Curriculum integratzailea, non integratzeko?


Euskal curriculum osoa eta integratzailea izenburupean Ramon Zallo jaunak www.euskalherrirakocurriculuma.org webgunean argitara emandako ekarpena irakurri berri dut. Hona hemen nire hausnarketa.

Has gaitezen adostasunetatik. Bat gatoz Euskal Herrian dagoen kultura bakarra ez dela. Hiru daude. Zientifikoki hitz eginez, eta geografiatik kulturaraino joanik, hiru ardatz ezberdinetan egituratua baita: Espainia ardatz, Frantzia ardatz, eta Euskal Herria ardatz dituzten kulturak. Lehenengo biak estatu bakoitzetik gaurkotuta, babestuta, hedatuta. Euskal kultura, ordea, osatzeke eta egituratzeke.

Bai, euskal tradiziozko kulturaren zantzuek ezkutuan edo artxiboetan diraute. Bizitzarako, gizarterako eragin emankorrik gabe. Beraz, soziologikoki hutsaren hurrengoa dena. Kuxkuxero batzuek izan ezik, inork ez ditu oraindik sistematikoki eusko kultur gaiak sailkatu eta egituratu. Ez teorian, ez eta sozialki ere.

Nola antolatu euskal curriculum pedagogikoa euskal kulturaren Corpusa oraindik trinkotzeke badugu? Bada, Corpusa antolatzen. Ikastolen Federakundeak antolatutako Batzordeak argitu, bideratu eta adituen ekarpenez osatutako txostena argitaratu zuen, Adituen txostena izena hartuta.

Kexu agertzen zara elebidunak zirelako hautatu ziren adituak. Oinarriak finkatzeko, nola bestela? Izan ere, Euskal Herriko giro kulturalean erdarazkoak baditu bere euskarriak bibliografian, hedabidetan edo fakultatetan. Eskas eta herren dagoena euskarazkoa da. Nola integratuko ditugu erdaldunak, non integratzerik ez baldin badugu? Ulertzen gakoa non dagoen? Ala zure helburua da euskaldunak auzokoen etxaldetan integratzea? Euskal Herria ez den beste edonon heziketa oinarritzea? Hori izan da bi estatuen orain arteko plana eta kontrako norabidean zihoana… Oraintxe zuk zureganatuta?

Ez naiz eskatzen ari Espainiako kultura haientzat, edo beren haurrentzat atxiki dutenak euskaldun bihurtzea. Egin dezatela nahi dutena. Espainian edo hemen ere. Kultura ez da inposatu behar. Eskaintzea bai, egokia da, baldin badago zer eskaini. Euskal kulturaren Corpusa, alegia. Xede horrekin bideratu genuena izan zen 16 urteko neska-mutil euskaldunak ukan beharko luketen ezagupena. Euskaldun izan nahi duten haiek, eta beren seme-alabek, hautu hori izan dezaten, Espainia ardatz edo Frantzia ardatz duten kulturazaleek duten bezala. Beraz, euskaldunen arteko lana, euskaldunen zerbitzurako lehenik eta, label horrekin egina zegoela jakinda, geroxeago, gure kulturan interesaturik legokeen edonorentzat.

Euskal Herriaren egoera ezagututa, zalantza izpirik ez genuen gure txostena, euskaldunona, ofiziala ez zela izango. Are gehiago, euskaldunok elebidun (gutxienez) izanik, ahaleginak egin beharko genituela gure artean kultur gai bakoitzaren ardatza Euskal Herrian finkatzeko eta balizko euskal kultura metafisikatik gaurko errealitatera ekartzeko. Prozesua, noski, euskaldun guztiei irekita (herrialdeko sentsibilitateak, ezker/eskuineko ideologiak, belaunaldiak, eta abar nahiko desberdinak izanik), lanean parte har zezaten, bakoitzarena eta guztiona litzatekeen emaitza lortzeko asmoz.

Prozesuan lehen harria zena, «dokumentu kezkagarria» omen da zure ustez. Anjeles Iztuetarentzat, aldiz, benedikagarria izan zena. Zure lana serio hartzeak ez zaitu eraman behar ondorioztatzera besteen lanak serioak ez direla. Euskal kultura akabatzeko falta zitzaiguna: ordezkari politikoaren araberako euskal curriculuma izatea. Historiatik jasotzea, gaurko egoerara egokitzea eta etorkizunera bideratzea ez da egitarau erraza. Ez da behin-behineko politika, kultur bizitza iraunkorraren bideragarritasun karta baizik.

Non sartu zaren, gaia zein genuen eta solaskideak zein gaituzun argitu ondoren, goazen orain, beti laburki, zure idazkira, 4. puntura hain zuzen. Bertan diozu Euskal Curriculuma izenaren ordez nahiago duzula Euskal Herriaren Curriculuma. Hori bai dela utopikoa (hiritarrena, ez euskaldunona) Euskal Herria estatua ez den artean. Bitartean, kontura zaitez, mesedez, bestearen ordez, Euskadiko (izena jarri ziona hanka atera dezan arte), alegia, zure Erkidegoko plana izan daitekeenaz ari zarela.

Jartzen dizkiozun helmugak: «eskolaratzearen bukaeran ikasleriak ezagutza edukiei dagokienez zera lor dezan:

a) Egungo munduko hiritar baten beharrezko ezagutza tekniko-zientifikoa eta instrumentala jasotzea».

Uste duzu 3-16 urteko pertsonagai bati lehengo eta behin eskolak eman behar diona hori dela? Zuk azpimarratutako kontzeptuak, gainera, tekniko-zientifikoa aski ez balitz «instrumentala» ere izatea, gogorregia zait: eskola hozkailuarena, robotika. Gizakiarena ez behintzat. Politika ekonomiko zehatz baten langile instrumentalak lortzeko ote? Horrelako sisteman sartuko den ikasleari nork, noiz, nola emango dio bizitzaren nondik norakoa, «nor» izatearen ardura, «gu-a» eta «haiek-a» begirunez ulertzeko beta, giza baloreetan hezitzeko giroa?

«b) Natura, geografia…» Ongi iruditzen zait bigarren multzoan sartzea ezagupen esparru horiek, baldin eta lehena jarri duzun multzoa, a) alegia, azken posturaino atzeratzen baduzu.

«c) Eta munduko beste edozein herritan egiten den bezala unibertso, Europa eta ondoko kulturen, espainola zein frantsesa, erreferentziei bertako erreferentetik heltzea». Zerk kezkatzen zaitu? Espainola eta frantsesa ez ditugula ezagutuko? Norabide batean polarizatuta ematen duzu.

Begira, uste dut euskaldunok XXI. mendean Europatik zer ekarri galderari, norberak erabakitakoaren arabera erantzun diezaiokegula lasai. Euskal Herritik Europari zer eman, aldiz, ez da batere argi. Ez baldin bada Europan antzinakoena den hizkuntza, ohiturak, legeak europar guztion ondare gisa mantentzea eta, une berean, gure euskal nortasuna gaurkotu eta irekia eskaintzea. Beraz guk eta haiek zer behar dugun galderari erantzuteko prestatu behar dugu. Zer interesatzen zaio Europari? Euskal gazteak zertan hezitzea komeni da: ekartzean edo eramatean?

Beraz, argi gera bedi zure egitasmoa ez datorrela bat euskaldunon artean erabakitakoarekin. Izan ere, gureak ez baitu zuenak dituen ardura, bitarteko, giza baliabide, bezero eta helburu berberak. Eusko Jaurlaritzak euskaldunon Curriculuma lagundu nahi badu, egokiena, nire iritziz, berau diru ugariz laguntzea du; azkarrago egin dezan bidea.

Nire ustez, aurrean duzun lana bestelakoa da, ez zure idazkian agertzen dena.

– Negatiboki: besteek egindako lana ez kritikatu, ez bonbardatu, besteena da, ez zurea. Onartu bere neurrian, konplexurik gabe.

– Positiboki: Frantzia, Espainia eta Euskal Herriak dituzten curriculumetatik zer interesatzen zaion hemengo biztanle multzo identitario bakoitzari aztertu eta hiritartasunean (ez herritartasunean) oinarritutako plana demokratikoki antolatu. Kontuz inguruan zuk elikatutako beleekin…

– Neutroki (ahal duzun neurrian): konplexurik gabe, euskaldunon txostenetik egokien deritzozuna hartu eta plan ofizialean txertatu. Bide honetan lagun gaituzula argi gera bedi.

Euskaldunen aldetik, ni tanta bat besterik ez naiz sentitzen itsaso honetan. Ea epe laburrean, jende aunitzek lan handia egin ondoren, euskal Curriculuma eskaintzeko gai garen.

Ez dizut esango aurrean duzuna lan erreza denik. Ez euskaltzale, ez Espainiazale direnekin. Baina tira, badakizu politika zer den eta guk ere bai. Lan honetan gakoa dugu kultura zer den berdin ulertzea. Hori lortuta, bidea elkarrekin bukatuko dugulakoan nago. Zorte on!

Publicado por Nabarralde-k argitaratua