Elur Ulibarrena: «Historia irakasgaiari jende arruntaren historia falta zaio»

Ulibarrenak jende arruntaren historia zabaldu nahi du eskoletan, Museo Ibiltaria egitasmoarekin.«Piezak ukitu gabe, ez da harreman esturik sortzen obrekin; eskuekin ere begiratu behar dugu».

IÑIGO URIZ / FOKU

Elur Ulibarrena. Iruñeko Erresumako Museo, Etnografikoaren kontserbatzailea

Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoak maletak prest ditu ikasgeletara bidaiatzeko. Elur Ulibarrenak (Alacant, Herrialde Katalanak, 1979) hamar maleta bete ditu azaroan hasiko den birarako, museoko obrekin. Arbasoen bizimoduan sakontzeko asmoz, hamar pieza sartu ditu maleta bakoitzean, gaiaren arabera sailkatutakoak. Museo Ibiltaria egitasmoaren bitartez, XIX. eta XX. mendeetako jantziak, mitoak eta lanbideak ulertzeko aukera eman nahi du Ulibarrenak, zentzumen guztiak erabiliz.

Gazte asko joaten dira Museo Etnografikora?

Ez. Batzuk eskolarekin etortzen dira, eta, noizbehinka, gazteren bat ikusten dugu. Baina nerabeak ez ditugu askotan ikusten, bakarrik 20 urtetik gorako gazteak.

Gazte gutxi joaten direnez, museoa haiengana hurbilduko duzue?

Bai, hori da ideia nagusia. Horregatik pentsatu genuen proiektu hau egitea, museoa ezagutarazteko eta gazteengana hurbiltzeko. Irailean proba batzuk egin genituen adin askotako umeekin. Museora etorri ziren, kutxak ikustera eta piezak manipulatzera.

Zein izan da haurren erreakzioa objektu horiek ikustean?

Ez dute espero maletako objektuak aurkitzea. Maleta irekita uzten dugu, eta bakoitzak nahi duena hartzen du. Normalean, pieza bat hartzen dute, eta, ez dakitenez zer den, alde batera uzten dute. Maleta hutsik geratzen denean, objektuei buruzko galderak egiten dizkiegu, eta, poliki-poliki, objektu bakoitza zer den asmatzen dute. Oso dibertigarria da bakoitzaren teoriak entzutea.

Zer ondorio atera dituzu proba horietan?

Asko nabaritzen da herriko eta hiriko umeen arteko desberdintasuna. Herrian bizi diren umeek oso azkar asmatzen dute objektua zertarako den, eta hirikoek, orokorrean, zailtasunak dituzte. Kezkagarria iruditzen zait hirikoen eta herrikoen artean halako urruntasuna egotea. Beraz, hori da beste helburuetako bat: umeak iraganera hurbiltzea, eta, bereziki, herrikoen iraganera. Bien arteko harresia apurtu nahi dugu.

Historia hobeto ikasten da ukimenaren bitartez?

Batzuek, historia ikasteko, objektuak ukitu behar dituzte. Pieza ukitu gabe, ez dute harreman esturik sortzen obrarekin. Ukimena da ditugun zentzumenen artean garrantzitsuenetakoa, eta, umeentzat, are gehiago. Gainera, ukitzean, usaina ere antzematen da. Hainbat gauza ikusten ditugu: ez bakarrik begiekin, eskuekin ere bai. Museoan zintzilik dauden obrak ezin dira ukitu, baina guk hori aldatu nahi dugu.

Lanbideen maleta zabaldu duzu. Zer dago barnean?

Hamar objektu, beste maletetan bezala. Arrantza, artzaintza eta abeltzaintza dira maletan agertzen diren lanbideetako batzuk. Irekitzean, objektuari galdetzen ahal diogu zertarako den, zergatik dagoen maleta horretan, noiz erabiltzen zen…

Eta mitoen maletan, berriz, zer dago?

Mitoen eta sinesmenen kutxa irekitzean, argizaiol bat aurkezten dugu —oso garrantzitsua da gure kulturan—; eskapulario bat, teila bat, karraka bat, kandela itzalgailu bat, zilizio bat, meza saskitxo bat, olatak egiteko tresna bat, bataiorako soineko bat, eta apaizak hileta elizkizunetan erabiltzen zituen osagarriak ere bai.

Proiektua umeentzat da soilik?

Ez, irakasleentzat ere bada. Beti gertatu izan da historiaren arloan: ospetsuak direnen bizitzaren berri besterik ez dugu: erregeren batek edo apezpiku famaturen batek zer egin zuen ikasten da. Baina, normalean, ez da jende arruntaren historia irakasten: baserrietan zer egiten zuten edo zer erabiltzen zuten.

Jende arruntaren historia irakatsiko duzue, beraz?

Hori interesatzen zaigu gehien: gure arbasoak nola bizi ziren jakitea eta zabaltzea, ez bakarrik erregeek egiten zutena. Gure aurrekoen historia ez da asko aztertzen ikasgeletan. Historia irakasgaiari falta zaiona eskaini nahi dugu; jende arruntaren historia. Gure arbasoek egin zutenaren ondorio da gure bizitzeko era.

Bideo bat egin duzue emaitzekin. Hori lagungarri izan daiteke zabaltzeko?

Bai. Gainera umeei uzten badiezu gelan sakelako telefonoa erabiltzen, egun berezia da haientzat: haien mundura hurbiltzen gara. Bestalde, guretzat oso garrantzitsua da besteen ikuspuntua jasotzea. Adibidez, gazte batek maleta barruan karraka bat aurkitzen badu, eta amonarekin hitz egitean zertarako erabiltzen zen ikasten badu, bideo bat egin dezake amonarekin. Horrela, bere bizipenekin osatzen du museoan dugun objektu bat.

Berria