Donostia 2016ko zuzendariaren aukeraketak polemikatxoa sortu du, aukeratuak ez baitu euskaraz hitz egiten. Gaur egun atzizki txikigarriak edonon eta edozertarako erabiltzeko dagoen ohitura gustatzen ez bazait ere, kasu honetan ezin baino aproposagoa iruditzen zait polemikaren ordez polemikatxo hitza idaztea: azken finean, oso jende gutxi kexatu da. Alderdi politiko gehienak mutu gelditu dira, oposizioa egiteko edo-zein aitzakiari etekin atzeratzeko dagoen tradizioari muzin eginez; egia da ezker abertzaleak protesta egin duela, baina, benetan, oso protesta epela izan da ezker abertzalearen tradizioari begiratzen badiogu. Eskerrak iritzi-emaile batzuk agertu direla han-hemenka oso kritiko hedabideetan erabakiaren garrantziaz jabeturik. Erabakia, baina, hartuta dago.
Europako zein lekutan gerta daiteke hemen gertatu dena? Irlandan, jakina, irlanderak balio sinboliko handia du baina balio praktiko gutxi. Maltan? Agian, maltera eta ingelesa dira bertako hizkuntza ofizialak eta malterak hiztun gutxi du. Ez zait beste estaturik bururatzen. Badakit Bruselak ingelesa ezinbestekotzat jotzen duela postu horretarako eta ados egon naiteke eskakizunarekin, baina, oi kasualitatea, ez da aukeratu ingelesez bakarrik hitz egiten duen pertsonarik: hori gertatu izan balitz polemikatzarra izango genuke, ez polemika, ez polemikatxo.
Ni euskara ikasten ari den jendearekin gogoratu naiz egunotan: euskaltegi, hizkuntza eskola eta abarretan ehunka lagun dabiltza tituluen labirintoetan lanpostu bat lortu nahi dutelako. Zer pentsatuko dute Donostia 2016ko zuzendariarekin gertatu denaz? Lanpostu arruntak lortu nahi dituzten jende arruntek euskara jakin behar dutela eta, aldiz, goi-karguetarako euskararenak ez duela inolako garrantzirik? Euskaltegietako matrikulazio-kanpaina adoretsuak eszeptiko ikusten ditut orain penaturik, eta euskararekin bizi dugun simulakroa inoiz baino argiago agertu zait. Eta abertzaleek euskara patrimonializa-tzen duten kontu hori zaharkitua gelditzen ari da, ezta? Hizkuntza hiztunen esku dago. Bakarrik gaude.
Rikardo Arregi
Deia









