileen lana izan beharko zukeena, hots, gure nazioaren sorkuntzaren azalpena, aipatutako historialari horiek diskurtso espainola lantzen duten bitartean, historiazaleengandik entzutea.
Gure historiaz jabetzeko, arerioen iturrietatik jasotakoa, Karlomagnorenetatik edota historiagile arabiarrengandik (Kordobako kalifatokoak) kasu, geureganatu behar izan dituzte, Orreagako batailaren ikuspegi mistiko (Errolanen kantua) edo erlijiosoa (giristinoak musulmanen kontra) bereizteko. 778ko bataila hura lehena izan zen eta famatuena, baina Nabarraldekoen ekitaldiaren izenburuan bigarrena agertzen da: 824 urtekoa, alegia, eta bertan altxatu zuten Eneko Haritza gure lehen errege gisa, eta Iruñeko erresumari hasiera eman zitzaion. Ondoren beste gudu batzuk ere gertatu ziren; hitzaldietan argi geratu zenez, euskaldunek beren izaera propioa eta politikoa babesteko hainbat borrokaldi izan zituzten inguruko bisigodoen, frankoen, asturiarren edota gaztelarren aurka. Baina Iruñeko ernamuinetik Nafarroako erresuma zabala loratu zen, Santxo Handiak jaso zuena, bere amona Totaren ezkontza-aliantza estrategiko baten emaitza bezala.
Jardunaldiaren bukaerako mahai-inguruan gogoeta asko agertu ziren; adibidez, nola estatua galdu genuenetik (1891ko Ley paccionada edo kapitulazio-legea) gure historia ia desagertua dagoen, hainbat belaunalditarako. Gure nortasuna gordetzeko, gure izaera ulertzeko, gure aurrekoen gertaerak ezagutu eta ulertu behar ditugu, Irati filmak egin duen moduan. Gure hezkuntza kanpokoen begietatik ikusten jarraitzen badugu, gure izaera nazionalak apaltzen jarraituko du.
Beharrezkoa dugu gure mito fundazionala berreskuratzea, Eneko Haritzaren Iruñeko erresumaren sorrera duintasunez gogoratzea, ez Iruñeko kale txiki batekin eta errotondan dagoen monumentu lotsagarri batekin. Zenbat kale ditugu gure heroi eta ikurrekin? Eneko Haritzak zenbat karrika edo etorbide ditu? Eta gure aurka aritu zirenek zenbat kale-izen dituzte?
Jardunaldiko partaide batek aipatu zuen Orreagan dagoen museoko bisita gidatuan arrotz sentitu zela eta lotsa pasatu zuela, gidariak ez zuelako euskara ezagutzen, eta, ibilbideko azalpenetan, Karlomagnoren gorespena besterik ez zuelako entzun.
Esandakoa: gure errelatoreak behar ditugu, eta ez Orreagan bakarrik, baita euskal museo eta unibertsitate guztietan ere.
Independentea.eus