Castaños jeneral espainiarrak donostiar guztiak hiltzea eta Donostia erretzea agindu zuen, Francok Gernika bonbardatu baino 124 urte lehenago. Historiak errepikatzen dira biktimek borreroak ezagutzen ez dituztenean. 1813an, Napoleonen armada frantsesak 1805etik zortzi urte zeramatzan Donostia okupatzen (gaur egun espainolek bezala), «aliatuak», alegia, espainolak, ingelesak eta portugesak (100.000 soldadu), ekainean Gasteizko bataila irabazi ostean, iparralderantz abiatu ziren, eta uztailaren hasieran Donostia setiatu zuten.
Donostia herri harresitua eta militarizatua zen frantsesen eskutan; gaur egungo Bulebarrean horma zahar eta gogor bat zegoen. Gaur egungo Parte Zaharra.
Aliatuek (espainolak, ingelesak eta portugesak) erasoaldia prestatu zuten. Bazeuden proposamenak Donostia odolik isuri gabe konkistatzeko, baina ez zituzten aintzat hartzen. Euskal batailoiak Irunera bidali zituzten, Donostia propio bertako armadaren babesik gabe uzteko.
Aliatuek Donostia konkistatzeko aurreneko erasoaldia uztailaren 22an egin zuten, baina frantsesek (2.000 soldadu) eutsi egin zioten, kontraerasoa egin eta ehunka preso «aliatuak» hartu zituzten…
San Bizente elizan sartu zituzten, zaurituak sendatu eta «txokolatea» eta guzti eman omen zieten… Alegia, ulertu behar da ez zituztela torturatu.
Preso hartu zituzten soldadu aliatuak, (espainolak, ingelesak eta portugesak) harrituta donostiarren jarrerarekin, hasi ziren esaten Donostia hartu izan balute erasoaldian Castaños jeneral espainolaren agindua zutela donostiar guztiak hiltzeko eta Donostia erretzeko.
1813ko donostiarrak lepo egiteko agindua zutela enteratu zirenean beldurtuta ihes egin nahi izan zuten hiritik, baina Rey jeneral frantsesak hiriko ateak itxi zizkien babes zibil bezala erabiltzeko.
Kanpoan zeuden donostiarrak Welligtoni gutuna luzatu zioten galdezka Donostia «eraisteko» Castañosen aginduagatik, eta Alava jeneral espainolak (bere laguntzaileak) hala erantzun zuen: «Nola egin diezaiekezu kasu inolako kargurik gabeko jendeari».
Wellingtonek berak etorri behar izan zuen, abuztuaren 31n Donostia hartu zuen hark; gero, kargurik gabekoek Castañosen agindua bete egin behar izan zuten.
Sarraski eta hondamendi izugarri hura, etxe guztiak (600) lapurtuak, 500 banan-banan propio kiskalita, neska, emakume eta amona guztiak zazpi egunetan bortxatuak, mila bat donostiar erailak (Auñamendi), 1.600 Donostiako familia lur jota…
1813an, sarraskiaren ostean, Donostian 300 bat lagun bakarrik gelditu ziren, garai hartako udaleko aktaren arabera.
Bizirik irten ziren horiek 1814ko urtarrilean egindako aktarekin La Reconstrucción de San Sebastián liburua argitaratu zen. Liburu horretan egin ziren basakeria guztiak kontatzen dira: hilotzak bortxatu, putzu ilunetan ezkutatuz salbatu eta atari guztiak propio erre (500). Horrez gain, Alavari eta Wellingtoni idatziriko gutunak agertzen dira, nahiz eta bukaeran sinadurak kendurik dauden. Miguel Artola historia katedratikoak argitaratu zuen Donostiako Udalak enkargatuta sarraskiaren 150. urteurrenean.
Beste liburu bat ere bada, Quién incendió San Sebastián; liburu horretan sinadurak agertzen dira, baina Castañosi buruzko aipamenak kenduta daude. Haren atxiloketa Gomez Artetxe jeneral eta historialariak kontatzen du. Donostia berreraikitzea eta baita hiletak egitea ere debekatu egin zuten, ikaragarrizkoak izaten hasi baitziren. 1814an Donostiako Udalak 79 lekukoen aitortzak jaso zituen epaileen aurrean eta zazpi lagunek aipatzen dute Castaños jeneralaren ardura.
Sarraskiaren ostean tifusa zabaldu zen Donostian, eta 1814ko urrian udalak idatzita utzi zuen artxiboan erasoengatik eta izurriteagatik 2.000 donostiar hil zirela (populazioa 10.000 izanik). 1937an Gernika «gorriek» bonbardatu omen zuten…
Baina 1813ko Donostiako genozidioa Castaños jeneral espainiarrak agindu zuen. Donostiako sarraskiaren arrazoiak beste artikulu baterako utziko ditugu, baina sarraskiaren tamainakoak izango dira, jakina. Sarean eskuragarri daude aipatu diren dokumentuak.
Berria