Elkarrizketa: Koldo Zuazo

«Nafarroako Erresuma apurtzeak eragina izan zuen euskalkien sorreran»

 

«El euskera y sus dialectos» lana gazteleraz argitaratu duzu.

Euskal Herrian euskaldunak 860.000 gara, horrek esan nahi du 2.000.000 pertsonek ez dakitela euskaraz eta jende horri zerbait esan behar diogu. Bigarren arrazoia euskalkien jatorriaz interesatuta dagoen jendeari, ez bakarrik euskaldunei, atzerrikoei ere bai jakinmina asetzeko aukera ematen zaie. Orain arte euskalkiak oso zaharrak zirela esaten genuenez, askok ez zuten iker-tzeko motiborik ikusten. Orain ikerketa genetikoei, historikoei… ateak zabaldu dizkiegu.

Bi berrikuntza aurkezten dituzu.

Azken bi kapituluetan euskalkiak noiz eta non sortutakoak diren eta leku bakoitzean zer sortu den azaltzen dut. Orain arte, bi mito egon dira, bata, Manuel Larramendik plazaratutakoa, euskalkiak euskararekin batera sortu zirela Babelen; eta Julio Caro Barojak zabaldu zuen iri-tzia da bigarrena, antzinako euskal tribuak eta euskalkiak bat zetozela denboran. Bi ikuspegiak euskalkiak oso zaharrak direla azaltzen dute. Koldo Mitxelenak 1981. urtean honekin apurtu eta Erdi Aroan (XI-XII mendeetan) sortutakoak zirela esan zuen, erromatarrak hemen egon ondoren, eta bat egiten dut tesi honekin. Batetik, nahiz eta euskalki asko egon, beraien arteko batasuna oso zabala da eta, bestetik, euskalki guztietan latinetik etorritako hitz mordo horiek bilakaera berbera izan dute, eta hori ez zen gertatuko euskara apurtuta egon izan balitz.

Zuk teoria harago eraman duzu.

Bai, behar bada Nafarroako Erresuma apurtzeak ondorio zuzena eduki zuela sortze honetan diot. Ezin dut demostratu, baina hori pentsatzeko aukera badago. Euskara lau zatitan bereizten dituen ezaugarri asko dago: batzuk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan era batera erabiltzen dira eta Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, bestera. Aldi berean, Iparraldean gauza batzuk modu batera esaten dira eta Hegoaldean bestera. Zatiketaren zergatia esplikatzeko, Nafarroako Erresumaren apurtzeak zen-tzu handia du, garai hartan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Gaztelarekin joan zirelako eta Bidasoaren beste aldeko Lapurdi eta Zuberoa Fran-tziari begira jarri zirelako.

Euskalkien sorguneak hiriak izan direla aipatzen duzu.

Badago beste ikuspegi bat Elena Barrena historialariak dioena: euskalkiak Gorbeia, Aralar eta Saioako mendietan sortu zirela. Azken batean, ideia honen azpian betiko tesia dago, euskalkiak oso zaharrak direla, artzain ekonomia zegoen garaikoak. Nik hirietan sortu direla defendatzen dut liburuan eta bost foko azaltzen ditut. Lehendabiziko biak Gasteiz eta Iruñean kokatzen ditut. Iruñekoa ez da harritzekoa, baina bai Gasteizkoa, beti uste izan delako Bizkaia izan zela sorgunea. Baina ez da posible Bizkaiatik Burundara (Araba), Amezkoagara (Nafarroa) edota Lanara (Nafarroa) joatea. Gasteizen sortu zela esaten bada, berriz, erraz uler daiteke Nafarroa mendebaldeko eskualde horietara joatea, Goierrira, Errioxara edota Burgosera. Gasteiz antzinean hiri nagusia izan baitzen mendebaldean, hor egon zen apezpikua. Bizkaiko herriak beranduagokoak dira, Bilbo XIV. mendekoa da, ordurako euskalkiak sortuak ziren.

Eta beste hiru fokoak?

Bat Euskal Herriko ekialdean egongo litzateke, Zuberoa eta Nafarroa Behereako herri handien inguruan: Atarratze, Maule, Donapaleu eta Donibane Garazi. Bestea Beterrin, Tolosa eta Donostia arteko eskualdean: hortik bide handi bat pasatzen zen, Iruñea eta itsasoa lotzen zituena eta bosgarren fokoa Bizkaian kokatu dut: Durango, Zornotza, Gernika eta Bermeo aldean. Inguru horretan beste bide handi bat egon zen, Gasteiz itsasoarekin lotu zuena.

Zein da euskalkiak sortzearen arrazoia?

Batetik, Euskal Herriaren zatiketa administratiboak hizkuntzaren zatiketa dakar. Bestetik, euskara irakaskuntzan, administrazioan, ida-tzizko zereginetan… baztertuta egon da. Eta, azkenik, eskualde barruako harreman gutxia. Horregatik, Goierriko, Arratiako edo Baztango euskarak badu kohesioa, baina eskualde hori gainditzean beste euskara klase bat egiten da. Euskalki ugaritasuna gauza positibotzat begiratu izan dugu beti, baina hainbeste izateak osasun txarraren emaitza da.

Nola ikusten duzu Euskara Batua eta euskalkien arteko harremana?

Liburuan Euskara Batua asmakizun ona izan dela diot, emaitza onak ekarri baititu. Baina euskalkiei ere etekina atera behar diegu, hauek direlako euskara bizia. Euskarak meritu handia du XXI. mendera arte iraun duelako. Egia da ez duela osasun ona baina hori da daukaguna eta horri etekina atera behar diogu.

Publicado por Deia-k argitaratua