Ederki toreatutako zezenak gara

Ane Ablanedo Larrion

Utzi egin diot politikako albisteak fundamentuz segitzeari. Prentsari gainbegiratu azkarra gosaritan, geroagoko elkarrizketa edo erreportaje interesgarriren baten hautaketa, eta irratiko albistegi laburren zurrumurrua dutxa hartu bitarteko atmosferan. Kito, hori da nire denbora baliotsutik gertakari freskoak ezagutzeari eskaintzen diodan tartea. Total, zertarako? Nahi dutenaz informatzen zaigu, komeni zaienaz baino ez, interesatzen zaien bitartean, eta nahi duten moduan interpretaturik, noski. Hobekiago bizi naiz horrela, lasaiago, amorrazio txikiagoarekin eta buru-argiago.

Ez, ez dezazuela gaizki interpretatu. Ez da politika interesatzen ez zaidanik, gertatzen denak eragiten ez digula pentsatzen dudanik, edo ez-jakintasunean gozo, nire ongizatea bermatzea beste helbururik ez dudanik. Kontua da ez zaidala iruditzen inon entzuten denik boterearen errelato ofizialetik benetan aldentzen den diskurtsorik, eta ez bakarrik bere medio propioetan, harritzekoa ez litzatekeena, baita diskurtso horren kontra daudela dioten beste horien ahotik edo lumatik ere. Ñabardurak ñabardura, boteretsuei interesatzen zaizkien interpretazioak dira guztiak, edo galera handirik ekarriko ez dietelako erraz soportatu ditzaketenak, kasurik onenean.

«Garaiotan, boterea bera da ideologia ofizialari ustez kontra egiten dion ideologia iraultzailearen fabrikatzailea»

Sistema autoritarioen ezaugarria da ideologia bakarra soilik baimentzea, baita bortizkeriaren mehatxu gogorraren bitartez status quo-aren kontrako altxamendu oro geldiarazten saiatzea ere. Demokratikoek, ordea, adierazpen askatasuna dute ezaugarri, sistema horren demokrazia-mailaren neurria ematen duena gainera, beste askatasun batzuekin batera.

Ez diot ezer berria, badakit, baina autoritarioak izanik demokraziaz mozorroturik agertu nahi dutenen kasuan oraindik sortzen den nahasmenagatik aipatzen dut. Askatasuna dagoela sinestarazi behar dute (ideologia monolitikoarekin munduan agertzea gauza lotsagarria delako, baita lotsagabeenak diren erregimenentzat ere) baina daukaten botere-monopolio horretatik amiñi bat ere galduko ez dutela segurtatuz, noski.

Disidentzia onartzen dutela itxura egin behar dute, baina garesti ordaindu nahi ez dutenez, disidentzia benetakoa izango ez dela bermatu beharra dute, ez dela izango erregimena benetako arriskuan jar dezakeen horietakoa. Operazio kosmetikoaren makinariari falta zaion pieza besterik ez da horientzat iritzi-aniztasuna, muntaiari ezarri beharrekoa, bai, baina hobekiago funtzionatu dezan, inoiz ez sistema hondatzeko, ea ikasten dugun. Horrela, pentsamendu kritikoa garatuko den orbita diseinatzen dute, ongi zedarritzen erreferentzia markoa, eta toki estrategikoetan ezartzen haratago begiratzeko oztopo izango diren hormak. Garaiotan, boterea bera da ideologia ofizialari ustez kontra egiten dion ideologia iraultzailearen fabrikatzailea ere.
Ahal badute, noski. Eta horretara noa.

Euskaldunokin oso erraz dutela. Aski dutela probokazio-estrategia xumea gure norabidea ezartzeko, gure mugimenduak aurre-ikusteko, gure politika gidatzeko. Erreakzio-politika hutsa bilakatua da herriaren erresistentzia sendo behar lukeena; mendeetan zehar egin digutenagatik harridura/kexua oraindik adierazi, eta gurekin errukitu daitezela eskatu.
Horri esaten diogu politika. Eta hala da, bai. Baina espainola (edo frantsesa).

Ederki toreatutako zezenak gara, noraezean eta desesperatuta toreroak nahi duen norabidean soilik mugituz, odolustuta hiltzera ez beste inora goazen inozente gaixoak. Gustu txarreko espektakulua da, baina tira, zezenketak maitatzeko bezain gustu txarra duten espainol horiendako egiten dugu azken batean. Auzo lotsa.

ARGIA

https://www.argia.eus/argia-astekaria/2778/ederki-toreatutako-zezenak-gara?fbclid=IwAR0GC3DcKfKc1AbRFy2x9S85PhzI5Pw_sekRlukfWYZt4074rY7asSzpzWA