Nafartarrak Kultur Taldeak, Udalak eta Nabarraldek antolatutako ekimena izango da aurtengoan ere. Lehenengo hitzaldia hilaren 18an izango da Sutegin, ‘Estatu independiente baten bideragarritasuna’ eta Oxkar Arantzabal izango da hizlaria
Herriko Nafartarrak kultur elkarteak, Udalak eta Nabarraldek antolatuta, ‘Burujabetza eta estatalitatea’ri buruzko hitzaldiak izango dira martxoaren 18an hasi eta ekainaren 17a bitartean. Atzo eguerdian udaletxean aurkeztu zuten ekimen hau eta aurtengoan, egungo egoeraren inguruan balizko burujabetza irudikatuta aspektu desberdinetan hausnarketa desberdinak egiteko aukera eman nahi izan dute. Aurten bost hitzaldi antolatu dituzte, Sutegin guztiak, eta dohakoak izango dira.
Martxoaren 18an, ostegunean, izango da lehenengo hitzordua Sutegin 19:00etan. ‘Estatu independiente baten bideragarritasuna’ izenburupean Oxkar Arantzabal izango da hizlaria. «Euskal gizartea garai berezia iragaiten ari da, inflexio garaia. Eragiten duten krisiek norabide aldaketa sakona marrazten dute; ekonomia mailan, ekoizpen sisteman; nazioarte mailan, globalizazioan; politika mailan, aro luze batean bukaera». Etorkizuneko aukera gisa Estatu burujabe baten b ideragarritasunaz hausnartzeko aukera izango da hitzaldi honetan.
Apirilaren 15ean, ostegunean, Globalizazioaz jardungo da Txente Rekondo. «Munduko gizarte sistemaren elkarrekintzak mundu globalizatu batera garamatza. Alor guztietan: ekonomia, migrazioak, kulturaren industria… Estatu gabeko nazioek joera homogeneiza-tzaileei aurre egin behar diete, ez baitute, hain justu, Estatu baten egiturak ematen duen babesik eta baliabiderik».
‘Ekonomia krisia’ izango da hizpide maiatzaren 13an izango den hirugarren hitzaldian Joseba Tobar Arbuluren gidaritzapean. «Ekoizpen modeloaren krisiak, sakona izateaz gain, alderdi itzulezinak erakutsi ditu. Finantza-burbuilaren eztandaren eta etxegintzaren hondoratzearen ondotik, besteak beste, ezer ez da berdin izanen. Nola aholka daiteke euskal ekoizpen sarea, eraldatzen ari den ekonomia sistema batean?».
Laugarren hitzaldia gaztelaniaz izango da eskainaren 3an eta Koldo Martinez Garate izango da hizlaria. «Euskal gizarteak historian zehar sufritu dituen une kritikoetan (gerrak, inbasioak, krisiak, diktadura…) erakutsi duen biziraute gaitasuna eta birsortzearen arrazoietako bat bere kultura politikoan datza: bere burua antolatzeko gai-tsuna, ekintzarako indarra, talde izaera, elkartze-tradizioa… Ezaugarri horiek nortasuna ematen diote eta baliabide politiko ausarta».
Azkenik, ‘Asimilazio politikoa’ izango da mintzagai hitzaldi sorta hauetako azken saioan. Joseba Ariznabarretak hitzegingo du ekainaren 17an. «Ezin uka euskal gizartean nazio sentimendu handia bizi dela, eta aldi berean, zentzu kritiko errotua. Baina hala ere, mehatxu ta erasoei aurre egiteko gaitasuna asimilazio sakon batek mediatiza-tzen du. Euskal sistema politikoa ez da existitzen; espainiarraren apendizea b aino ez da (zer ez ote dugun esango Pirinioen bestaldeaz!); zoritxarrez, iruzurreko legalitate hori bazter utziz batzeko eta ekiteko formula ez dugu aurkitu».
Honela bada, aurtengoan hausnarketa egiteko aukera eman nahi izan dute Nafartarrak Kultur Taldekoek. Orain arte historia izan dute oinarritzat eta iazkoan Nafarroaren historiaren inguruan hamar hitzaldi antolatu zituzten, aurreko urteetan ere antzeko ekimenak antolatuaz. Aurtengoan historia atzean utzi nahi izan dute Jexux Agirresarobe taldeko kidearen esanetan.