Elkarrizketa: Aitzol Altuna


«Euskarak baino etorkizun hobea du gaelikoak, egun gaizki egon arren»

Aitzol Altuna (Galdakao, Bizkaia, 1971) ekonomialaria da, eta Historia ikertzen du Orreaga Iritzi Taldeko kide gisa. Euskararen desagerpena hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Leidor aretoan .

Euskararen desagerpena izenburuan, iragana ala datorrena duzu gogoan?

Biak. Iraganaz jardungo dut, baina gaurkoarekin bateratuko dut. Aztertuko dut euskara noiz eta nola galdu den iraganean, esaterako Andorran, Aragoin eta Errioxan [Espainia] edo Nafarroako hainbat lekutan, eta hori lotuko dut egun dugun une politikoarekin.

Nola desagertu zen euskara, esaterako, Andorratik?

Lurraldetasunaren tope politikoa 1000-1030 urte bitartean gertatu zen, Antso III. Nagusiarekin. Hor gure lurraldetasuna bat zetorren euskararen mugekin, guztien arabera. Wasconum nazioaren erregea zen eta hor euskaldun guztiak sartzen ziren. Erreinu hori desagertuz joan ahala, euskara galduz joan zen, Aragoin, Errioxan, Gaskoinan, Enkarterrian… Andorran XII. eta XII. mende artean galdu zen, Joan Corominasen arabera. Harrigarria da, baina Andorra erresuma horretako gure azkeneko lurralde independentea litzateke. Andorrako Turismo ministroak harrituta hitz egin zidan behin han dagoen euskal toponimia piloarengatik. Galdakaoko makil dantzak ikertzera Goi Aragoiko Luarrera joaten dira, han hobeto gorde direlako.

Ez al da ausartegia esatea Nafarroako Erresuma erreinu euskalduna zela?

Arazorik gabe esan daiteke. Arturo Kanpionek esaten du, baita Menendez Pidalek ere, espainiarren artean. Azken horrek dio Nafarroako Erresuma homogeneoki euskalduna zela. Anacleto Urtuetak esan zuen Antxo III. Nagusiak ezarri zituela euskal estatuaren mugak Nafarroako muga geografiko naturaletan.

Horren loturik dago aginte politikoaren galera eta hizkuntzarena?

Hizkuntza galtzearen lehen arrazoia eta argiena da euskarak ez zuela estatu baten babesa. Estatu baten babesa duten hizkuntza guztiak indartu egiten dira, gaelikoa salbu, estatua lortu zutenerako oso ahul zegoelako. Kontrakoa ere esan daiteke: estatu bateko hizkuntza ofiziala ez direnak ez daude inoiz sasoiko. Ez dut kontrako adibiderik ezagutzen. Latina, esaterako, Europa, Asian eta Afrikan hizkuntza ofiziala izan zen eta egun soilik Vatikanon hitz egiten da. Esanguratsua da. Beste adibide bat, hebreera: soilik liburuei eta erlijioari mugatua egon zen, baina estatua sortu, eta egun denek dakite.

Egun bezala jarraituz gero euskara desagertu egingo dela ari zara esaten? Noiz?

Diglosia hutsean bizi gara. Gizartearen ahalegina ez da nahikoa, historiak frogatzen duenez. Gaelikoak berak ere etorkizun hobea du. Edozein gerra edo kontrako egoera politikoa agertu, eta euskarak behera egingo du, eta etorri, etorriko dira. Ez dugu babes politikorik, eta horrela ez dago etorkizunik.

Publicado por Berria-k argitaratua