Irudia. Ezkerraldean, Irulegiko inskripzioa ateratzen laborategian, estaltze geruza erdi kenduta. Eskuman, Iruña-Veleiako IR13371 ostrakona, inskripzioaren ildo gehiena geruza karbonatikoz estalita / Iturriak: Nafarroako Gobernua eta LURMEN hurrenez hurren
Euskarari beldur diote gure adituek, hirugarren mailako hizkuntza izatea nahiago baitute, hots, atzokoa, orain dela gutxi inbaditzaile batzuek ekarria, eta gutxiengo batek hitz egiten zuena (arrunta, gaurko egoera). Hori da gure intelligentsiak, Estokolmo sindromepean, gaur egunean defenditzen duena. Gure arbasoak ez baitziren euskaldunak, benetako hispanoak baizik (indoeuroparrak). Zorionez, hori ez da oztopoa unibertsitatean euskaragatik lanpostu multzo bat justifikatzeko. Euskararen alde askok egiten duena teatro hutsa da, itxura besterik ez.
Denbora aurrera doa eta euskal filologoen arrakasta erabatekoa da, kontuan hartu gabe zientziarekin konprometitutako filologo argi batzuk. Boterearen inguruko filologoek hasieratik zeukaten ideia, justifikaezina zena justifikatzeko, praktikara eraman dute: Iruña-Veleiaren kasuan eztabaida zientifikoa ukatzea eta baztertzea. Ondotxo ezagutzen dut, hori azaldu baitidate, lerdea dariela, nire artikuluak baztertzearekin batera. Erromatar aldiko euskal ostrakak existitu ez balira bezala, haien arteko % 90 sententzia judizialean sartuta ez badaude ere eta, beraz, legezko diagnosirik gabe badaude ere. Izan ere, eztabaida zientifikoak larru gorritan utziko lituzke filologoen ekarpen hutsalak. Ez dut ukatu nahi horiek gezurra kazetarien eta epaileen bidez gizarteratu dutela; ezinbesteko metodoa herritarrok zentzugabekeriak onar ditzagun.
Ez dago dudarik beste euskal ikertzaile batzuen laguntza izan dutela, egitez edota ez-egitez. Goi postuetan daudenek ez dituzte zalantzan jartzen kideen kontuak, korporatibismoa gauza guztien gainetik baitago — Estatua bezala –, hots, egiaren gainetik (Estatu Arrazoia deitua).
Filologoen jarrera zientziaren aldetik onartezina da. Baina, txarragoa dena, filologo ez direnek ezer ez egiteak ez dauka zentzurik eta erantzukizuna guztien artean partekatzen dute. Beraz, egoera horretan sartuta daudenek (historiadoreek, arkeologoek, intelektualek) euskal intelligentsiaren ikuspegi zehatza ematen digute: barregarria da, erabat alferrikakoa. Hori, bai, berdin litzateke existituko ez balitz.
Eskerrak politikariak aukeratu egin ditugula, hau da, pertsona ezgaiak eta ustelduak (salbuespenak salbuespen), edo zenbait kontseilari behar dituztenak, aholkuak entzunda azkenik ezer ez egiteko. Diputatu eta kontseilari mota horien zerrenda ezin luzeagoa dugu. Ahalmen pertsonala eta sen ona bakarrik behar dira arazo bati irtenbidea bilatzeko, baina, ehundaka politikari eta kontseilari urte hauetan gure begien aurretik pasatuta, ez dira gai izan ekintza ñimiñorik bultzatzeko, axolagabekerian jesarrita.
Carlo M. Cipolla historialariak (1922-2000) gako batzuk azaldu zituen giza ergelkeriaren inguruko entsegu bat plazaratu zuenean, ergelkeriaren legeak azalduz. Onartu behar dugu giza ergelkeria ahaltsua dela eta gai dela errealitatea mozorrotzeko edo eraldatzeko, izatez itsua baita, lerdoa. Are gehiago gaiztakeriarekin nahastuta; bikote gaindiezina osatzen dute, kultur arloan gure ibilbide pertsonalean Euskal Herri negargarri honetan ad nauseam jasan duguna.
Filologoek zientzia irauli dute, zentzua erabat kendu dioten arte. Izan ere, Iruña-Veleiako ostrakek ez dute arazo filologikorik sortzen, hasiera-hasieratik arazo arkeologikoa baita. Filologoak ez dira nor faltsuak direla esateko mezua interpretatuz bakarrik. Horrek ez dauka baliorik aurretik ikerketa egiaztatzeko indusketa arkeologiko berririk burutu gabe. Ikertzaile batek pentsatzen baldin badu ostrakak faltsuak direla, metodo arkeologikoaren bitartez demostratu behar du. Bitartean, ostraka horiek objektu arkeologikoak dira, aztarnategi baten geruza batean aurkituak izan direnak eta, item arkeologiko bezala, BENETAKOAK. Pentsamendu irrazionalak soilik, giza ergelkiaren isla zuzenak, edo baliorik gabeko bihotzaldiak, har ditzakete ostrakak faltsutzat azterketa hori egin gabe. Baina ikertzaileek ezin dugu zientzia sinesmenaren azpian egoterik onartu, are gutxiago filologo batzuen handiusteak bermatzeko.
Hori gutxi balitz, filologoen argudioak maltzurkeriak besterik ez dira. Ez baitute interpretatzen ostraketan idatzita dagoena, idatzita ikusi nahi dutena baizik. Eta hori ez da prozedura zientifikoa, ez da ezer, ez bada ergelkeria eta harrokeriaren ondorio zuzena. Adibideak asko dira, esate baterako, “denog” edo “denok” idatzi zela, eta ez idatzita dagoena, DENOS. Edo “Descartes”, eta ez idatzita dagoena, MISCART. Edo “RIP” idatzi zela, epaiketan demostratuta geratu zenean ez zirela hitzak idatzi, hiru marra baizik, santutasuna zehazteko. Edo “galimatías” idatzi zela, eta ez GALIMATEA, AB ARIMATEAtik sortua. Eta kaikukeria-segida luze-luzea da.
Egia da filologoek zelata egiten dutela, aurrekoez gain haiek erabilitako zenbait sasiargudio ez baitira filologikoak, historikoak baizik. Horretarako, historiadore batzuk gaizkideak izan dira, ergelkeria kutsakorra baita edo, hobeto, ergelek elkar ezagutzen dutelako eta prest daudelako laguntzeko.
Amorrua edo pellokeria baita esatea euskara XVI. mendetik aurrera ezagutzen dela, aurretik ezinezkoa balitz bezala; zehaztu gabe euskal izenak Erromatar Inperioaren lehen bi mendeetan aurkituak izan direla, iparraldean zein hegoaldean. Edo, euskaraz idazteko, aurretik araudi normalizatua beharrezkoa zela, jakinda Akitanian ez zela hori gertatu. Edo ez dela posible euskaraz garai hartan idatzi izana, aipatu gabe latindar alfabetoaren bidez inguruko hizkuntza guztiak idatzi zirela, galoa, iberiarra eta keltiberoa, besteak beste.
Tamalez, ez da iragan negargarri hori bakarrik. Horrela jarraituko dugu goi ikerlari horiek hil arte, gure politikariak eta administrazioko teknikariak ezgaiak baitira eta ez baitute ezer egingo arazo horri aurre egiteko. Gehienez, txalotu egingo dute goi ergel horiek plazaratuko dutena.
Baina ozenki esan behar da: Irulegiko testua euskara zaharrez idatzita baldin badago, eta horrela dirudi EHUko zenbait elite-ikerlarik azaldu ez badute ere, Iruña-Veleiako ostrakak faltsutzat emateko zenbait sasiargudio ezerezean geratzen dira. Eta haien artean erabilienetako bat da ez zirela mezuak ikusi ostrakak estratutik ateratzeko unean. Hori gezur hutsa da eta kasu batzuk frogatu dira. Baina, horretaz gain, frogatu da Irulegiko testu idatzia ez zela ikusi objektua lurretik atera zutenean (ikusi ezkerreko irudia, Nafarroako Gobernuarena). Izan ere, Iruña-Veleiako ostraka gehienetan bezala, geruza karbonatikoz estalita baitzegoen inskripzioa (ikusi eskumako irudia, LURMENena). Beraz, Irulegiko testuak argudio zehatza eskaintzen du Iruña-Veleiakoak balioztatzeko. Batek besteak baliozkotzen ditu, besteek bat baliozkotzen dute.
Egia esan, ez da hori beharrezkoa, irizpide ugari baitaude Iruña-Veleiako ostrakak erromatar garaikoak direla frogatzeko, ikerlari batzuek azaldu duten bezala (besteak erantzuteko gai ez izanik). Lehen irizpidea, eta filologoen partetik erantzunik gabekoa, arkeologikoa da. Azterketa arkeologiko berria egiten ez den bitartean, ostrakak benetakoak dira, arkeologia baita objektu idatzien autentifikazioa eman behar duen zientziaren lehen pausua eta agian funtsezko bakarra.
Eta ageriko askoren arteko beste bat da eztabaida zientifikotik kanpo uztea ostraken autentifikazioa. Badakigu zergatik gertatzen den. Izua diote eztabaidari, ergelkeriek ez baitute ahalmenik zientziaren parean. Hori bai, kontrol intelektualari esker ikerketa sine die gelditu dute. Eta horri esker eztabaida atzeratuko da, baina atzeratzen den heinean filologoen erridikulua handiagotuko da. Tamalez, agian ez dute ikusiko (patuari eskatzen diogu hori ez gertatzea, arren).
Guk inakzioa gainditzea eskatzen diogu eliteari; eta azterketa arkeologikoa erakunde publikoei, Iruña-Veleian dauden eremu batzuetan, euskal ostrakak eman zituztenetan. Beldur naiz giza ergelkeria ez ote den gai izango, gaur arte gertatu den moduan, edozein ekintza galarazteko. Filologo itsu horien sasizientzia izango da irabazle?
Bitartean, benetakoak diren erromatar ostrakak faltsutzat ematea izan daiteke mundu mailan dagoen giza ergelkeriarik handienetarikoa. Euskaldunek giza ergelkeriaren kronikan ohore postua izango dute, gezurra gizarte osora goitik, instituzioetatik, zabaldu izanagatik. Eta ez daukat dudarik Carlo M. Cipollak, kasu hau ezagutu izan balu, beste lege batzuekin aberastuko zukeela bere lana. Gu zain gaude, ea beste ikertzaile batek egiten duen eta horren bidez euskal lotsa kolektiboa murriztu daitekeen. Gaur egunean euskaldunen memoria historikoa desagertuta dago, euskaldunek beren burua Historian aitortzeari uko egiten baitiote. Hori da desagertzearen azkenaurreko pausua, ondo merezia, berezko ibilbidea baztertzeagatik.
Nola egin aurre egoera honi? Ez dago erantzukizun publikoa duen pertsona bat ere zentzu komuna aplikatzeko gai kasu honetan? Euskaldunok biluzik eta babesik gabe gaude goi mailako memelo horien pean? Ez dago ezer egiterik? Inakzioa eta gezurra izango dira irabazle betiko? Galduta gaude euskaldunok, ezerezean, gure gidariak ergelak badira.
Ergelkeria eta ezgaitasuna argi eta garbi islatzen badira historio honetan, osagai bat besterik ez da geratzen bikote suntzitzaileari gehitzeko, gaiztakeria. Azken horrek aurpegi berezia eskaintzen du, hutsalkeria, Hannah Arendt filosofoak (1906-1975) erakutsi ziguna, eta horren atzean mediokritatea, mendekotasun itsua eta modu autonomoan pentsatzeko gaitasun eza baitaude. Bada gai, ordea, beste batzuk etsaitzat identifikatzeko eta haiei gizatasuna ere ukatzeko, gezurra egia bihurtuz.
Deshumanizazio prozesu horretan, ergelkeria, ezgaitasuna eta gaiztakeria, hirurak txirikordatzen dira gizaki aktibo, zuhur eta enpatikoaren etsipenerako. Baina gainazaleko gaitz horren aurrean, enzefalograma laua erakusten duen horretan, banakako erantzukizuna azalduko dugu: guk ez dugu inoiz etsiko, biktima eta borreroa betiko bereiztuko ditugu.
https://independentea.eus/cipolla-giza-ergelkeria-eta-iruna-veleiaren-kasua/










