Elkanoren kinka

Ez, ez naiz ari Elkanok eta Victoria-ko eta gainerako itsasontzietako eskifaiek bizi izan zuten kinkaz, Moluka uharteetatik mendebaldera segi edo ekialdera itzultzeko erabakiaz, Elkanori buruzko kinkaz baizik. Honelako pertsonaia historikoen efemerideak heltzen direnean, berriz harrotzen dira hauts historiografikoak, bereziki euskaldunon artean.

Ez dira gutxi gaiaren inguruan idatzi diren artikuluak, eta espero ditugun ospakizunak eta sortu diren erakundeak: Mundubira 500: Elkano Fundazioa, eta Espainiakoa, Comisión Nacional para la Conmemoración… «Aztoramenduak» isla izan du zinemetan ikusi eta ikusten ari garen filmetan, haurrentzako nahi beste bertsio ateraz. Berehala hasi dira euskaldunen kritikak pertsonaia historikoaren kontra, pieza bateko gizasemea (edo gizakumea…) ez zela, Orango suntsiketan parte hartu zuela, emakumeak esklabotu, eta beste herri batzuen kontra armaz jo zuela.

Espainiako erakundeek oso laster eta erraz bereganatu/biziberritu dute ikonoa: Buque Escuela Elcano, Instituto Elcano, posta zigiluak ere berehala izango ditugu kalean. Duela gutxi, horren erakusgarri bat ikusi dugu Getarian, artean Getxon porturatutako itsas armadako hegazkin-ontziaz egindako lan pedagogikoaren itzala gainean genuela. Espainiar Armadaren indarrak eta sinboloak barne-barneraino gure artera sartu dituzte, munduaren deskubrimenduaren aitzakian.

Euskaldunen artean, hilabete honetan irakurri ditudan Elkanoren kritiken artean, lehendabizi pertsonaia desmuntatua izan da, inauteri garaian erretzen diren Markitos, Judas eta antzeko bat bailitzan (ahantz dezagun, bada, pertsonaia): ez dauka nondik salbatu, ez da ezer ospatu behar. Batzorde bat eratu da, munduan diren gaitz guztien laburbilduma bat egin du, eta horien zati bat Elkanori egotzi dio. Elkano eta gero, noski, beste zerrenda luze bat gehi dezakegu, gainerako marinel eta santu ia guztiak: Urdaneta, Legazpi, Frantses Xabier bera, Agirre, Urtsua, eta ez dakit zenbat gehiago. Alegia, arrantzaleak ez ziren ia guztiak (eta azken horiek ere…, kasu, baleak akabatzen zituzten!).

Ez naiz ni gai honetaz arituena, ezta adituena ere, inondik ere. Iritzi bat besterik ez duzue hau: tonika honetan, berdin jarraituko dugu geure burua desagerrarazten, eta Espainiako erakundeak oso pozik uzten: pertsonaia hartu, desitxuratu, eta komeni bezalako txotxongilo arketipiko bat bihurtu dute eta, hara, Espainia markarako beste ikono bat sortu (sendotu). Bat nator Xabier Alberdik eman duen arrazoibidearekin, turismoaren gaiaren ur handietan sartu gabe (nahi beste luzatu dezakeguna, eta ez da, inondik ere, gutxiesteko gaia: geure burua herri gisa ager dezagun, historiaren poliedroa aldarrikatu, izan zen bezala, bere argi-ilunekin, eta esan ozen! Elkano euskalduna zen, bizkaitar (edo kantabriar naziokoa, garai hartan erdal dokumentuetan ohi zen legez) eta Euskal Herriko ontzi batean egin zuen lehen mundubira; espedizio horretan, agirietan agertzen den legez, euskaldunak herri kontzientzia zuen taldea ziren, elkarrekin jokatzen zuena. Utz ditzagun alde batera gure buruaren zigorradak.

Ez izan dudarik, eta EN Wikipedia horren lekuko (euskaldun batzuen eskuak zuzendu izan ez balu): Instituto Elcanori eta dagokion ordainpeko idazleari segituz, izena ere aldatuko diote pertsonaiari, «El Cano» bihurtuta, eta espainiar gloria nazional peto-petoa izan zelako gogoratuko dugu, hizkuntzaz gaztelaniaduna eta latinduna (haren euskarazko eskuizkriburik ezaren arrazoibideari/falaziari helduz), espedizio eta itsasontzi «espainiar» baten gainean itsasoratua, «Karlos I.a Espainiakoak» hala aginduta, eta nahi ditugun espainiar etiketa, label, ikono, marka, apaingarri, eta pegatina guztiak gehituta. Bai, bada, Elkano getariarra ez ezik, euskalduna zen, onerako eta txarrerako.

* Itzultzailea eta Euskal Wikilarien Elkarteko kidea

Berria